Koruko Zurutuza ipuin kontalariarekin kontu kontari

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urt. 28a, 18:08

Koruko Zurutuza Otabide, Zubietan jaio zen 1968ko ekainaren 2an. Gaur egun, Andoaingo Leizotz auzoko Urrillondo baserrian bizi da. Baserri horretara iristeko errepidea Urnieta aldetik bakarrik dago, Besabi eta Marizulotik barrena, eta ondorioz, bizitza ere Urnietan egiten dute, “umeak Urnietako ikastolan dabiltza, gaixotzean Urnietako anbulatoriora etortzen gara...”.

Donostiako eta Usurbilgo lurretan dagoen Zubieta auzoan ume zinela bizitutako oroitzapenak izango dituzu?
Koruko Zurutuza: Gogoan dut txikitatik gauzen zergatia ulertzea gustatzen zitzaidala. Eta gogoan dut, baita ere, Don Francisco, Zubietako azken apaiza izan zena. Berezia zen, teniente koronela, Afrikako gerran ibilia. Zortzi urterekin komunioa egiteko katekesira joaten hasi nintzenean, han ikusten nituen umeak beldurrez, alde egin nahian, eta guzti hura ez zitzaidan batere normala iruditzen. Dena zen beldurra. Nik ere gaizki pasatzen nuenez, amari esan nion, ez nuela katekesira gehiago joan nahi, eta komunioa egitearekin batera bukatu zen elizarekin nuen harremana. Apaizaren famili arteko ziren lagunak banituen, eta han ibili zen gure Don Francisco,  ni sorgin bat nintzela eta nirekin ez ibiltzeko haiei esanaz”.  

Txikitan ipuin asko kontatzen zizkizuten?
K.Z.: Amonak kontatzen zizkigun istorio ugari. Herritik berarekin oinez genbiltzala  kontatzen zizkigun historia horiek, batez ere sorginei buruzkoak. Gainera, berak kontatzen zituen benetan gertatuak izan balira bezala.

Ipuinak gustukoak zenituen orduan?
K.Z.: Niri ipuinak gehiegi gustatzen zitzaizkidan, eta zaizkit orain ere. Amak errieta egiten zidan irakurtzeagatik, hau da, gaur gertatzen denaren alderantziz. Orain, gurasook saiatzen gara umeek irakur dezaten, ba niri errieta egiten zidaten beti irakurtzen aritzen nintzelako.

Beraz,  irakurle ona izan zara.
K.Z.: Bai, ume-umetatik gainera. 7-8 urte nituela, nire irakurzaletasuna ikusita, eskolako andereño batek liburu bat oparitu zidala gogoratzen naiz.
Nola pasa zinen ipuinak irakurtzetik, ipuinak kontatzera?
K.Z.: Ipuinak kontatzen asteko lehenengo pausoa, Egape ikastolan egin zen tailer bat izan zen. Bertan dabiltzan ikasleen gurasoei zuzenduta, umeei etxean ipuinak nola kontatu irakasteko xedearekin antolatu zuten. Eta ni han izan nintzen. Ikastaro hori ematera Yolanda Arrieta idazlea etorri zen, eta Yolanda emakume oso berezia da, niretzat deskubrimendu bat izan zen. Berak, oso ondo landu zuen gaia ikastaro hartan, eta bigarren urtez ere etorri zenean, niri asko lagundu zidan. Gero, Lasarteko liburutegian, ezagun baten bidez ipuin irakurketak egiten hasi nintzen, eta duela gutxi izan naiz bertan bigarren urtez. Horrela hasi, eta geroztik pixkanaka-pixkanaka hor ari naiz mundu zoragarri horretan murgiltzen.

Ipuinak, nondik ateratzen dituzu?
K.Z.: Liburuetatik, asko irakurri ondoren. Batzuk ikusten dut irakurtzeko baliagarriak izan litezkeela eta beste batzuk berriz, kontatzeko. Oso desberdina baita ipuinak kontatzea edo irakurtzea. Irakurketetan, adibidez, ipuin liburuetako marrazkiek erruz laguntzen dute ipuina behar bezala ulertzeko.

Orduan, nola egiten duzu ipuinen aukeraketa?
K.Z.: Gaur egun mota askotako ipuinak aurki daitezke. Ipuinak kontatzeak aurreko lan handia eskatzen du. Egunero aritzen naiz ipuinak irakurtzen, eta ipuin batzuk ez didate ezertxo ere esaten, ez kontatzeko, ez irakurtzeko, ez ezertarako. Beste batzuk ez zaizkit iruditzen umeentzako direnik ere, oso abstraktuak direlako, edo beste mila arrazoirengatik. Niri gustatzen zaizkidan ipuinak batez ere, izaten dira, umeek zerbait ikasteko baliagarriak direnak, edota fantasiazkoak, eguneroko errealitatetik pixka bat ateratzeko. Zerbait ikasteko edo emozioak lantzeko ere oso baliagarriak direnez, ondorio edo moraleja bat baldin badu, ba ondo baino hobeto. Eta gero, oso garrantzitsua da, adin bakoitzari egokitutako ipuinak izatea.

Konturatzen zara ipuina gustatu zaien edo ez?
K.Z.: Bai, normalean konturatzen naiz. Batzuk barre egiteko izaten dira, beste batzuekin liluratuta gelditzen dira...gehienetan aurretik jakiten dut nolakoa izango den umeen erreakzioa.

Ze adinetako umeentzat kontatzen dituzu ipuinak?
K.Z.: Normalki, bostetik bederatzi urtera doan tarte horretakoentzat. Lasarten egin nuen ipuin irakurketa batera, hamabi eta hamahiru urteko ume batzuk ere etorri ziren, orduan txikiak lotsatuta alde egin ondoren, beraien adinekoentzako moduko ipuin bat kontatu nien, eta horietako batzuk etortzen jarraitu zuten hurrengo egunetako irakurketetara.

Ze adinetako umeek jartzen dute atentziorik gehien?
K.Z.: Niretzako adin oso polita da zazpi, zortzi, bederatzi urteko hori. Gero, adibidez ikastetxean arazoak dituzten umeentzako, ipuinen bidez arazo horiek lantzeko, hamar edo hamaika urte inguru hori ere adin ona da.

Ze bilatzen duzu, umeek entzun dezatela, edo baita ere beraien parte hartzea?
K.Z.: Beraiei parte harrarazteko eta joko moduan gauzak egiteko, taldeak txikia izan behar du. Hogeita hamar edo berrogei umerekin ezin da horrelakorik egin. Talde handia denean arreta galtzea erraza izaten da. Bat edo beste hasten da mugitzen edo hitz egiten, eta bai beraiek, bai ondokoak aztoratu egiten dira, eta ondorioz ez dute ipuin kontaketa behar bezala jarraitzen.

Inoiz pentsatu duzu helduei ipuinak kontatzea?
K.Z.: Ez dut inoiz egin. Baina batzuetan gurasoek galdetu izan didate zer moduz joan den saioa, eta orduan lagunak ditudan guraso batzuei kontatu izan diet aurrez umeei kontatutako ipuinen bat. Ikastetxetan aritzen naizenetan ere andereñoek entzuten dituzte. Eta gustatu zaiela entzuteak jarraitzeko indar handia eman dit.

Kontaketan lagungarririk erabiltzen al duzu?
K.Z.: Oraingoz nire ahotsa eta  nire eskuak. Besterik ez.

Ipuinak kontatzeaz gain, zein dira zure zaletasunak?
K.Z.: Irakurtzea, eta gero naturarekin harremana duen guztia gustatzen zait, baratza lantzea, animaliak, baina zoritxarrez ez dut denborarik izaten egin nahiko nituzkeen gauza guztiak egiteko.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!