Larunbatean Goikoplazan bildu ziren herritarrek

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ots. 6a, 10:47

Larunbatean Goikoplazan bildu ziren herritarrek aldaketa politikoaren aldeko hitzak izan zituzten, “Hainbat gara Andoainen bizi dugun marko politikoa agortuta egonik, demokraziaranzko aldaketa batean sinisten dugunok. Nahi eta behar dugulako, eta eskubidea dugulako”.

Ezker abertzaleak pairatzen duen salbuespen egoera gainditu eta “demokrazia zerotik, demokrazia 3 miloitara pasatzeko borondatea dugu, eta borondate horrekin martxoaren 1eko hauteskundetan salbuespen egoeraren aurka eta baldintza demokratikoen alde ekitea deitzen diegu andoaindar guztiei”.

Zailtasunak zailtasun, D3M hauteskundeetan egoteko lortutako babesarekin harro agertu ziren Andoaingo ezker abertzaleko ordezkariak, “18.000 sinadura eskatu genizkizuen, eta zailtasun guztien gainetik 47.337 eman dizkiguzue”.

Alderdiaren legearen aurka ere agertu ziren agerraldi horretan, “gaur inoiz baino ozenago esan dezakegu, Alderdien Legeak porrot egin duela. Nahiz eta alderdi eta erakunde ugari legez kanpo utzi, porrot egin du ez baititu bere helburuak lortu, hau da, ezker abertzalearekin amaitzea”.

Jeltzaleei eta sozialistei ere kritika egin zitzaien, “PSOEk eta PNVk herri hau atzera begira jarri nahi dute, iraganera eraman nahi dute, hau da, Lizarra-Garaziren aurreko garaietara, Ajuria-Enearen garaietara. Eta PNVri eskatzen diogu garbi esan dezala PSE-EErekin paktatuko duen edo ez; esan dezala hori hauteskundeak izan baino lehen”.

Azkenik, D3M-k herria aurrera begira jarri nahi duela diote, “Herri hau atzera begira jarri nahi dutenen aurrean, aldaketa politikoari ekin eta etorkizunari begiratu nahi diogun uholde herritarra osatzeko asmoz parte hartuko dugu hauteskundeetan”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!