Amiantoa hizpide

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urt. 28a, 18:06

Lantegietan hartzen diren gaixotasun larriak izan zituen hizpide Jesus Uzkudunek, Urigain kultura etxean pasa den asteazkenean, hilaren 21ean, eman zuen hitzaldian. CCOO sindikatuan lan osasuna eta ingurugiroa jorratzen dituen sindikalista historiko honek, eta urte mordoa darama borrokan, erakunde publikoek onar ditzaten amiantoak eragindako gaixotasunak.

Hainbat datu eman zituen amiantoaren fibrak 60, 70 eta 80ko hamarkadetan eragin zituen minbizi kasu ugariren gainean. Urte horietan hainbat enpresek material minbizi eragile horrekin egin omen zuten lana, eta bitartean, manipulatzen aritu ziren langileek ez zuten horren aditzerik izan.

Uzkudunek arabera, eskualdeko hainbat lantegik erabili zuten amiantoa: Krafft, Orbegozo, Michelin, Vegasa, Orona, Cementos Rezola, papertegiko enpresa gehienek, makina bat tailer txikik...

Amiantoko dosi txikiak irentsi eta minbizia handik hamar edo hogei urtera garatzea da normalena, sindikalistak ziurtatu zuenez. Horrela, normalena da lan erretiroa hartu eta gero hil direnen kasua. Osasungintzak gero eta froga gehiago azaltzen dituen arren, erakunde publikoak, Osakidetza, Mutuak eta enpresak tematuta daude errealitate hori ezkutatuta jarrai dezan.

Uzkudunek, amiantoaren eraginez gaixotu diren pertsonek salaketaren bidea har dezaten eskatu zuen hitzaldian zehar. Gutxi baitira, oraingoz, pauso hori ematera ausartu direnak. Alde horretatik, epaitegietara jo duten Andoaingo bi pertsonen kasua goratu zuen. Lasarte-Oriako Michelingo langileak izan ziren bere garaian, eta amiantoarekin egin behar izan zuten lan luzaz; oso larri daude une honetan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!