Amasa-Villabonak anaia berria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ots. 3a, 18:03

Joan zen otsailaren 4ko udalbatzan, Amasa-Villabona El Salvadorreko Meangüera udalerriko Segundo Montes komunitatearekin anaitzea erabaki zen.

Zizurkilgo Udaletik iritsi zitzaion Villabonakoari Segundo Montes komunitatearekin anaitzeko proposamena. Zizurkil, 1993 urteko azaroan anaitu zen aipatu komunitatearekin eta orduz geroztik, hainbat egitasmotan lagundu du; besteak beste, bereziki Euskal Fondoak diruz lagundutako ur horniketaren egitasmoan. Bestalde, hezkuntzaren alorra suspertu asmoz, Segundo Monteseko ikastetxea eta Zizurkilgo eskolak harremanetan daude azken urteotan, hainbat ezagutza elkartrukatuz.
Beterri-Aiztondo eskualdeko Asteasu eta Aduna herriak ere Zizurkilgo bideari gehitu zitzaizkion duela denbora gutxi eta berriki, otsailaren 4an, Amasa-Villabona ere batu egin zaio egitasmoari. Aurrerantzean beraz, eskualdeko herriak bateratuta laguntza handiagoa eskaini ahal izango da Hego Ameriketako iragan gogorreko komunitatera.

Gerraren beste aurpegia
Hamabi urte iraun zuen gerra zibilaren ondorioz, El Salvadorreko mendialdea suntsituta geratu zen duela bi hamarkada. Amerikarrek jaurtitako napalm-ak izan zuen horretan zerikusirik. Bertako biztanleek erbestera jo behar izan zuten, Hondurasera nagusiki. Urteak pasa ondoren, gobernuak utzitako mendietara itzuli ziren bizimodu berriari ekitera. Lur haietan ez zegoen inolako azpiegiturarik eta hutsetik hasi behar izan zuten, oinarri-oinarritik. Hezkuntzaren garrantziari erreparatuta, etorkizunari begira altxatu zuten lehen eraikina eskola izan zen eta idazten edo irakurtzen zekitenak izan ziren lehenengo maisu-maistrak. Urteak geroago, Segundo Montesek bere bideari tinko eutsi dio, eredugarri izateraino. Hasierako analfabetismoa %95ekoa bazen, egun %5era soilik iristen da gazteen artean. Hezkuntza bezala, gainerako alorrak ere umiltasun eta gizatasunez garatu dituzte eta besteak beste, familiak aurrera ateratzen emakumeek eginiko lana eta erakutsitako indarrak aipamena merezi du.

Ekintza informatiboak
Herritarrek Segundo Montes komunitatearen berri jakin dezaten, hainbat ekintza informatibo antolatu du Udalak.
Otsailaren 10etik 13ra, “El Salvadorreko Segundo Montes komunitatea” izenburupean argazki erakusketa ikusgai egongo da Gurea zine aretoaren sarreran.
Otsailaren 11n, Segundo Montes komunitatea gertutik ezagutzen duten Mikel Arrastoa, Juanma Balerdi eta Ainhoa Larrearen hitzaldia izango da Gurea aretoan, arratsaldeko 19:30etan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!