Bidegorriak zeharka kaltetzen dituen bizilagunen kexa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ots. 6a, 12:15

Bospasei baserrietako eta etxeetako bizilagunak dira guztira. Bi arrazoi darabilte haserre egoteko: bidea nola asfaltatu den eta bazterretan jarri diren egurrezko hesiak. Udalak hartutako erabaki horiek gauzak konpondu beharrean gauzak zaildu egin dituztela uste dute. “Hasieratik guregana kontsultatzera etorri izan balira, gauzak egokiago egin ahal izango lirateke”.

Era horretan, trakestu egin omen da arrazoi batengatik nahiz besterengatik bide hori erabiltzen dutenen segurtasuna. “Ezagutzen dugu bide honetan gehiago ez ibiltzea erabaki duen pertsonarik, segurtasun eza dela eta. Trentxikiko zati honetan bizilagunok eta oinezkoek denok behar dugu eduki tokia, baina gauzak ondo eginda”.

Arazoak huskeria dirudien arren, bere eragina dauka bide zati horren egunerokotasunean. Kontuan hartu behar baita herritar asko direla paseoan ibiltzen direnak, gora eta behera, Trentxikiko bide zati horretan. Gainera, Plazaolako bidearen lehen zatia denez, Andoaingo herrigunetik gertuena dagoena alegia, adineko jendearen gustuko lekua ere bada horixe.

Bidea estutu
Orain bi urte bidea asfaltatu zenean, estutu egin zela diote. “Hiru metro eta gehiagoko zabalera zuen bidea, bi t’erdira murriztu zuten orduan. Eta horrez gain, 10 zentimetroko koska utzi zuten alde banatan”.

Erabaki hori denon kalterako izan omen da, “autoan goazen bizilagunek eta bidean oinez doazenek topo egiten dugunean, normalki oinezkoek bazterrera jotzen dute. Derrigorrez, bide ertzera baztertu behar izaten dute. Maiz gainera, putzutan sartzen dira; eta hori inori ez zaio gustatzen”.
Autoaren abiadura motela zaintzen duten arren, ekidiezina da egunean zehar autoek eta oinezkoek maiz topatzea, eta halakoetan ezusteko ez atseginak ere izaten dira.

Egurrezko hesiak
Azken asteetan Udalak bide bazterrean jarri dituen egurrezko hesiek areagotu egin dute polemika. “Ondo erreparatzen bada, hesiek asfaltoaren parean jartzen direla ohartzen zara; beraz, bideari zerbait jaten diote”.

Arriskuak handitu egin direla uste dute, beraz. “Oinezkoa auto batekin aurrez aurre ikusten zenean lehen alde batera edo bestera jo zezakeen. Orain, hesien aldera ez baizik eta beste aldera baztertzen da; argi dago hesia eta autoaren artean geratzeko beldurra sentitzen duelako dela hori”.
Hesiak Trentxikiko zein zatitan jarri diren ikusita, hor ere badute zer kritikatua bizilagunek. “Konforme gaude tokiren batean edo bestean hesiak jartzea, ertzean malda arriskutsua dagoenean. Kontua da inongo beharrik ez zegoen tokietan ere jarri dituztela!”.
Irtenbidea, logikoa eta erraza ikusten dute: “bidea ahal dena zabaltzea proposatzen dugu, asfaltatuz. Leku askotan posible da aukera hori”.

Tunela ere, arazo iturri
Plazaolako lehenbiko tunel txikian egindako hobekuntzak ere arazo iturri ikusten dituzte. “Hormigoia bota zuten lurra zentimetro asko altxatuz, eta sabaiari ere hormigoizko pasada bat eman zioten. Txikitu egin zuten era horretan tunela. Altzairuak, animaliak… garraiatuz lehen pasatzen ziren kamioiak, orain ezin kabiturik geratzen dira”.

Beste mota bateko kezka ere sortzen die tunelari emandako neurri berriek: “Gure etxeren batean sutea gertatuko balitz, nola hurbilduko lirateke suhiltzaileak?”.

Azken batean, bizilagunek bi ideia errepikatzen dituzte behin eta berriro: “batetik, argi daukagu Trentxikiko bidea guztion ondarea dela eta guztiok daukagula harekin gozatzeko eskubidea; eta bestetik, ez zaigu iruditzen kontu hau oinezkoen eta ezinbestean autoa erabili behar dugun bizilagunon arteko gatazka bezala ikusi behar denik”.

Bi gogoeta horiekin batera, elkarrizketarako deia luzatzen dute, “Dauden arazoak konpondu litezke, eta gu prest gaude udalarekin eta bere teknikariekin hitz egiteko, irtenbideak bilatzeko”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!