Arrilimoiko biztanleak kexu

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urt. 28a, 18:05

Urnieta eta Hernaniren muga inguruan kokaturiko hainbat biztanlek beren kexua plazaratu du, bizi diren bailarak azkenaldian jasan duen txikizioa salatzeko. Bertatik igarotzen den Arrilimuri (Arrilimoi) errekak izena ematen dion bailara hau, Urnietako Gurutzeaga baserria eta Gurutzepe etxearen ondoan hasi, eta Hernaniko Osinaga auzora doan bidearen ezker-eskuinean kokatzen da.

ETXE ETA BASERRIAK
Etxe eta baserri hauetako biztanleak agertu dute kexua: Aritzolaborda, Basitegi, Beheko Barkaiztegi A eta B, Beheko Inbutegi, Ezeitza untxien etxaldea, Goiz Argi, Gure Ametsa A eta B, Itturbide, Onyipe, Tolarieta, Zuatzeta A eta B.

HISTORIA EGINEZ
“Hogei urte inguru dira erreka ondoan nekazal izeneko pabiloi bat eraiki zutela. Pabiloi hori, obretako materiala eta makinariaren biltegi moduan erabili izan zen. Duela bost bat urte, jabeak saldu egin zuen, eta erosi zuen enpresa berriak obretako zaborra biltzeko kamioi eta kontainerrak ditu bertan. Eta duela urtebete ingurutik pabiloiaren ondoko zelaian hasi zen, batez ere, lorazaintzako hondakinak eta enpresetako paletak birrintzen”.

BIDEA ETA BASOA
Urnietatik gune honetara ibilgailuz iristeko Lategi auzoko errepidea hartu eta Goikoetxeko  ur deposituaren parean ezkerrera hartu behar da. Bidearen azken zatia, bertakoen erabilerarako hormigoizko auzo-bide estu bat da. Konposta egiteko lanekin hasi zirenetik bertaratzen den kamioi kopurua handia izanik, enpresa honetako jabeek, bidea zabaltzea erabaki zuten. Eta horretarako iazko urrian Gurutzepe etxe ondotik, Arrilimuri pabiloirainoko basoa bota egin zuten.

BATZAR NAGUSIETAN
Iazko azaroaren 11n Batzar Nagusietan,  Euskal Sozialistak taldeak, zuhaitz botatze horri buruz informa zezala eskatu zion Landa Garapenerako Foru Diputatuari. Rafael Uribarrenek abenduaren 18an eman zuen erantzuna, esanaz Udal baimena eta Mendiak eta Habitatak Kudeatzeko Zerbitzuaren baimena lortu aurretik egin zela lizar, platanondo eta haritzen mozketa. Eta, nahiz basoa bota ondoren, bi baimenak eskuratu zituzten, espediente zigortzailea irekitzea erabaki zela.
 “NEKAZARITZARAKO”
“Pabiloia bera, teorian nekazaritza eta abeltzaintzarako baldin bada ere, betidanik obretako materiala jasotzeko biltegi moduan erabilia izan da. Eta ondoko zelaian, besteak beste, industri hondakinak aire librean ari dira birrintzen. Zaborra, egurrak, paletak, enborrak eta ez dakigu zer gehiagorekin kargatutako kontainerrekin joaten diren tamaina handiko kamioi eta kamioneten  joan etorria etenik gabea da”.
BAILARA AKABATU
Oso kritiko agertzen dira egiten ari den errepidea zabaltzeko lanekin, eta galdetzen dute “auzo bide batek zertarako behar du sei metrotako zabalera?” edo “zergatik ari dira erreka estaltzen lurrez eta zaborrez, edo zergatik bota dira ehun urtetik gora zituzten haritzak?”. Argi eta garbi  adierazten dute “egindako sarraskiarekin Arrilimoi bailara akabatu dute. Badakigu gutxi garela eta onartzen ditugu hirigunetik kanpo bizitzeak berarekin dakartzan gabeziak. Baina, ez gaude prest hondakin birrindu horrek botatzen duen usain txarra, eta atmosferara igortzen dituen gasak bere horretan onartzeko. Ezta ere, bertan sortzen den zarata eta hautsa, edota, orain gertatzen den moduan, atseden orduak ez errespetatzea. Etenik gabeko ibilgailuen joan-etorria jasatera ere kondenatu gaituzte”.

BABESIK EZA
Bizilagunek babesik eza ere salatzen dute, “jakin nahi dugu, gure osasuna, baratzak, ganaduak eta abar, kaltetuak ez izateko zer nolako neurriak hartu diren. Eta, nork babesten du erreka? Baita ere adierazten dute “bide hau oinez edo txirringaz ibiltzeko oso erabilia izan da orain arte, baina orain ezinezkoa egiten da. Lasai bizitzea besterik ez dugu nahi, gure betiko bizi-erritmoa eta bizi-kalitatea mantenduz”.

BAIMENIK GABE
“2009ko urtarrilaren 19ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean agertzen denez, industriako egurra konpostatu eta birziklatzeko planta jarduerarako baimenaren eskaeraren jende aurrean jartzearen berri ematen du. Beraz, ez du inongo baimenik. Bidea zabaltzeko baimena, gure ustetan, jarduera baimenaren ondorioa litzateke, beraz Udala aurreratu egin da”.

EKO-NEGOZIOA
“Aldundiarekin harremanetan jarri ginen, eta Urnietan konposta egiteko plantarik kokatzeko asmorik ez dutela esan ziguten, beraz, partikular baten negozio bidearen aurrean egon gintezke”.
“Bailara honetan ez dugu behar konpostatu eta birziklatu bezalako hitzen babesean ezkutatutako enpresarik. Badirudi, agintariak baino lehenago iritsi dela eko-negozioa. Zertarako daude bada, industriguneak? Babestu ditzagun gero eta eskasago diren nekazal guneak”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!