Munduko garapen egitasmoak bultzatzen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ots. 3a, 18:11

Munduko hainbat herrialdeetan garapen egitasmoak bultzatzen dituzten erakundeen artean 93.000 euro banatu ditu aurten Andoaingo Udalak.

Hamabost Gobernuz Kanpoko Erakunde (GKE) izango dira diru laguntza jasoko dutenak, Gizarte Zerbitzuetatik bideratuta.
Erakunde horiek urtarrilaren 22an sinatu zuten hitzarmena Udalarekin, batzar aretoan egindako ekitaldian. 93.000 mila euro dira guztira, aipatu erakundeek munduan zehar garatzen ari diren egitasmo txikiak bultzatzeko lagungarri izango direnak.
Sei elkartek Amerikan dituzte euren egitasmoak: Mundubat (Nikaraguako emakumeen kooperatiba, 8.000 euro); DOA (Boliviako ospitaleen eraikuntza, 9.000 euro); Activos Por Un Mundo Solidario (Nikaraguako ahalmen ezberdineko gazteen integrazioa, 5.000 euro); Oscar Romero Solidaritza Batzordea (El Salvadorreko Tacubako haurren desnutrizioaren aurkako ekimena, 8.000 euro); Taupadak (Boliviako emakume indigenen ekimen turistikoen bultzada, 5.000 euro); eta, Mugen Gainetik (El Salvadorreko emakumeen elkarteen garapen produktiboa, 5.000 euro).
Bost elkartek, Afrikan: Behar Bidasoa (Rwandan sei etxe txiki, 9.000 euro); Bakearen alde Kooperatzen (Senegaleko emakumeen lan baldintzen hobekuntza, 5.800 euro); SOS-Infancia.Gipuzkoa (Tangerren harrera etxea, 9.000 euro); Proyde-Proega (Ekuatore Gineako Bomugiko haurren hezkuntza, 5.000 euro); eta, Misiones Diocesanas (Beningo Pehonkoko haurren ikastetxea, 9.000 euro).
Bi dira Asiako kontinentean euren ekimenak garatzen dituztenak: Rokpa (Tibeteko Yushu herrialdeko ikastetxea, 3.000 euro); eta, Felix Baltistan Fundazioa (Pakistaneko Husheko haurren eskola garraioa, 9.000 euro);
Eta azkenik, bi Europan: Chernobilen Lagunak (haur ukraniarrei harrera, 2.000 euro) eta Chernobil Elkartea (haur ukraniarrei harrera, 1.000 euro).
Udaletxeko aretoan egindako aurkezpenean, GKEetako ordezkariek nork bere egitsmoaren berri eman zuten. Aldi berean, Sergio Barreiro zinegotziak adierazi zuenez 2009ko Udal aurrekontuetatik %71a bideratuko da hirugarren munduan garatzen diren egitasmoak laguntzeko. Hurrengo urtetarako helburua, %75era poliki-poliki iristea da. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!