Antonio, Juan Joxe Garmendia Gorriti saskigilea eta Berastegiko Estefania Zestauren semea, saskigile familiaren jarraitzailea izan zen. Urnietan XX. mende hasieran 17 famili saskigile ziren, Antonio berak ere, zortzi ezagutu omen zituen. Orain, berarekin amaitu da Urnieta berezi egiten zuen langintza hau.
Hamaika urterekin hasi zen saskiak egiten, aitari lagunduz, eta 65 urtetik gora jardun zuen langintza horretan. Duela hamarren bat urte eraitsi zuten Idiazabal kaleko Pintore izeneko etxean izan zuen bizilekua eta etxabean lantegia.
80 urteak ondo beteta, Lekaion gaztetxoei saskigintza erakusten jardun zen urte batzuetan. Eta azken urteetan, osasunak utzi dion arte kalean zehar paseatzen ikusten zitzaion.
Duela 30 urte Xabier Amurizak honako bertsoa eskaini zion:
Urlia ta berendia
otargile Garmendia
munduan ere horren pareko
gutxi omen dia.
Adarran egunsentia
hain da artista handia
saski batekin estal lezake
Buruntza mendia.