Kanadako urnietarrak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ots. 6a, 10:35

Kanadako hegoaldean, Ontario probintzian, mundu osoko ikasleak hartzen dituzten bi unibertsitatek egoitza bertan dutelako, ezaguna den Waterloo hirian jaio zen Rachael.  Probintzi bereko Putnan herrikoa da Matt. Torontotik ordubetera bata, eta ordu eta erdira bestea. Gertu dituzte Evie, Ipar Ameriketako laku handienetako bat, eta bi ordura Niagarako ur jauziak.

Ingelesa irakasten den ikastetxe batean ari ziren biak lanean, eta udan Urnietako ikasle talde batekin bertara joan zenean ezagutu zuten Jose Mari Sanchez, Urnietako London akademiako burua. Jose Marik proposatu zien hona etortzea, beraiek baiezkoa eman, eta Urnietan bizi dira irailaz geroztik, London akademian ingeles klaseak emanaz, eta gaztelera klaseak jasoaz.  Oraingoz, ikasturtea bukatu arte egoteko asmoa dute, ondoren erabakiko dute zer egin.

Gertu duzuen Toronto al da Kanadako hiririk nagusiena?
Matt Snyders:
Ottawa da Kanadako hirigune politikoa, eta Toronto, kulturaren hiria da. Batez ere, kultura anglofonoarena. Artistak, idazleak, musikariak, iman baten moduan erakartzen dituen hiria da. Urtero “North by Northeast”  musika jaialdi garrantzitsua ospatzen da, eta udan jazz jaialdia, zinemaldia, eta beste jaialdi mordo bat.

Zein hizkuntza erabiltzen dira?
M.S.:
Toronton batez ere ingelesa erabiltzen da. Baina erraz aurkitu litezke hizkuntza ezberdinak hitz egiten dituzten komunitateak, eta horien artean gaztelera hitz egiten dutenak ere.

Rachael Mcknight: Orain iloba bat bisitan etortzekoa dugu, eta hark txikitatik gaztelerazko klaseak jaso ditu ikastetxean.

Nola gogoratzen dituzue eskola garaiak?
R.M.:
Lau edo bost urterekin hasten gara eskolara joaten. Derrigorrezko ikasketak 17 urtera arte irauten dute. Ondoren,  batzuk lanera joaten dira eta gehienak unibertsitatera. Bertako unibertsitate batean egin nituen ingeles literaturako ikasketak, emakumeei buruzko beste ikasketa batzuekin batera.

M.S.: Unibertsitatean ingeles literatura ikasketak egin nituen, ondoren, urte bat pasa nuen Alemanian hizkuntza ikasten, eta gero master bat ere egin nuen.

Ezagutzen al zenuten Euskal Herria etorri aurretik?
M.S.:
Bai, interneten begiratu genuen nora gentozen. Etorri ginenetik, Euskal Herriaz ze harro zaudeten ikusi dugu. Denok prest zaudete hemengo edertasunaz hitz egiteko, edo hemen zein ondo bizitzen den kontatzeko.

Nola moldatzen zarete gure artean?
M.S.:
Oso ondo hartuak izan gara. Gu ere oso pozik gaude zuen artean; ekintza kulturaletan parte hartzen saiatzen gara, eta hemengo kulturaz asko ikasten ari gara.

Komunikazio arazorik?
R.M.:
Asko, egunero.

M.S.: Trenean, dendetan eta horrela nahiko ondo moldatzen gara, hortik aurrera gehiago kostata.

Hemengo zer egin zaizue deigarria?
R.M.:
46 egun segidan euria! Han neguan hotz handia izaten dugu, 20 gradu inguru zeropetik, eta imajinazioa asko lantzen dugu, denbora gehiena barruan pasa behar izaten dugu eta irtetean jendearen begiak besterik ez ditugu ikusten, gainontzekoa tapaturik eramaten dugulako. Udak, beroak eta hezeak izaten dira.

M.S.: Paisaia ere harrigarria egin zitzaigun, hura guztiz laua da eta hau guztiz menditsua.
 
Eta janaria?
R.M.:
Euskal Herrian janari zoragarriak dituzue, oso ondo jaten da. Niri pintxoak eta txakolina gustatu zaizkit.

M.S.: Duela astebete, talde bat sagardotegi batean izan ginen eta zoragarria izan zen. Sagardotegiak leku oso “arriskutsuak” dira.

Zer botatzen duzue faltan?
R.M.:
Faltan botatzen dut munduko beste herrialdeetako janaria. Toronton mundu osoko jatetxeak aurki daitezke, japoniarrak, indiarrak...

M.S.: Nik elurra botatzen dut faltan. Han negua elur artean pasatzen ohituta bainago.

Zer eramango zenukete hemendik?
M.S.:
Oso zaila egiten zait orain konturatzea. Itzultzean konturatuko gara zeren falta sumatzen dugun.

R.M.: Hemen edozer gauzatxo ospatzeko duzuen gaitasuna.  Hemen jendeak dena ospatzen du. Familia arteko gauzak, lagun artekoak, urtebetetzeak...beti zerbait ospatzen ari zarete.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!