Karlos Almortza, elkarrizketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urt. 28a, 18:03

28 urte egin ditu guztira etxetik kanpo Karlos Almortzak. 15 kartzelan eta 13 ihesi. Fleury, Fresnes, St. Maur, Soto del Real, Valdemoro, Aranjuez, Puerto de Santa Maria eta Villabonatik pasatakoa da. Leku eta zenbaki mordo horrek eskarmentu sakona adierazten duen arren, bere burua nabarmentzea gorroto duela adierazi du; etxean ikasitako apaltasunari eutsi nahi dio.

Zer izan etxera etorrita egin nahi izan zenuen lehenbiziko gauza?
K.A.: Dominika Urretari lore sorta ematea. Horixe zen buruan neukan gauza bakarra aspaldiko urtetan, semea galdu zuenez geroztik. Ordu bete egin nuen hizketan berarekin, eta a ze lasaitasuna hartu zuen nire barruak! Azken finean, hemen badaude guztia eman duten pertsonak; beste batzuk atzetik gatoz.

Espero al zenuen egin zizuten harrera eta ongietorria?
K.A.: Ezin hobea izan zen. Hunkigarria. Txundituta geratu nintzen. Zalapartarik gabe, jendearekin hizketan lasai egoteko moduan. Holaxe gustatzen zait niri.

Zumeako oholtzara igota, ezin izan zenuen hitzik egin kasik…
K.A.: Batetik beldurragatik, egun egoera dagoen eran edozer gauza esan eta berriro barruan zaudelako. Eta bestetik, norberaren izaerarekin doan kontua izango da akaso. Amak erakutsita, etxean beti geratu gara markatuta diskrezioagatik; zintzotasunez jokatzen saiatu naiz, inoiz inon nabarmentzeko gogorik gabe. Prentsa ere etorri zait titular deigarriko elkarrizketaren bila, baina ez dut inongo interesik agertzeko, 15 urte isilik pasa eta gero. Aiurriri esan diot baietza soilik, eskerrak emateko sentitzen dudan irrika bizia asetzen lagunduko didalako.

Baduzu, beraz, urte hauetan lagundu dizutenak aipatzeko gogorik.
K.A.: Hartara jarri arren, ezingo nieke erantzun eman didaten guztiei. Hala ere, familia aipatuko nuke lehenengo eta behin. Zoragarri-zoragarria da nirea. Zein ondo jokatu duten nirekin! Gero eta froga gogorragoak jarri dizkiote bidean urte hauetan, eta hala ere, beti erantzun dit.
Aipatuko nituzke bigarrenik, bisitan edo gutunetan gertu izan dudan jendea. Askorekin  eduki dut tratua, eta ez ezker abertzaleko jendearekin soilik, ideia guztietakoekin baizik. Gordeta dauzkat gutun guztiak. “Behar duzun guztia eskatuz, idatzi niri”, esaldi horrek ze balio hartzen duen kartzelan, ondo ikasi dut nik!
Horiei guztiei esker atera naiz ondo kartzelatik. Oinarrizkoa besterik ez diet eskatu, eta hori eman didate. Pentsa ez inor ez ezer ez daukaten preso sozial ugariren etorkizuna…
Eskerronen atala Aiurri aldizkaria aipatuaz bukatu nahi nuke. Asteko oparia izan da niretzat, hasieratik. Herriko kontuen berri izateaz gain, herrimina eta herriko partaide sentitzen lagundu dit izugarri. Villabonako herrira aurreneko aldiz sartu nintzenean lehengoan, banekien non ziren eraikuntzak, bakoitzean nor eta zer dagoen… Ekarri ninduen laguna harrituta zegoen nirekin, ez baitzidan ezer esplikatu beharrik, nahiz 28 urte igaro kanpoan. Ondo ezagutzen dudan leku batera itzuli naizen sentsazioa daukat benetan. Amasa-Villabonako erretratu zaharren liburua eskutan nuela ere, txoratzen ibili naiz.
 
Kartzelaren gogortasuna azaldu liteke hitz gutxitan?
K.A.: Ez da erraza azaltzen zer den 15 gose grebetan parte hartzea, negu oso bat -Aranjuezen bezala- 10 gradu azpitik eta berogailurik gabe bizitzea… Hala ere, ez naiz ni egokiena kexatzeko. Pentsatzen jartzen naiz, eta Puerton utzi ditudan lagunekin gogoratzen naiz; Xantik, adibidez, 28 urte daramatza eta Parot doktrinak beste 22 erantsi dizkio. Hark gainera, hamar eguneko tortura basatia jasan zuen komisaldegian; kalbario horretatik ni ez ninduten pasarazi.

Maila pertsonalean ze lan egin behar da 15 urte kartzelan burua argi mantentzeko?
K.A.: Guztiok izan ohi dugu indarra aurrera egiteko, kontua da ondo antolatu behar dela barruko bizitza, hormaren kontra jo gabe, dosifikatuz dena… Kartzelako diziplina erabili behar da norberak bere dizipilina ezartzeko.
Kartzela jendeak sufri dezan egina dago, eta horri aurre egiteko ezinbestekoa da mundu artifizial bat sortzea. Nire lehenbiziko elkarrizketa kartzelan, nire artekoa izan zen: “20 bat urterako hago eta azken eguneraino arituko haiz korrika eta gainera, egingo dituk ikasketak”. Txikituta ez, baizik eta osasunez eta buruz ondo atera dela preso bat ikustea, horrek ematen dio min sistemari. Kartzelako egonaldiaren alderdi baikorra, beraz, aspertzeko betarik inoiz eduki ez izana da.

Korrikarako joerari, kalean ere eutsi diozu.
K.A.: Patioan joan etorrian egunero egiten nituen 10 kilometroak ez zizkidan inork kentzen. Hona etorri eta hurrengo goizean, betiko arropa zaharra jantzi eta Amasa-Asteasu joan-etorria egin nuen korrika, bidegorrian zehar. Orain astean sei aldiz egiten dut saioa, pozik. Asteasun Iturrondon kafea hartu eta buelta! Bidean zenbat aldiz ez ote naizen geratu ezagunekin hizketan! “Euria ari du eta nora zoaz?” galdetzen dit izebak goizetan. Hemengo euritan bustitzea plazerra da. Gogorra, Puertoko patioan 45 graduetara ibiltzea da!

Aipatzekoak ere badira zure ikasketak, Egiptoko kulturarekin daukazun harreman bitxi hori…
K.A.: Ziegako ordu guztiak nireak zirela pentsatzea, hori zen nire errebeldia. Egunero zortzi ordu ematen nizkion ikasketari. Horrela lizentziatu nintzen historian. Zer dela eta egiptologiarekiko grina? Hamasei urterekin Parisera izeba bisitatzera joan nintzenean, Louvre museoan sartu nintzen. Han Egipto zaharreko idatziei begira jarri eta hura noizbait deszifratzera iritsiko nintzela agindu nion nire buruari. Kartzela urtetan, horren zail jartzen dizkiguten hieroglifikoak modu errazean ulertzeko mekanismoa sortu dut. Proposamen hori egiteko hiru koloreetaz -gorria, berdea eta beltza- baliatzen naiz. Beste bi lan ere eginak dauzkat: euskarak egiptoerarekin zerikusirik ez duela frogatu nahi duen ikerketa batetik, eta egiptoera-euskara oinarrizko hiztegia bestetik.    
Pozarren nago oraintxe, laster Bartzelonako Unibertsitateko epaimahai baten aurrean nire burua aurkezteko aukera izango dudalako. Epaimahai horrek, tesi doktorala defendatzeko bidea erraztu diezadake.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!