Otsaila amaierarako amaituko dituzte plaza eraberritzeko lanak

Azken egunotako euri erauntsiek lanak atzeratu badituzte ere, otsailerako amaituko dira plaza oinezkoentzat bideratzeko lanak.

Oraindik aste batzuk beharko dira plaza guztiz egokituta ikusteko, baina lanek aurrera darraite. Azaroko azken astean jarri ziren martxan egin beharreko lanak eta otsaila baino lehen amaitzea espero bazuten ere, eguraldi txarrak atzerapena eragin du.
Lanak amaitzean, oinezkoentzat egokituta geratuko da herrigune osoa. Elizaldeko plazatik, Txantxane eta Elordi plazara bitarte, oinezkoei bideratutako gunea izango da. Autoek debekatuta izango dute sarrera eta larrialdi kasuetan bakarrik izango dute horretarako baimena.
Uztartza ondotik pasako den errepidea egiteko lanek ere aurrera darraite. Hala adierazi du Arantxa Aburuza alkateak: “Otsaila amaierarako lan horiek guztiak amaituta izatea espero dugu. Epeak pixka bat luzatu beharra izan da, baina aste gutxiren buruan, dena amaituta izango dela uste dugu, plaza oinezkoei zabalduta izango da eta errepidea ere erabiltzeko moduan”.

Haur parke berria
Bestalde, Txantxane ondoko lursailetan haurrentzako parkea eraikitzeko lanak egingo dira laster. “Urte amaieran lursail hori erosi egin genuen, egunen batean, haur parkea egiteko; izan ere, eskola handitzeko lanak egiten direnean, parkea bertatik kendu beharra izango da. Lursailak erosita genituen, baina lanak egiteko epe zehatzik gabe. Estatuak Udalei bideratu dizkien dirulaguntzak baliatuko ditugu lan horiek burutzeko. Biztanleko 167 euroko laguntza eskaintzen du gobernuak eta horretara bideratzea erabaki zen. Lurra egokitzeko lanak egingo dira diru horrekin. Jarri beharreko jolasak ez dira dirulaguntza horretan sartuko. Uda ingururako lan horiek ere amaituta izatea espero dugu”, adierazi du Arantxak. “Eskola handitzeko proiektua ere aurrera doa. Proiektua eginda dago eta ziurrenik, Construcciones Iñadi enpresak hartuko du lanak egiteko ardura. Lanak noiz hasiko diren ez dakigu ziur oraindik”, gaineratu du.

Udaletxea arratsaldetan zabalik
“Herritarrengan eta Udaleko kideengan pentsatuz erabaki genuen udaletxearen ordutegia zabaltzea. Herritar askok goizez lan egiten du eta udaletxea goizez bakarrik zabaltzen zenez, oso zaila egiten zitzaien bertara hurbiltzea. Zinegotziontzat ere ez zen beti erraza izaten udaletxeko ordutegia lanekoarekin bateratzea, horregatik erabaki genuen arratsaldeko 17:30ak arte udaletxea zabalik izatea. Administratzaileak eta idazkariak euren lan ordutegia moldatu egin dute eta orain  08:30etatik 17:30etara zabaltzen dira, egunero, udaletxeko ateak”, azaldu du Arantxak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!