Txolarre Irratia, Kabitik plazara

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko ots. 3a, 17:56

2000ko abenduan iritsi ziren eskualdeko etxeetara Txolarre irratiaren lehen doinuak. Hori ospatzeko, ekitaldi sorta bikaina antolatu dute otsailetik maiatzera bitarte.

Ehunka elkarrizketa, musika emanaldi eta irratsaio aireratu ditu Txolarre irratiak zortzi urteotan. Jon Miranda, Txolarreko zuzendari eta esatariak eta Igotz Alkorta kolaboratzaileak eman dituzte ospakizun ekitaldien nondik norakoak: “Ikasturte amaieran egindako diagnosian, geroz eta entzule gehiago dugula ondorioztatu genuen, baina aldi berean, gizartean presentzia handiagoa behar genuela iruditu zitzaigun, horregatik, Txolarre irratia kalera atera eta ekitaldi sorta antolatzea erabaki genuen. Txolarre, kabitik plazara irtetea da ekimenaren helburua. Udazkena ekitaldiz betetako garaia izaten da eta horregatik erabaki genuen ekitaldi guztiak otsaila eta maiatza bitartean egitea”, azaldu du Igotz Alkortak. “Urteotan kolaboratzaile asko pasatu da irratitik eta hori baliatu dugu ekitaldiak antolatzeko garaian. Laguntza handia jaso dugu haiengandik. Hiru atal ezberdin izango ditu ekimenak. Batetik, argi ikusi genuen bertsolaritzak tartea izan behar zuela, asteazkenero egiten den bertso saiotik eskualdeko bertsolari guztiak pasa direlako. Bestetik, Jose Anjel Sarasola asteasuarrak herri kirolen inguruko informazioa ematen digu eta argi izan genuen saioa antolatu beharko genukeela. Kantuzale elkartekoekin ere hainbat kolaborazio egin dugu urteotan. Hiru atal horietatik abiatuta hasi ginen ekitaldiak antolatzen”, gaineratu du.
Tolosaldeko irratia da Txolarre, eta ospakizunak ere eskualde guztian zehar egingo dituzte. “Eskualde izaera zaindu nahi izan dugu. Zizurkil, Tolosa, Asteasu, Alegia, Ibarra eta Berastegin egingo dira ekitaldiak. Ezinezkoa zen herri guztietan ekitaldiak antolatzea, baina ahalik eta gehien zabaltzen saiatu gara. Bestalde, ekitaldi gehienak elkarteetan egingo dira, modu horretan, merkexeago egin ditzakegu eta aldi berean, herrikoiago”, adierazi du Igotzek.

Herritarrekin, herritarrentzat
Jon Miranda Txolarre irratiko zuzendaria da eta gertutik bizi izan du irratiaren garapena: “Zortzi urteotan euskarazko irratia egin dugu, eskualdean zerbitzu hori eskainiz. Jende asko pasa da hemendik urte hauetan. Horixe da, azken finean, Txolarreren oinarria: herri ekimenak sortu zuen eta herri ekimenak mantendu du bizirik zortzi urteotan. Irratia egiteko modu horrek bere zailtasunak ere baditu eta horretara dator Kabitik plazara ekimena, indarrak batu behar direla uste dugulako. Jendeak irratian parte hartzen jarrai dezan nahi dugu, horrela indartuko delako gure irratia. Txolarrek komunikazio eredu aktiboa defendatzen du. Ohiko komunikabideek informazio kontsumitzaile bezala ikusten gaituzte, baina Txolarrek, jendearen parte hartzea bultzatzen du eta indarrak bildu nahi ditugu horren inguruan. Txolarreko ateak beti daude zabalik; kontatzeko zerbait dutenek, musika gogoko dutenek, irratian aritu nahi dutenek..., hemen dute aukera. Horrek, jendearen konpromisoa eskatzen du, azken batean, inork deitu beharrik gabe hona etorri eta berri emateak konpromiso eta ardura eskatzen ditu. Geroz eta jende gehiagok hartzen du parte eta horrek horrela izaten jarrai dezan nahi dugu”.
Euskara hutsez, eskualdeko informazioa eskaintzen du Txolarrek egunero. Jon Mirandak, ordea, beste arlo bat ere nabarmendu nahi izan du: “Bigarren zerbitzu bat ere betetzen du Txolarrek, kazetaritza ikasleei, irratia maite dutenei, ikasteko aukera paregabea eskaintzen die. Soinu mahaia nola erabiltzen den erakusten zaie, eta hortik aurrera, irratsaioak egitera animatzen ditugu. Beste hirugarren zerbitzu bat ere betetzen du, izan ere, asko dira ekitaldiren bat antolatzeko garaian gure aholkua eskatzen duten eragileak. Txolarre horretarako ere badago, eta ahal dugun neurrian, gustura laguntzen dugu”.

Kalitatezko zerbitzua
Txolarre martxan jarri eta hilabete gutxira hasi zen bertan lanean Jon Miranda: “Txolarren lan egitea oso aberasgarria da. Lan eta konpromiso maila handia eskatzen du, baina merezi du. Azkenean, Txolarre eta biok elkarrekin txertatuta, itsatsita gaudela iruditzen zait. Hasierako urte haietan zegoen lantaldea murriztu egin da, baina hori ez dugu era negatiboan aztertu behar. Tamainaz ez gara hazi, baina gure komunikazio ereduan sakondu dugu, beraz, kalitatean irabazi dugula uste dut eta horretan jarraitu behar dugu lanean. Aurrera begira, Txolarre bezalako herri komunikabideak duintzea izango litzateke helburua, bere tokia eta indarra izan dezaten”.
Hamargarren urteurrenari begira jarri da  Txolarreko lantaldea. “Ekimen ezberdinak antolatuko dira  urteurren hori ardatz hartuta. Urte honen amaierarako, esaterako, irratiaren logotipoa berritu egingo dugu. Txoria izango da ardatz, baina aldaketa txiki batzuk egingo zaizkio. Horrez gain, 2009 eta 2010 urteetan zehar egitekoak diren hainbat ekitaldi dugu buruan, baina ez dugu guztia aurreratuko”.

Aiztondo bailaran antolatutako ekitaldiak
  1. Otsailak 14, larunbata. Bertso saioa: “Bertsoak 09+”.  Amaia Agirre, Aitzol Barandiaran, Uxue Alberdi, Unai Muñoa eta Gorka Barandiaran bertsolariak eta Gorka Tolosa gai jartzailea.
    Txartelak erosteko: Zizurkilgo Zentroa eta Aurrera taberna, otsailaren 13a bitarte.
    Prezioa 22 euro.
    21:00, Zizurkilgo Zentroa
  2. Martxoak 15, igandea. Herri kirol jaialdia: Belaunaldi ezberdinak lotuko dituen saioa. Batetik, Joxe Mari Mendizabal aizkolari adunarrak, 3 m. diametroko enborra ebakiko du, Anjel Arrospideren laguntzaz. Bestetik, Urdax Magunazelaia harrijasotzaileak, 105 kiloko harria altxatzeko ahalegina egingo du 12 urte bete aurretik. Bi ekitaldien artean, iparraldeko kirolak.
    17:30, Asteasuko kiroldegia
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!