Josune Lizaso Mujika arraunlaria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urt. 28a, 18:09

Josune Lizaso Mujika (Andoain, 1991) Ur-Kirolak klubeko arraunlaria da, modalitate olinpikoan. Estatuko dominak leporatu ditu jubenilen mailan, eta orain Londoneko txapelketa batera joatekoa da taldekideekin.

Zerk animatu zintuen holako kirola praktikatzera, Andoainen talderik ez egon arren?
Josune Lizaso Mujika. Orain bost urte Iker Mujika nire lehengusua banku mugikorrean hasi zen arraunean. Ur-Kirolak taldean neskak falta zirela aipatu zigun etxean. Aita Aginagako bateletan ibilia zen gaztetan eta nik estropaden mundua jarraitzen nuen zertxobait, baina ez nekien banku mugikorra zer zen, eta ez nuen interes askorik azaldu. Orduan ama etorri zitzaidan: probatzeko eta gero nahi nuena egiteko esanez. Probatu nuen, eta segituan geratu nintzen kateatuta. Boleian aritzen nintzen Leitzaranen, baina bigarren urterako hura utzi eta arraunean sartu nintzean bete betean. Bostgarren urtea da honako hauxe.

Zer modalitateetan zabiltza, eta zein dira zure garaipenak txapelketetan?
J.L.M. Jubeniletan bigarren mailan aritzen naiz. Galizian iaz ospatu ziren estatuko txapelketetan, brontzezko bi domina irabazi nituen, Scull modalitate olinpikoan. Bata bikotzean eta bestea laukoitzean.

Kirol hori oso gutxi ezagutzen da Andoainen.
J.L.M. Ezjakitasun handia dago. Lagunek zein kirol mota zen ez zekiten hasieran. Askok katxondeoz eta horrela, ea “piraguan ibiltzen naizen” galdetzen didate.

Itsasoko estropadekin daukazuen aldea azaldu beharko diozu jendeari maiz.
J.L.M. Bai, esaten diet gure traineruak azkarragoak direla; estuak eta luzeagoak direla, eta beraz, itsasorako ez dutela balio, olatuekin-eta hautsi egingo liratekeelako.  

Teknika ere aldatuko da batetik bestera.
J.L.M. Finkoan lan guztia gorputzaren enborrarekin egiten den bezala, mugikorrean enborrarekin ez ezik hankekin ere egiten da. Gurea kirol konpletoagoa da alde horretatik.

Nolakoak dira zuen entrenamenduak?
J.L.M. Oso gogorrak. Irailean hasi eta ekainean amaitzen da denboraldia, estatuko txapelketarekin. Hain justu, Sanjuanetan izaten direnez, azken bost urtetan ezin izan ditut herriko jaiak ospatu. Egun horietan, estatuko beste puntetatik deitzen diedanean lagunei, parrandatik etxerako bidean harrapatzen ditut...
Astean asteazkenetan bakarrik egiten dugu jai. Lau egunetan alderdi fisikoa lantzen dugu, eta asteburuetan, uretan sartzen gara. Asteburukoek ez dute ordu jakinik, itsasoaren mareak markatzen du noiz bai noiz ez. Lehiaketak, berriz, oso gutxi izaten ditugu, eta otsailean hasten dira.

Kirol jarduera gogorra, lehiaketa gutxi... zerk animatzen zaitu, baina?
J.L.M. Pentsatzen jarrita, ez dakit zein den pizgarria, arraunlarion artean dagoen giroa edo zer... Bakarra izango naiz Andoainen modalitate honetan, eta ezingo nuke esan zerk bultzatzen nauen ilunabarrero trena hartu eta Loiolara joatera eta han palari eman eta emanez gorputza egurtzera. Jakinda gainera, etxera gaueko hamarretan iritsi eta eskolako lanak egin beharko ditudala...

Loiolan daukazue egoitza. Zer moduz Urumea ibaian?
J.L.M.Nahiko gaizki. Itsasbeherarekin ezin da arraunean egin, eta ahal denean beti arretaz ibili beharra daukagu. Aspaldian ez da dragatu ibaia, eta edozer gauzarekin egiten duzu topo bidean: arkaitzak ez ezik, edozein zabor, ardi edo zakurren gorpuak, arrantzaleen kainaberak...
Londonera joatekoak omen zarete laster...
J.L.M.Jaitsierako lehiaketa jokatzen da han, eta Europako onenak agertzen dira. Zortzikoentzat izaten da, eta 300 bat talde ateratzen dira. Julian Arratibel entrenatzaileak aipatu zigun, eta guk baietz esan! Abentura da guretzat, eta ikastera goaz. Klubak ezin digu dirurik eman eta dena gure bizkar doa. Xoxak ateratzeko, egutegiak eta txartelak jarri behar izan ditugu salgai.

Egutegiko argazkietan, zuek kirola egiten agertzen zarete. Inork ez al dizue esan “suhiltzaileen estiloan” agertu behar zenutenik?
J.L.M.Batek baino gehiagok. “Eta bilutsik zer?” galdetzen dizute, pixka bat frustratuta.

Emakumeen estropadak indarra hartzen ari dira. Ez al dizue tentatzen Kontxan parte hartzeak?
J.L.M.Gure lehendakariak komentatu digu ea animatzen garen. Noski animatuko ginatekeela; kemena eta indarra badaukagu, eta ez ginateke gaizki ibiliko. Hori bai, inguruko beste klubekin elkartuta atera beharko genuke, nahiko arraunlari ez gaudelako taldean. Hor dago koxka hain zuzen, bakoitzak bere klubaren izenarekin atera nahi baitu.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!