Mikaela-Enea, sinadura bilketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urt. 28a, 18:04

Mikaela enea ez botatzeko eskatuz, herritar taldea sinadurak biltzen ari da. Sinadura bilketa Urnietako denda eta hainbat tabernetan eskuragarri daude orrien bidez ari da egiten. Bilketa igandean amaitzekotan baziren ere, epea luzatu eta azken egunean kalean sinatzeko mahaiak jartzeko asmoa agertu dute. Sinadura bilketa honen atzean, besteak beste, Ander Beristain, Daniel Segurado eta Javier Segurado,  Urnietako arkitektoak daude.

Sinadurak biltzen ari zarete. Nortzuk?
Arkitektoak: Honen atzean herriko arkitektoak baldin bagaude ere, ez dugu gugan pertsonalizatu nahi. Gu edonor gara, eta modu honetan, Mikaela enea botatzearen aurka daudenei hori adierazteko bide bat eman nahi diegu. Ikusirik zenbat jende dagoen gai honekin arduratuta, esan genezake herri intereseko gai bat dela. Hain zuzen ere, urrats hau ematea erabaki genuen, jende asko ari zelako zerbait egin beharra zegoela esanaz. Ez gara “talde” bat, hau herritarren intereseko zerbait da.

Zer dela eta zaudete botatzearen aurka?
A.: Oinarrizko arrazoi bat badago Mikaela enea mantentzeko: hor dagoela. Eta daraman denbora kontutan izanik, herritarren sentimenduen ondare bat da. Nola ulertu leku hori etxerik gabe? Jende askori pena ematen dio botatzeak... Galderak alderantzizkoa izan beharko luke, zergatik bota? Eta horretarako ez dugu argumenturik aurkitu. Inork ez du botatzea justifikatuko duen arrazoirik plazaratu. Ez dago informe serio bakar bat ere botatzea nahitaezkoa dela adierazten duenik. Paretak egoera onean daude, eta barruko egoera ez da erabakigarria. Gainera, eta beharrezkoa izanez gero, polikiroldegi aldera handitua izateko aukera ugari ematen duen eraikina da. Udalean ezaguna dute herriko teknikarien iritzia. Beraz, zertara jolasten ari gara?

Eta, zertara jolasten ari gara ba?
A.: Inork ez daki. Politikoek gai hau erdi sekretuan daramate, eta beraien erabakien zergatia misterio bat da. Gauza bat behintzat argi dago: Mikaela enearekin zerikusirik ez du. Hala ere, inor ez da arduratzen etxea zaintzeaz, pixkanaka hondatzen uzten joan dira.

Zerbaitetarako balioko al du sinadurak biltzeak?
A.: Baliteke ezetz. Udalak hartzen dituen erabakiak eta herritarren iritzien  artean halako distantzia bat bizi dugu. Herritarren parte hartzearen amets hura desagertu da, eta etxe honekin gertatzen ari dena da horren adibide garbia. Sinadurak biltzen hasi garenean konturatu gara jende asko zela botatzea erabakirik zegoenik ez zekiena. Eta informaziorik gabe ezin iritzirik izan. Ikusi ahal izan dugu hainbat herritarren benetako haserrea botatzera doazela esan diegunean. Garbi utzi behar da gai hau ez dela erabakitzen zenbat herritar botatzearen alde eta zenbat kontra dauden zenbatuta. Ez. Nahikoa da herritar gutxi batzuk botatzearen aurka izatea ez botatzeko. Eraikina mantendu nahi dutenak errespetatu behar dira. Botatzea, hor dagoen zerbait ukatzea da. Zer dela eta, norbaitek nahiko du botatzea? Nork kendu nahiko die eraikina, honekin lotura emozionala duten herritarrei? Herritar batzuk, ba al dute eskubiderik, beste herritar batzuei zerbait kentzeko? Alderantziz denean ez da berdin izaten. Eraikina mantentzea nahi dugunok ez dugu ukatzen eraikin berriak egiteko dagoen  aukera. Beste toki batean egin eta kito. Sinadurak biltzearekin adierazten dugu Mikaela enea hor ikusten jarraitu nahi dugunak asko garela.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!