Aritz Usandizaga, lorezaina

Lorezaintzara bideratu zuen bere ibilbide profesionala Aritz Usandizaga larrauldarrak. Lore eta landareak zaintzeaz gain, zuhaitzak kimatu edota lorategiak osatzeko lanak ere egiten ditu.

Duela hiru urte amaitu zituen Fraisoron, lorezaintza ikastaroak. “Derrigorrezko ikasketak amaituta, zer egin erabakitzeko garaia iritsi zen. Mekanika edo lorezaintzaren artean zalantza egin nuen. Bata eta bestea nola ikasten ziren ikustera joan nintzen eta ez nuen zalantzarik izan. Kanpoan, argitasunean lan egiteko aukera izatek erakarri ninduen gehien, asko gustatu zitzaidan lorezaintzan lan egiteko modua. Azken finean, izaki bizidunekin aritzen gara. Ez nuen egun osoan fabrika batean sartuta, erdi ilunpetan egon nahi”, azaldu du Aritzek.
Andoaingo Urkiondo enpresan ari da lanean: “Landareak eta zuhaitzak sortu eta hazten ditugu. Landare batzuk hazitik ateratzen ditugu, beste batzuk berriz, txiki-txikiak direnean ekarri eta bertan hazten ditugu. Landare bakoitzak behar duen zaintza mota ikastea izaten da zailena, hortik aurrera ez da zailtasun handiko lana. Azken finean, landare guztiak ezberdinak dira eta jakin egin beharra dago zenbatero ureztatu, zenbat ur bota, noiz kimatu..., etab.”
Jende asko joaten zaie landareak erostera: “Denetik etortzen zaigu. Batzuek oso ondo jakiten dute zer nahi duten, beste asko aldiz, aholku eske etortzen dira eta guk gustura erantzuten diegu. Lorategiak sortzeko garaian ematen dugun aholkua, esaterako, landare gehiegi ez jartzea izaten da. Askoz ere politagoa geratzen da landare gutxi jartzea, betiere bakoitza bere lekuan jartzen bada. Bestalde, landarearen jatorrizko lurrean dagoen klima zein den ere jakin behar da. Esaterako, laranja zuhaitzek hemen fruitua ematen dute, baina lehen izoztearekin galdu egiten da dena. Gauza horiek kontuan hartu behar dira zer  landatu behar dugun erabakitzeko garaian”.

Basoko zuhaitzak
Negu aldeko lanetan murgilduta daude orain lorezainak: “Zuhaitzak kimatzen ari gara, batez ere. Garai honetako beste langintza basorako landare gazteak saltzea izaten da, orain delako horiek jartzeko urte sasoirik onena. Bertako zuhaitza asko saltzen da, pagoa etaharitza esaterako, baina pinuak ere saltzen dira, oraindik ere basoari ekoizpen azkarra ateratzea bilatzen delako. Pinuek gaitza izan dute azken urteotan eta horrek bertako zuhaitzei lagundu egin die bere tokia berreskuratzen. Hala ere, pagoa edo haritza landatzen duenak, badaki hemendik bi edo hiru belaunalditara jasoko dela ekoizpena. Izan ere, urteko landareak 30-40 zentimetroko luzera izaten du eta denbora asko behar izaten dute hazteko. Hain txiki landatzen diren zuhaitzak hobeto egokitzen dira lurrera eta errazago etortzen dira, handiagoei gehixeago kostatzen zaie”, azaldu du Aritzek.
Gustuko zuhaitzen artean pagoa eta haritza nabarmentzen ditu Aritzek eta landareen artean, astigarrra du gustukoen. Balkoietan eta etxeetan jartzeko landareak ere ongi ezagutzen ditu: “Geranioa, ziklamenak, pentsamenduak...,  denboraldiko landareak jartzen ditu jendeak gehienbat”.
Urte guztian izaten dute zereginik lorezaintzan aritzen direnek: “Udazkenean kimatzen hasten gara, neguan, basoko landareen salmentak kentzen digu denbora gehien eta udaberri inguruan, natura mugitzen hasten denean, oso lanpetuta ibiltzen  gara. Udaran, jendea oporretara joaten da eta guretzat ere lasaiagoa izaten da”.  

Eroritako zuhaitzak, konpostatzeko
Etengabe berritzen ari da lorezaintzaren mundua ere. “Ikastaroak egiten ditugu. Aldaketa handienak lorategiak osatzeko moduan izaten dira. Modak aldatu egiten dira eta berritu beharra dago. Lan berean aritzen den jendearekin hitz eginez ere asko ikasten da, ideia berriak sortzen joaten direlako”.
Urtarrilaren 24ko haizeteak botatako zuhaitzak biltzen aritu dira egunotan: “Lurra oso bustita zegoen eta haize zakarrak zuhaitz asko bota ditu. Haiek moztu eta bildu egiten ditugu. Egurra birringailutik pasa eta konposta egiteko erabiltzen da”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!