EAJren hirigintza plana

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ots. 6a, 10:42

Maiatzean bi urte beteko dira plan urbanistikoaren dokumentua hasieraz onartu zenetik. EAJ-PNV udal gobernu taldean zela eman zitzaion behin behineko onespena. Arrazoi desberdinak tarteko, ordutik hirutan zabaldu da alegazioak aurkezteko epea. Pasa den astean hiru zinegotzi jeltzaleek burututako proposamenak jendaurrean zituzten Lekaion.  
2007ko dokumentu bera defendatzen jarraitzen dutela adierazi zuten.

Hazkuntza sozioekonomiko jasangarri eta orekatu baten aldeko apustua egiten dute jeltzaleek. “Ezin dugu behar duguna baino gehiago hazi”, adierazi zuen zinegotzi Maribel Vaquerok, otsailaren 3an eskaini zuten prentsaurrekoan.

Proposamenen artean, Egape ikastolaren kanpusa eratzea legoke eta hezkuntza ingurunea, egungo kirol instalazioetara gerturatzea. Baita San Juan plaza oinezkoentzat soilik izatea ere. Beharrezko bezala ikusten jarraitzen dute, Urkainberriko, Miravalleseko eta Saletxe Berriko industri guneak, herriak behar dituen zerbitzuei aurre egiteko beharrezko diren diru sarrerak izan ditzan. Etxebizitza berriei dagokionez, beste alderdi batzuek proposatutako Lategi eta Oztaran, Ermotegi inguruak, eta abar okupatzeko planen aurka daude, eta ondorengo Plan Orokorretan garatzeko eremu libreak uztearen alde agertu ziren. Urraka auzorako sarrera tren geltokitik barrena egitea defendatu zuten, hau Hernani alderago eraman eta ondoan aparkaleku bat eginez. Beste bi aparkalekuen proposamena ere egin zuten; bat, Zelai Alde etxearen ondoan eta bestea, kasu honetan lurrazpikoa, Azkorte kalean gaur egun ikastolarena den eraikinaren patiorako.

Gainerako udal taldeekin biltzeko asmoa dute hil honetan zehar. Alderdiekin batera, herritarrekiko harremana ere estutu nahi dute, aurkezpen ekitaldiak izandako harrerarekin gustura baitaude.

MIKAELA ENEA
Urnietako EAJ-PNV-k argi du, Mikaela enea kultur ekipamendu ireki gisa baliatzeko asmoa proposatu izan du aspalditik. “Eraikina erreferente kulturalean bihurtzea”, Vaquerok zehaztu duenez. Barruan, liburutegia, ekitaldi zein erakusketa aretoak edota kultur departamenduko bulegoak izango dituena.

Ez dakite zer jarrera erakutsi azken hilabeteotan gaia hartzen ari den norabidearen inguruan. Udal gobernu taldeak herritarrei egindako galdeketa ulergaitza iruditzen zaie, erabakia hartuta eta aurreproiektua eskatua zegoela jakinda. Edozein kasutan, Maribel Vaquerok adierazi duenez gaia ezin liteke denboran luzatu, “aurkezten den proiektua aztertuko dugu”.

AURREKONTUAK
Urtarrilaren bigarren hamabostaldirako aurreikusi arren, jeltzaleek gaurdaino ez dute eskuratu udal aurrekontuen zirriborroa. Inbertsio maila handia izan ez, eta azaroaz geroztik ordenantza fiskalak onartuta daudela aintzakotzat hartuta, zergatia ez dutela ulertzen diote. “Ezin dugu atzeratzen utzi, herriak geldirik jarraitzea suposatzen baitu”, adierazi du Vaquerok.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!