Elkarte berria Lardamuño baserrian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ots. 3a, 17:58

Hogeita hamar urtetik aurrerako pertsonei zuzenduriko elkartea zabaltzeko asmoa dute Lardamuño etxean. Aisialdiko behar ezberdinak betetzea da elkartearen helburu nagusia.

Bost urte daramatza martxan aisialdiko Turandot elkarteak. Egoitzarik gabe aritu dira orain arte, irteerak, txangoak, afariak, dantzaldiak eta beste hainbat ekitaldi antolatuz. Juan Etcheverry da elkartearen bultzatzaile eta sortzaile nagusiena: “Gaztetxoek euren aisialdia betetzeko hainbat aukera dute eta jubilatuentzat ere ekintza mordoa antolatzen da, baina tarteko jendearentzat prestaturiko aisialdi eskaintzaren beharra ikusten genuen. Afariak eta Euskal Herri inguruko irteerak antolatzen hasi ginen eta pixkanaka, geroz eta jende gehiagok parte hartzen du gure ekitaldietan. Jendeak gauza ezberdinak egiteko gogoa dauka”, azaldu du.

Kultur egoitza pribatua
Zizurkilgo Lardamuño baserria salgai zegoela jakin zuten Turandot elkarteko kideek duela zenbait hilabete. “Egoitza eduki nahi genuen, gauza gehiago antolatu ahal izateko. Inguruko jendea erakarri nahi dugu Lardamuñoko egoitzara. Egongela eta gela ezberdinak ditu etxeak eta ekitaldi ugari egiteko erabiliko dira: afari eta bazkariak, musika emanaldiak, erakusketak, dantzariak, umore saioak... Izaera pribatuko kultur egoitza moduan erabiliko dela esan daiteke”, adierazi du Juanek.
Bi urte zeramaten elkarterako egoitza egokia bilatzen: “Hiritik kanpora egotea, eta nahikoa toki izatea nahi genuen, eta Lardamuñoko aukera sortu zitzaigun. Toki ezin hobea da ekintza ezberdinak antolatu ahal izateko. Etxetik kanpora otorduak egitea edo zerbait hartzera ateratzea oso garestia da, eta mota honetako tokiak geroz eta beharrezkoagoak direla uste dugu”.

350 bazkide
Datozen hiru urtetan, egoitza berriak zabaldu nahi ditugu probintzia ezberdinetan: Araba, Bizkaia, Errioxa eta Nafarroan, besteak beste. “Gure asmoa, egoitza ezberdinetako jendeari, batean edo bestean gaua pasatzeko aukera ematea da. Lardamuñoren erosketa hitzartuta dugu eta martxoan sinatuko dira eskriturak. Gainerako probintzietan ere hasiak gara etxeak ikusten. Orain, Lardamuñorako bazkideak biltzeko lanak egiten ari gara. 350 partaidetza eskaini ditugu eta bazkide bakoitzak, nahi adina lagun ekar ditzake etxera. Bazkide izateko, 1500 euroko sarrera ordaindu behar da. Diru horrekin partaidetza bat erosten da, beraz, noizbait utzi nahiko balitz, partaidetza hori saltzeko aukera dago. Horrez gain, urtean 300 euro ordainduko dituzte bazkideek. Elkartea izanik, ez dago dirua irabazteko asmorik. Bazkideek ordaintzen dutena, elkartera bideratuko da: irteera antolatu, berrikuntzak egin, altzariak erosi...”.
Data guztiz finkatuta ez badago ere, apirilean egitekoa dute inaugurazio ekitaldia: “Etxea margotu eta altzariak ekartzea besterik ez da falta, horregatik zabalduko dugu hain azkar. Etorkizunean, igerilekua, logela gehiago, ekitaldi areto handi bat edota aparkalekuak ere egin nahi genituzke. Aparkalekuak eta garajeak ere eraikiko ditugu”.
Arrazoi ezberdinek bultzatuta hurbiltzen da jendea elkartea ezagutzeko asmotan. “Irteerak egiteko aukerak jende asko erakartzen du, horrez gain, elkartzeko txokoa izatea, sukaldean aritu beharrik gabe otorduak egin ahal izatea..., bakoitzak arrazoi ezberdinak ditu. Orokorrean, jendea ezagutzeko aukera berri bat izatea ere jendearen gustukoa da. Orain arte informazioa biltzera hurbildu den jendeari asko gustatu zaio proiektua”, azaldu du Juanek.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!