Berrerabilpena bultzatu
Iazko balantzea eginez, joan zen apirilean martxan jarri zuten webguneak arrakasta beroa izan duela aipatu dute, “650 bisitaritik gora sartu da gure orrian. Jendearekin harremanetan jartzeko bide hori indartu nahi genuen bereziki eta pozik gaude jaso dugun erantzunagatik. Eguneratuta daukagu orria eta irteeren berri ematez gain, argazki mordoa ikus daiteke bertan”. GPS-a, mendiko liburu bilduma zabala, talkiak…, material ezberdina erosi zuen iaz mendi taldeak eta herritarren eskura daukate material hori guztia. Aurrera begira asmo bat baino gehiago dute; “hurrengo urtean federatu txartela egiteko aukera eskaini nahi dugu Asteasun bertan eta aukera hori eskainita, Sagaineko bazkide izateko aukera ere eskainiko genuke”. Bestalde, epe laburrera, aukera ezin hobea ari dira aztertzen, “denok daukagu etxean erabiltzen ez dugun mendiko material erabilgarria baztertuta. Kasu horietan, mendi taldera ekarri eta behar duenak berrerabiltzeko aukera izatea bultzatu nahi dugu. Umeak dituztenen kasuan bereziki, oso praktikoa izan daiteke”. Bestalde, aurtengorako, mendi astearen formatua aldatu egin nahi dute eta horretarako, jendearen laguntza eskertuko lukete, “aktibitateek edo mahai-inguruak harrera ona izan bazuten ere, ikus-entzunezkoek ez zuten erantzun handirik izan. Beste bide bat bilatu behar dugu eta jendearen ideiak jaso nahiko genituzke”. Asteasuko Udalari emandako laguntza eskertu eta herritarrei taldera biltzeko deia egin diete, “krisi garaian oso aukera ona eta egokia izan daiteke mendira joateko elkartzea”.
Ernioko mapa
Iaz Ernio eta inguruko mapa dotorea kaleratu zuten, eskualdeko mendiak biltzen zituen maparik ez zegoela ikusita. Sagaineko kideekin harremanetan jarrita eskura daiteke mapa. Gainerakoan, bailarako hainbat tabernatan salgai dago eta baita Aurrik Zizurkilen duen bulegoan ere, 20 euroren truke.
2009ko egutegia
Egutegiari begira, aurtengo berrikuntzen artean asteburu osoko bost irteera antolatu dituztela aipagarria da, iaz bi eguneko irteera bakarra antolatu zuten. “Besteak beste, martxoaren 28 eta 29an iraupen eskiko ikastaroa izango dugu Isabel Dumall-en eskutik. Bizikletaz eta oinez ibiltzeko irteerak izango dira gainerakoak”. Segidan datozen hilabeteetarako antolatu dituzten irteerak:
- Otsailak 7-8: Eski irteera Luz Ardidenera.
- Otsailak 15: San Donatora irteera.
- Otsailak 28-Martxoak 1: Eski trabesia.
- Martxoak 15: Valderejora mendi irteera.
- Martxoak 28-29: Iraupen luzeko eski ikastaroa Somporten.
- Apirilak 25-26: Txirrindu irteera Bardeetara.
- Maiatzak 17: Mendi irteera Iparraldera.