Beterriko II. bertsolari txapelketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ots. 3a, 18:53

Iaz jokatu zen Beterriko I. bertsolari txapelketa eta, izan zuen arrakasta ikusita, bigarren edizioa antolatze lanetan ari da Larramendi Bazkuna.

Iaz oso arrakastatsua izan zen txapelketa. Larramendi Bazkuneko lehendakari Jon Unanuek adierazi duenez, oso gustura geratu ziren. “Proposatu genuen formulak oso erantzun positiboa izan zuen bai bertsolarien eta baita ikusleen aldetik ere. Jendea oso gustura atera zen”. Aurten, ordea, zalantza sortu zitzaien txapelketaren maiztasunari begira, “ez genekien bi urtez behin edo urtero, zein tarterekin antolatu, eta bertsolariekin hitz egin eta gero, oraingoz, urtero egitea erabaki dugu. Txapelketa honen berezko datak Bertso Eguna pasa eta hurrengo asteburuan izan beharko luke baina, egutegiarekin larri samar ibili gara aurten eta martxora atzeratzea erabaki dugu”, adierazi du Bazkuneko lehendakariak.
Beterrikoa txapelketa berezia da: taldekakoa, eta iaz bezala, lau taldek hartuko dute parte. “Iaz bertsolari guztiak 26-32 urte bitarteko gipuzkoarrak ziren eta, alde horretatik, aurtengo berrikuntza, herrialdeen arteko lehia proposatzea izan da. Bertsolari guztiak 25-30 urte bitartekoak izango dira, baina iaz ez bezala, Nafarroa, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako hiruna bertsolarik osatuko du talde bakoitza”.

Bertso saio informalak
Bertsogintza Beterri-Aiztondo eskualdean suspertzearren egin zuen Larramendi Bazkunak txapelketa abian jartzeko apustua iaz, “bertsogintza horretan 26-32 adin tarte horretako gazteei protagonismo berezia ematearren; saio, txapelketa nahiz lehiaketei begira, hutsune handia zegoela ikusten baikenuen. Gazteagoentzat, hainbat herri eta eskualdetan txapelketa ugari antolatzen zen arren, adin tarte hori galdu samarra geratzen zela iruditzen zitzaigun. Sustapen horretan, etenik gabe, jarraipena emateagatik interesgarria iruditzen zaigu txapelketa. Baita taldeka lan egiteagatik ere. Askotan, bakarka aritzeak baino konfiantza handiagoa ematen baitio norberari bezala bertsolariari taldeka aritzeak”.
Iazkoaren ildotik, ahal diren berritasunak sartzen ahaleginduko dira txapelketan zehar, gai-jartzaileak bereziki. “Bertso saioak oso informalak izaten ahaleginduko gara, hausten eta molde berriak proposatzen”. Esaterako, bertsolariak saioetara mozorrotuta etortzeak ikaragarrizko bizitasuna eman zion iaz txapelketari. “Aurten ere hortik joko dutela pentsatzen dugu. Garrantzia handia du publikoa ezustean harrapatzeak, are gehiago afari giroan izanda. Bertsolariak horretan ahaleginduko direla uste dugu”, azaldu du Unanuek.

Kamisetak salgai
Txapelketako sariei dagokionez, talde irabazleak txapela eta 300 euro jasoko ditu. Bigarren geratzen denak, berriz, oroigarria.
Iaz bezala, aurten ere gehigarri berezia argitaratuko du Aiurri aldizkariak txapelketan zehar kantatzen diren bertsoekin. Bestalde, Beterriko bertso txapelketaren logotipoarekin kamisetak ere egingo dira, saioak girotze aldera.

Bertso afaria, 25€ren truke
Afariaren prezioa 25 eurokoa izango da aurten. Txartela aurrez erosi beharko da Larramendi Bazkunaren egoitzatan –Urnietan,  Zizurkilen edo Andoainen-. Era berean, bertso saioa izango den jatetxeetan ere salgai jarriko dira txartelak eta baita Andoainen, Ernaitza eta Stop liburu-dendetan eta Amasa-Villabonan, Ogi Goxo okindegian ere.
Iaz saio guztiak jendez lepo bete ziren. Aurten lekuz lasaiago ibiltzea aurreikusten duten arren, saioetara joateko asmoa dutenei, txartelak lehenbailehen eskuratzeko gomendioa luzatu diete antolatzaileek. Denboraz iragarriko da txartelak noiz jarriko diren salgai; adi egon, beraz.

Taldeak eta saioak
Epe laburrean, zozketa bidez erabakiko da zein talde lehiatuko den bestearen aurka. Zorteak erabakiko du, beraz, lehia. Bien bitartean, hara hemen bertso saioen daten eta txapelketako parte hartzaileen berri:

SAIOAK

  • Lehen kanporaketa: Martxoak 7, larunbata. Zizurkilgo Olentzo jatetxea, 20:30etan.
  • Bigarren kanporaketa: Martxoak 13, ostirala. Amasako Iturrigoxo jatetxea, 20:30etan.
  • Finala: Martxoak 28, larunbata. Urnietako Oianume jatetxea, 20:30etan: Zizurkilgo talde irabazlea, Amasan garaile izaten denaren aurka.
TALDEAK
  • Nafarroa: Julen Zelaieta, Erika Lagoma eta Jon Barberena.
    Beterriko txapelketa jokatzen denean, Nafarroako txapelketak bete-betean harrapatuko ditu. Martxoaren 21ean jokatuko da Nafarroako txapelketako finala eta 28an Beterrikoa. Gogor entrenatuta etorriko dira, iazko irabazlearen –Julen Zelaieta- babesean. Beste biak ere finalistak izan ziren iaz. Txapelaren bila etorriko dira, dudarik gabe.
  • Gipuzkoa: Jokin Labayen, Uxue Alberdi eta Ander Lizarralde.
    Bertsolari gazteenak dira gipuzkoarrak, aurten 25 urte beteko dituzte belaunaldi bereko hiru kideek. Gazteenak izanagatik, ordea, ez dira ahulenak. Hamaika bertuteko kideak dira hiruak eta haien bertuteak erakusteko irrikaz etorriko dira Beterrira. Etxean jokatuko dute. Oso ondo ezagutzen dute elkar eta hori ere alde izango dute.
  • Bizkaia: Gorka Ostolaza, Onintza Enbeita eta Oihana Bartra.
    “Bizkaiko aberatsak dira diruzale” dio abesti zaharrak baina, hirukote hau diruzale baino areago, txapelzalea da. Bi neskek eta mutilak osatuko dute taldea. Neskek ondo baino hobeto zainduko dute zaldun ilehoria. Ilehoria, berriz, bi jineteren laguntzarekin etorriko da Beterri-Aiztondo bailarara.
  • Araba: Iñaki Viñaspre, Manex Agirre eta Andere Arriolabengoa.
    Beterriko txapelketaren garai berean, Arabako txapelaren bila ere arituko dira. Umetatik bertso eskola berean hazitako bertsolariak dira eta elkar ondo ezagutzen dutenez, talderik konpaktuena izan daiteke. Hiriburutik herrira etorriko den hirukoteak umorea ekarriko du, zalantza izpirik gabe.

GAIAK
Gai-jartzaile lanetan Egoitz Aizpuru, Iker Iriarte eta Amaia Agirre arituko dira. Txapelketako antolaketa lanetan ari den Amaia Agirrek joan zen urteko bideari eutsiko diotela adierazi du, “iazko arrakasta aipagarria izan zen eta aurten ere ariketa bereziak plazaratuko ditugu, aurreko urteko ildo berari eutsiz. Beterrikoa ez da ohiko txapelketa, bertsolariek entzulea bereganatu beharko dute. Horiek izango dute arrakasta nagusia”. Epaileei dagokionez, ikusleek lan aipagarria izango dute talde gustukoena aukeratzerakoan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!