Udal batzarraldiaren erabakiak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ots. 6a, 10:45

LOKALAK, ETXEBIZITZA
Lokal komertzialak etxebizitza bihurtzeko ordenantza aho batez onartu zen azken osoko bilkuran. Ebazpena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialera bidali eta argitaratzen den egunetik zenbatzen hasita, hamabostaldia igarotzean indarrean sartuko da. Gobernu taldetik jakinarazi zutenez, ez da behin betirako onartutako ordenantza. “Eguneratu daiteke. Ikusi egin behar, denboran zehar egindako birmoldaketa hauek nola garatzen diren”, adierazi zuen alkate Mikel Izagirrek. Aurrerantzean, egokitzapenak egin behar badira, onartu berri den ordenantza berrikusteko aukera izango dela baieztatu zuten, adostutako testutik kanpo lokalak gera daitezke eta.

GASTUA MURRIZTEKO NEURRIAK
Garai txarrak dira gastuak pilatzeko, ezin hobeak ordea ahal den neurrian dirua aurrezteko. Udalbatzak behintzat modu eredugarrian aurkeztu zuen neurria onartu berri du. Asistentziagatik udal taldeek jasotako ekarpenen igoerak izoztuko dituzte. “Ez da kantitate handia, baina eredu moduan, ekarpen horiek dauden bezala utziko dira”, adierazi zuen Mikel Izagirrek. Oposiziotik, PSE-EE-k gobernu taldeak osoko bilkuran aurkeztutako neurria txalotu zuen. “Ados. Baina denean aplika dadila”, eskatzen zuen Herme Gonzalezek. Udal aurrekontuetan irizpide bera kontuan hartzea galdegin zuen.
Proposamena, aho batez onartu zuten udal ordezkari guztiek.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!