Arantxa Goenaga, Urnietako pilotaria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ots. 6a, 12:18

Karmele Urbistondo eta Sare Esnalekin batera, Arantxa Goenagak Emakumea Pilotari txapelketari ekin berri dio. Gustura, haien kirol modalitate gogokoenean aritu ahal izateagatik.

Emakumea Pilotari txapelketa hasi berri duzue. Zer moduzkoa izan da estreinaldia?
Arantxa Goenaga:
Aginagan jokatu genuen. Nahiz galdu, hasiera polita izan da. Aurkariak hernaniarrak ziren, Garazi eta Leire. Elkar asko ezagutzen gara, elkarrekin askotan entrenatu izan dugu. Lehia polita izan zen.

Txapelketaren nondik norakoak azal itzazu.
A.G.:
Aginaga eta Anoeta artean jokatzen dira partida guztiak. Lau multzotan banatuta gaude. Bakoitzean bost bikote gaude. Astebururo batek atsedenaldia du. Multzo horretan denen aurka partida bana jokatuko dugu. Lehen bi sailkatuak hurrengo fasera igaroko dira. Martxoko lehen hamabostaldian amaituko da txapelketa.

Helmuga konkretu bat finkatu ohi duzue?
A.G.:
Normalean helburua, niri dagokidanez, gozatzea da. Partida bakoitzean zerbait ikasi, ondo pasa eta kirol pixka bat egiteko aukera ona izaten da. Hortik kanpo, irabaziz gero ondo. Partida txar bat jokatu eta partida irabaz dezakezu, edo norgehiagoka on bat jokatu eta galdu. Nik bigarrena nahiago lehenengoa baino.

Urtean zehar, zuen kirol gogokoenaz gozatzeko nahikoa aukera duzue?
A.G.:
Etxarri-Aranatzen, ESAIT-ek Oiartzunen antolatutakoan, Igarako txapelketan... Beti egoten da zerbait. Partidak pizgarriak ere badira, entrenatzerako garaian.

Inguruko herrietara mugitu beharra izaten duzue entrenatzeko.
A.G.:
Federaziotik dugun laguntzaren bidez hamabost egunean behin Irurara joaten gara, ezker hormako teknifikazioko prestakuntza jasotzen dugu ordu eta erdiz. Hamabost egunetik behin baita trinketako entrenamenduak izaten ditugu. Niretzat oso ondo daude, baina aldi berean gutxitxo dira. Dakitenentzat akaso astuna izango da, baina gutxi dakigunontzat ikasteko aukera eta ondo pasatzeko beste modu bat da.

Parte hartzeari begira zer nolako mugimendua dabil?
A.G.:
Gipuzkoako Federazioan 35 bat egongo gara, 45 urtetik 13 urtera artekoak. Belaunaldi bat badago urte mordoa daramana, 30 urteko gora doazenak eta gero Hernanin gazte koadrila dezentea dago, ziurrenik inguruan dagoen handiena. Oso giro polita dago.

Emakumea eta esku pilota lotzea zaila al da oraindik?
A.G.:
Pilota mutilei lotutako kirol modalitatea da. Neskei lotuta, irakatsiko dizun norbait behar duzu, txapelketa sortzea zaila da jendea behar baita... Dena katean doa. Azken urteetan Federaziotik bikote dezente daude, bultzatzen ari dira pixkanaka, baina zaila da. Badakit Hernanin gazte batzuk badaudela, Gasteiz aldean ere, Nafarroan Oberenan ere badaude. Baina oraindik oso multzo txikia da.

Zuen aldeko apustua egiten dela nabari duzue?
A.G.:
Federazioaren aldetik, jende multzo bat mantendu nahi dute eta jarraipena egin nahi dute. Eta jendea nahi dute txapelketan parte hartzeko. Eskaerak entzun egiten dira eta aldi berean, aurten ordu eta erdiko teknifikazioa lortu dugu hamabostero. Eskertzekoa da. Zeure aldetik bakarrik entrenatzera joan edo dakien norbaitekin entrenatzea, aldea dago.

Lesio eta guzti iaz. Horrez gain, zuentzat 2008a nolako kirol urtea izan zen?
A.G.:
Hirurok parte hartu genuen ezker hormako txapelketa irekian eta trinketekoan. Esperientzia positiboa izan zen. Parte hartzeak berak asko balio baitu eta erronka txiki bezala, trinketeko bigarren mailako txapelketa irabazi genuen. Ez genuen espero.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!