Ekitaldiaren bidez urtean zehar nabarmendu diren kultura, kirola eta gizarte alorreko jarduerak txalotuko dira. Eta saioari amaiera emateko, euskararen edota euskal kulturaren alde ibilbide oso bat eskertzeko, Ohorezko aipamena banatuko da. Lehen edizioan, Txomin Garmendia bertsolaria izan zen Larramendi Bazkunaren eskutik aipamen gorena jaso zuena. Bigarrenean, pilotaren tradizioari bizirik eusten makina lan egin duen Jose Antonio Jauregiri eskainiko zitzaion. Eta hirugarren honetan, gizarte mugimenduan bolondres lanetan aritzen den Joxe Mari Olazabal andoaindarrari emango dio oroigarria Jon Unanue Larramendi Bazkuneko lehendakariak.
Bastero kulturgunea adin eta jarduera ezberdinetako herritarren bilgune bilakatuko da. Guztiak, gizartea hobetzen laguntzeko ezinbestekoak. Horregatik, Aiurri aldizkariak irudian agertzen den oroigarriarekin esker ona adieraziko die Jon Gaztañaga eta Kattalin Olasagasti kirolari gazteei, Larraulgo eskola taldeari, Andoainen Ezpata-dantza eta Asteasun soka-dantza berreskuratu zutenei. Eta, baita, noski, aurrez aipatutako Joxe Mari Olazabal jaunari ere. Ekitaldia 19:30etan hasiko da eta Aiurri hamaboskariko irakurle guztiak gonbidatuta daude. Merezimenduak aipatu eta oroigarriak banatu ondoren, zizka-mizkak izango dira Bastero kulturguneko ekitaldi aretoan bertan.
Kirola:
JON GAZTAÑAGA, KATTALIN OLASAGASTI
Merezimenduak:
Futbolaria eta eskubaloiko jokalaria, biak ala biak, kirol jardueran elitera iritsi aurretik esperientzia eta lorpen handiak eskuratu dituzte nazioartean. Gazteak izanik ere, eskarmentu handiko kirolari bilakatzen ari dira.
Gizartea:
LARRAULGO ESKOLA TALDEA
Merezimenduak:
Urte askotxo herri eskolaren arrastoa galdu zela. Herrigunearen garapenarekin biztanlego kopurua handitzean, garai bateko zerbitzuen premia sortu da. Lan eta lan aritu da eskola taldea herri eskola berriro martxan jarri arte.
Kultura:
DANTZA SAIOEN BERRESKURATZEA
Merezimenduak:
Tradizioz, herriko adierazgarri ziren dantza ezberdinen berreskuratzearen lekuko izan dira 2008an andoaindarrak eta asteasuarrak. Santakrutzetan eta Sanpedroetan, Ezpatadantza eta Soka-dantza berreskuratu ziren hurrenez hurren.
Ohorezkoa:
JOXE MARI OLAZABAL JAUNA
Merezimenduak:
Andoaingo Kale Nagusian jaioa, gizarte ekimen ezberdinetan aritu da beti: Luistarrak, Euskalduna futbol nahiz mendi elkarteetan, Caritasen... Manuel Larramendi Kultur Bazkunak Ohorezko aipamenarekin esker ona adieraziko dio.
Aiurri aipamen bereziak: aurreko bi edizioak
- OTSAILAK 22, 2007. AMASA-VILLABONA, GUREA ANTZOKIA.
Kirola: “Gasherbrum espedizioa”. Aiztondoko mendizaleak. Gizartea: “Oroimen historikoa”, Andoaingo Oroituz taldea eta Asteasuko Anjeles Uzkudun. Ohorezkoa: “Bertsolari, idazle eta euskaltzalea”, Txomin Garmendia jauna. - OTSAILAK 28, 2008. ZIZURKIL, ATXULONDO KULTUR ETXEA
Kirola: “Nazioarteko ziklo-kros probako antolatzaileak”. Asteasuko Aitzondo elkartea. Gizartea: “Sahararen aldeko ekimena”, Adunako herria. Kultura: “Olentzaroren etorrera, antolaketa taldea”. Andoaingo guraso taldea. Ohorezkoa: “Errebotea iraunarazteko lana”, Jose Antonio Jauregi jauna.
AIURRI AIPAMEN BEREZIAK, HIRUGARREN EDIZIOA
OTSAILAK 12, OSTEGUNA. 19:30. ANDOAIN, BASTERO KULTURGUNEA