Berdintasunaren bidean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ots. 3a, 18:06

Susana Maroto sexologo eta psikologoa, berdintasuneko teknikaria da udaletxean eta herriko egoeraren diagnosia egiten ari da. Martxoan egingo dute jasotako emaitzen aurkezpena.

2005 urtean Eusko Jaurlaritzak onartu zuen berdintasunaren legearen baitan, Udalek ere berdintasunaren alde lan egitea eta berdintasun plana abian jartzea jasotzen zen eta lan horretan ari dira Amasa-Villabonan. Plan horren prozeduran, diagnosia egin behar da lehenengo. “Badirudi herri batetik bestera egoerak ez duela gehiegi aldatu behar baina, herri bakoitzeko diagnosia egitea, alor ezberdinak lantzeko baliagarria da aurrera begira”, adierazi du Susanak. Diagnosia egin eta gero, hurrengo pausoa lanean jarraitzeko konpromiso politikoa litzateke eta azkenik, berdintasun plana garatzea, aurrera begira landuko diren ekintzak zehazteko.

Diagnosia, bi ataletan
Amasa-Villabonan egitasmoa abian jartzeko asmoa Gizarte Zerbitzuen eta Emakumearen departamendutik sortu zen eta Udalaren nahiz INEM-en laguntzaz ahalbidetu da. Bi atal zabaletan bereizten da diagnosia. Batetik gizarte mailako azterketa: Herritarren datu demografikoak, formazio akademikoa, lana eta langabezia datuak, hezkuntza datuak, gizarte eta kultur taldeetako parte hartzea, kirolean parte hartzea eta gizarte zerbitzuak kontuan hartuta, eta bestetik, udaletxe mailako azterketa: politikoengan eta batzorde informatiboetako kideengan nahiz pertsonal tekniko eta administratiboarengan oinarrituta. “Galdeketen bidez eta informazioa bilduta, berdintasunaren alorrean legeak eskatzen duena betetzen ote den aztertzen dugu eta bereziki, egin gabe dagoena”.

Sail guztietan aurrekontuak
Udalaren baitan, informatika, gizarte zerbitzuak, euskara, hirigintza, ingurugiroa, interbentzioa, kirola-gazteria eta kultur sailak aztertu dira. Sail bakoitzean, berdintasunaren bidean, ikuspegi zabala izatea bermatu nahi da. “Hirigintza sailean, adibidez, jolas parke berri bat eraiki behar denean, emakumearen iritzia ere kontuan izatea, kasurik gehienetan haurrak emakumeek zaintzen dituztenez, haiek ikusten baitituzte behar garrantzitsuenak”. Legeak arautzen duenez, Gizarte Zerbitzuetatik diru-laguntzak bideratu beharrean, sail bakoitzak bere aurrekontua izan beharko luke berdintasuneko egitasmoak abian jartzeko.

Berdintasuna bultzatu
Berdintasunaz hitz egitea oso abstraktua dela aipatu du teknikariak eta informatzea oso garrantzitsua dela. Azken urteotan lan dinamika ere aldatu egin da eta alor guztietan generoa kontuan izatea garrantzitsua dela nabarmendu du Susanak, “berdintasun planaren bidez ekintza positiboa bultzatu nahi da; emakume eta gizonaren eskubide eta aukerak parekatu nahi dira”. Jendearen kontzientzia lantzea oso garrantzitsua dela uste du eta kosta egiten dela orain arte hartutako ohiturak aldatzea. Hala ere, diagnosia egiterakoan, parte hartzaileen aldetik harrera ona jaso duela azaldu du, “erakutsitako jarrera oso irekia izan da”.

Datuen gizarteratzea
Diagnosiaren gizarteratzea hainbat talde ezberdinen artean egin nahi da, “Hutsunea Betez emakume taldea, interesa izan dezaketen agente sozialak, Udaleko teknikariak nahiz kargu politikoen artean egingo da aurkezpena. Baina paperean emaitzak erakusteaz gain, bilerak ere egin nahi dira, etorkizuneko plana garatu ahal izateko”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!