Gazteleku Berria txapelketan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urt. 28a, 18:10

VI. BERRIA TXAPELKETA
Arkupe (Gernika)–Gazteleku
Kadeteak
San Sebastian–Arrizabalaga    06
Aristimuño–Ulanga    22
Jubenilak
Iturbe–Irusta    16
Irastorza–Zendoia    22
Nagusiak
Soler–Arronategi    10
Eskudero–Loiola    22

Kadeteetako partidak kolore bakarra izan zuen, Andoaingo Gaztelekukoena. Gipuzkoako txapeldunak dira eta hasierako nerbioak uxatutakoan azkar erakutsi zuten nor zen gehiago. Ulangak, oso ondo jokatuz, partida menderatu zuen. Atzelaria izan arren tanto bakarra galdu eta 6 egin zituen. Aristimuñok ondo lagundu zion eta bereak izan ziren tantorik onenak. Ezkerrarekin zabalera bidalitako boleek min handia egin zuten. Arkupeko atzelaria ere, Arrizabalaga, 15 urte besterik ez dituena, tanto bat bera galdutzat eman gabe, oso ondo aritu zen.

Jubeniletakoan asko espero zen, baina bi alde nabari azaldu ziren. Gipuzkoarrek sendo jokatuta hasieratik aurreratu ziren: 07-02, 14-05, 17-07, bai Zendoiaren joko onari esker, baita Irastorzak sakez 6 tanto eginda. Bizkaiko txapeldunordeak ordurarte txarto arituta, partida galduta ikusi zutelako edo, Irusta atzelaria esnatu, partida menderatzen hasi eta mailako atzelaririk onenetakoa dela erakusten hasi zen. Eta Iturbek ondo lagunduta 14raino hurbildu ziren. Gaztelekukoek, zaparrada ondo jasan ondoren, 22-16 irabazi zuten 45 minututan. Aipatu beharrak dira Irustaren alde txar eta onak. Pilotari ona ateratzeko doairik ez du falta, baina lan gehiago eginaz gain, ez luke bururik hainbestetan galdu behar.

Nagusiek ere kolore bakarra izan zuen. 07-09 arte partida ona eskaini zuten. Orduan gipuzkoarrak faborito nor zen erakutsiz, bere maila ematen hasi ziren. Loiola atzelariak aurkariak menderatuz eta ia tantorik galdu gabe, Eskuderok ondo aprobetxatu zuen mota guztietako tantoak eginez, 14 denetara, 07 sake barne. Bera izan zen onena.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!