Segundo Montes komunitatearen inguruko hitzaldia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ots. 12a, 11:38

Joan zen otsailaren 4ko batzarrean Villabonako Udalean adostu zen Amasa-Villabona eta El Salvadorreko Segundo Montes komunitatearen arteko anaitzea dela eta, hitzaldia eskaini zuten atzo iluntzean, 80ko hamarkadako gerrate zibil basatiaren ostean, bertako egoera gertutik ezagutzen duten Mikel Arrastoak eta Juanma Balerdik, Mintzola etxean. Ez zen jende askorik gerturatu baina, Zizurkil herriak bultzatuta, Euskal Fondoak Ertamerikako lurralde gatazkatsuan egindako lana ezagutzeko, oso hitzaldi interesgarria izan zen. Segundo Montes komunitateko argazki erakusketa ikusgai egongo da Gurea zinemako sarreran, otsailaren 13a arte.

Aiztondo bailaran Zizurkil herria anaitu zen lehenengo El Salvadorreko komunitatearekin, 1993 urtean. Gerora Asteasu eta Aduna gehitu zitzaizkion egitasmoari eta berriki, baita Amasa-Villabona ere. Eta noski, orduan eta udaletxe gehiagok erakutsi babesa, orduan eta laguntza handiagoa eskaintzeko aukera izango da, Euskal Fondoaren bidez. Orain artean, besteak beste, bi urtegi jarri dituzte abian Euskal Fondoak eta Zizurkilek. Hezkuntza sisteman ere lagundu dute eta horren seinale da, Zizurkilgo Pedro Mari Otaño nahiz San Millan ikastetxeak hango ikastetxe batekin anaituta egotea. Eskualdeko herrien artean haur eskoletako baratzeak garatzeko laguntza eskaini nahi dute aurrerantzean. Hizlariek bi herrien arteko elkartasuna bizirik mantentzea oso garrantzitsua dela azpimarratu zuten eta baita hara bidaltzeko dirua biltzeko ekimenak garatzen jarratzea ere. Martxoan Aiztondoko hainbat ordezkari joango da Segundo Montesera eta handik hona etorriko dira gero. Dudarik gabe, bizipenak elkartrukatu eta bizimodu ezberdinak bertatik bertara ezagutzeak ere aberastu egiten duelako.  
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!