El Salvadorreko Segundo Montesekin anaitu da Amasa-Villabona

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ots. 5a, 18:22

Atzo iluntzeko batzarrean onartu zuen Amasa-Villabonak, 1993 urtean Zizurkilek eta azken urteetan Asteasuk eta Adunak egin bezala, El Salvadorreko Segundo Montes komunitatearekin anaitzea. Gaur eguerdian prentsaurrekoa eskaini dute Villabonako Udalean eta bertan izan dira Villabonakoekin batera, Aduna, Zizurkil eta Asteasuko ordekariak. Pedro Mari Otaño ikastetxeko bi irakaslez gain, Mikel Arrastoa ere hantxe izan da. Datorren otsailaren 11n, Segundo Monteseko egoera gertutik ezagutzen duten Mikel Arrastoa, Ainhoa Larrea eta Mikel Balerdik hitzaldia eskainiko dute Mintzola etxean 19:30etan.

Segidan, eguerdiko prentsaurrekoan aurkeztu duten idatzia:

SEGUNDO MONTES KOMUNITATEA
El Salvador mendi eta sumendiak dituen herrialde bat da, baso berdeak mendiari hortzekin loturik dauden tokia. Bertan bizirauteko modu bakarra guztien ahaleginak batzea da, bizi bat bestearekin lotzean bizi kate bat osatzen da, non norbanakoak bere buruaz pentsatzeaz gain bere ardura direla sentitzen direnetaz pentsatzen duen.
1980 inguruan El Salvadorren piztu zen gerra zela eta indar militarren basakeria jasan ezinik hainbat familia xumek beren lur eta etxeetatik ihes egin behar izan zuten, Colomoncaguara, Honduras-en. Han tratu txar haiek jasandako nekazariek bala eta bombak gaizki kokatutako kanpamentuetako biziarekin ordezkatu zituzten. Hala ere, urte gutxitan, komunitate hauek salto garrantzitsu bat egin zuten, indibidualismotik elkarlaguntza komunitariora pasaz, honekin batera besteak beste analfabetismotik hezkuntza eredugarri bat lortuz.
El Salvadorren gatazka armatu luzeak zirauen bitartean, Segundo Montes Mozo izeneko jesuita batek bere bizitzaren azken urteak Colomoncaguako errefuxiatuei laguntzen igaro zituen. Jatorriz Valladolid-ekoa zen gizon honek interes berezia agertu zuen ezerezetik sortzen zen giza talde hauen antolamendu eredugarrian. 1989an El Salvadorreko Ertamerikar Unibertsitatean tiroz eraila izan zen beste zenbait jesuitekin batera. Horregatik komunitate honek berriro bere aberrira itzultzeko aukera izan zuenean Segundo Montes izena jarri zioten komunitateari.
Hamar urte inguru atzerrian igaro ondoren El Salvadorrera itzuli zirenean, exiliatu hauek Meanguera herriko lur batzuetan kokatu ziren, karretera eta bide nagusietatik gertu. Esaten dutenez, kamioiak 1500 joan-etorri egin behar izan zituen komunitate hartako kide guztiak eta bildu zituzten gauza guztiak atzerritik beren herrira ekartzeko.
Baina itzulera ere gogorra izan zen, nondik hasi? Morazan lurraldeko mendiak 12 urteko gerraren ostean desertu bilakaturik zeuden eta amerikarrek gerrila itotzeko erabilitako “lur errea” politikak bere arrastoak utzi zituen. Segundo Montes komunitateko adinekoek esaten dute itzuli zirenean topatu zuten paisaia penagarria zela, gobernuak bizia berrantolatzeko utzi zien lurretan ez zegoela ezer, ezta eraikinik ere. Soinean zeukatenarekin hasi ziren bizitzen, saiatu ziren Hondurasen ezertxo ere ez uzten guztiaren beharra izango zutelako.
Etorkizuna eraiki behar zuten eta horretarako idazten eta irakurtzen zekien edonor irakasle bihurtu zen sorturiko herri eskoletan. Hogei urte inguruan %95eko analfabetismotik %5era pasa ziren, nazioarteko erakunde askoren harridurarako.
Hezkuntza da, dudarik gabe, aurrera egin nahi duen edozein giza komunitateren proiektu garrantzitsuena. Oinarrizko azpiegiturak beharrezkoak dira beti, errepideak, etxeak, osasun zentroak…Baina, oso garrantzitsua da komunitate hauei arrantzan erakustea, arrainak eman beharrean. Hau da, Gizarte bakoitzak bere biziraupen mekanismo propioak martxan jartzen ikasi behar du.
Catalina Montes, Segundo Montesen arrebak dioen bezala, garrantzitsua da gizarte honi lehen pausoak ematen laguntzea, egunen batean nazioarteko laguntza horren beharra desagertu bitartean. Orduan ikusiko dugu, bide hori egin duten guztien ahaleginak, hasieratik nahiz beranduxeago hasi direnak, zerbaitetarako balio izan duela.
Guretzat ere ez dira garai errazak krisia dela eta, baina benetako krisia Segundo Montes komunitateak egunero bizi duena da. Hala eta guztiz ere, egunsenti bakoitza baloratzeaz gain, gauzen prezioaren eta balioaren arteko desberdintasuna baloratzen dute.


MEANGUERA-SEGUNDO MONTES KOMUNITATEAREKIN ANAIERATZEA

Herri honetako Udalbatzak atzo, 2009ko Otsailaren 4an, ospatu zen Osoko Bilkuran, ondorengo erabaki hau hartu zuen:
El Salvador-eko Meanguera eta Segundo Montes komunitatearekin anaieratzea.
Kontuan izanik Aiztondo bailarako hainbat herrik, Aduna, Asteasu eta Zizurkilek, jadanik burutu dutela pauso hau. Eta bertako hainbat herritarrek oso gertutik ezagutu duten errealitate bat dela. Euren eta Euskal Fondoaren gonbita onarturik, Villabonako herriak komunitate honi bere babesa eta laguntza eskaini nahi dio.
Askok pentsatuko du gure egoera ekonomiko-politikoa haienarengandik oso goitik dagoela eta eskema sinplista edo merkatal ekonomiko bat egingo dute, elkartruke honi balio gizatiarra eman gabe. Baina komunitate honengandik ze ikasia badugula iruditzen zaigu, besteak beste,urte askotako gerra (gatazka gainditzea), bake negoziatua, gizartea antolatzeko era, etab.
Guzti honegatik, Meanguera-Segundo Montes komunitateari anaieratzeko eskaintza ofiziala egiten diogu.
Aiztondo bailaratik jada jasotzen duten laguntzari bultzada garrantzitsu bat ematen diogu, elkarkidetza honek etenik izan ez dezan.
Anaieratze honen ondorioz kultura, kooperazio,hezkuntza, turismo, nekazaritza, industria… mailetan burutu beharreko urratsak ematen laguntzen saiatuko gara.
Azkenik, anaieratze hau ofizialki emango dugun pausoa izango den arren, hemendik aurrera hasten da benetako lana eta ahalegina. Eginbehar honetan deialdi bat luzatu nahi genieke herritarrei, Zizurkilen, Adunan eta beste herrietan bezala itsasoz beste aldeko komunitateari laguntza apur bat bidaltzeko bidean parte har dezaten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!