Egoitzako langileak, elkarrizketa eske

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ots. 3a, 18:19

Done Joan Bataiatzailearen egoitzako langileek protesta burutu zuten lehengo asteartean, hilaren 27an. ELA sindikatuko Joseba Iturbek azaldu zituen arrazoiak.

Zer dela eta jarri zarete pankartarekin, egoitzaren aurrean?
Gure protesta bikoitza da. Batetik ADEGI enpresarioen elkarteak eta langile ordezkarien artean Gipuzkoan sortuta dagoen negoziazio mahaiak aurrerapausoak eman ditzala eskatzen dugu. Patronalak ez du eskaintzarik egin nahi, lan baldintza oso onak ditugula uste baitu. Presio bide bezala, beraz, Gipuzkoako egoitza guztietan egin dugu protesta.
Bestetik, Andoaingo langileok ez gaude konforme Andoaingo Done Joan Bataiatzailearen egoitza ustiatzen duen EULEN enpresaren jarrerarekin. Zazpi urtez enpresak eta guk, bi aldeek adostutako lan itunak iraun eta gero, gehiago ez duela negoziatu nahi esan digu. Mahaian gurekin esertzeari uko egin eta, hemendik aurrera Gipuzkoako hitzarmena ezarriko duela adierazi digu.

Zer eskatzen diozue enpresari, hain zuzen?
Mahaian eseri dadila gurekin negoziatzen hasteko. Urtero negoziatu izan dugu ituna, eta horrela jarraitu nahi dugu. Badugu zer negoziatua; besteak beste, gaur egun egoitza honetan gertatzen ari den lan diskriminazioarekin bukatu nahi dugu. Alde batetik Udal langileak daude (12 bat) eta bestetik enpresa honen menpeko langile azpikontratatuak (38 bat). Lan eta diru baldintzak zeharo ezberdinak dituzte batzuek eta besteek. Auxiliar azpikontratatu batek, adibidez, 800 bat euro gutxiago kobratzen du. Lan berdina soldata berdina, aldarrikatzen dugu.

Orain hiru urte ere lan gatazka latza bizitu zenuten egoitzan…
Lan baldintzak parekatzeko, sei hilabetez mobilizatu ginen orduan. Une hartan, langileen artean zeuden alde nabarmenak pixka bat murriztea lortu genuen. Baina hiru urte pasa eta gero ikusi dugu lanpostuen balorazioak egin direla, eta horren poderioz, berriro handitu egin direla diferentzia horiek.

Arazoa, funtsean, pribatizazioan datzala pentsa dezake batek baino gehiagok...
Egia da. Udal guztiak pribatizatzen ari dira gizarte zerbitzuak, eta horrela, zaharren zaintzako arlo guztia ari dira pribatizatzen. Eta noski, enpresa pribatuak bete-betean sartu dira mundu honetan, negozio iturria ikusi dutelako.

Hemendik aurrera, zein asmo duzue langileok?
Ostiralero, ordu erdiko kontzentrazioa egitea pentsatu dugu oraingoz. Atsedenaldiko denbora erdia da, eta une horretan lanean ari direnak eta hurrengo txanda egokitzen zaienak bilduko gara. Oraingoz ez dugu lan-etenik bultzatuko. Arrazionalizazio pittin bat eskatzen diogu patronalari, negoziazio mahaira etor dadin. Eta hala eta guztiz, kontzentrazioak ez badira nahikoak, zer? Patronalak jakin beharko luke bere erantzunaren baitan dagoela gerora zein neurri har ditzakegun langileok.

Lan berezia da zuena; adin nagusiko jendea zaintzen duzuela, alegia...
Zalantzarik gabe, ondo konturatzen gara adineko pertsonak zaintzen ditugula; zentzuzko protesta  neurriak hartzen ahalegintzen gara. Lehendik ere hitz egin izan dugu hemen bizi diren pertsonen familiarrekin gure ikuspuntua eta jarrera azaltzeko, eta berriro ere horixe egiteko prest gaude.
Udalak zeresanik badu gatazka honetan?  
Badakigu enpresak Andoaingo Udalarekin harreman zuzena daukala, eta pentsatzen dugu Udalak berak izango duela zeresana gatazka honetan. Gu prest gaude Udalarekin hitz egiteko, baina EULEN da gure nagusia, eta horrekin negoziatu nahi dugu zuzenean.

Villabonako Santiago egoitzan ere bada lan gatazkarik...
Udalak Kataluniako enpresa bati adjudikatu dio egoitzaren ustiaketa. Han langile guztiak azpikontratatuak dira. Egia esanda, enpresa berriak bestelako jarrera erakutsi du: urtarrilaren 1ean egoitzaren ustiaketa ardura hartu, eta 7an jada gurekin esertzeko borondatea erakutsi digu. Alde horretatik, Gipuzkoako hitzarmeneko negoziazioen zain gaude eta aurrerapenik sumatzen ez badugu, Villabonan negoziatzen jarraituko dugu.
Egia esan behar bada, gogorragoa egiten zaigu Andoaingo egoera Villabonakoaren aldean. Azken batean, Andoainen zurekin hitz egin ere egin nahi ez duen baten aurrean zaude, eta gainera aldemenean daukazun lankidearen lan baldintza berberak eskatu nahi dizkiozu. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!