Julen Garcia Mendoza, Urnietako eskubaloi jokalaria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urt. 21a, 18:45

Eskubaloian bigarren denboraldiz dabil hamahiru urteko gaztea. Eta jada, Euskadiko Selekzioarekin Valladoliden egon berria da. Pozik da Julen Garcia bizitako esperientzia goiztiarrarekin.

Duela gutxi eguberrietan Espainiako Txapelketan parte hartu berri duzu. Nolatan?
Julen Garcia Mendoza: Valladoliden ibili naiz, eskubaloiko Euskadiko Selekzioarekin. Deitu egin zidaten. Lehenik Gasteizen egon ginen kontzentrazio batean, entrenatu eta elkar ezagutzeko. Gero, ekipamendu guztia eman ziguten eta Valladolidera joan ginen.

Nolatan jaso zenuen dei hori?
J.G.M.: Amenabarren aurkako partidan, oso gaizki jokatu genuen. Uste dut, orduan Euskadiko Selekzioko entrenatzaile bat joan zela ikustera. Eta nik pentsatzen oso gaizki jokatu nuela. Bi aste beranduago deitu zidaten. Ez nuen espero.

Estreinakoa, zer moduzko esperientzia izan da?
J.G.M.: Oso gustura ibili naiz. Lagun asko egin ditut.

Euskadikoan zer moduzko maila dagoela sumatu duzu?
J.G.M.: Oso jokalari onak ziren guztiak. Atezainak ere bikainak. Indar handiko taldea.

Inguru hauetatik Valladolidera joandako bakarra zinen?
J.G.M.: Irun eta Zarautzekoak ere tartean ziren.

Zer moduz moldatu zineten partidetan?
J.G.M.: Hiru norgehiagoka irabazi eta beste hiru galdu genituen. Baina postu on batean sailkatu ginen. Bi kategoria zeuden, infantilak eta kadeteak. Jubenilak beste nonbait jokatzen zuten. Selekzio asko zeuden. Lehen bi partidak kanariarren aurkakoak ziren, joanekoa eta itzulerakoa. Irabazten bagenuen, hurrengo faserako sailkatzen ginen, postu on batean gelditzeko. Garaile atera ginen. Nafarren aurka lehiatu ginen gero, neurketa hura ere irabazi.
Gero, gauzak zailtzen hasi ziren eta galdu egin genuen. Baina entrenatzailea oso gustura geratu zen, oso ondo jokatu baikenuen.

Lagunek eta senideek zer zioten?
J.G.M.: Oso pozik zeuden. Esan zidaten, halako aukerak bizitzan behin bakarrik izango nituela eta ondo pasatzeko.
Hamahiru urterekin jada, Euskadiko Selekzioan parte hartzeko aukera izan ostean, zerbaitetan aldatu zaizu kirolarekiko duzun ikuspegia?
J.G.M.: Lehen bezala nabil. Saiatu eta saiatuz gero gauzak hobeto egingo dituzu. Esfortzu asko egin ondoren, gero saria izango duzu. Baina nik lehen bezala ikusten dut guztia. Nola jokatzen duzun ikusita, agian hurrengo batean berriz deitzen dizute. Horretarako, taldeko entrenamendu eta partidetan gehiago esfortzatu behar zara.

Eta zer zioten eskubaloiko taldekideek?
J.G.M.: Taldea eta entrenatzailea ere oso pozik.

Bultzada ere izango zen zuen taldearentzat. Zer moduzko denboraldia burutzen ari zarete?
J.G.M.: Ona. Azkeneko bi partidak galdu egin ditugu baina gutxigatik. Hirugarren postuan gaude. Postu onean gaude.

Aurtengorako proposatutako erronkak betetzen ari dira?
J.G.M.: Gehiago esfortzatu behar gara, eta teknika gehiago ikasi behar dugu. Eta defentsa landu.

Eta zuen indar guneak zeintzuk direla esango zenuke?
J.G.M.: Defentsa eta kontra eraso onak ditugu, nahi dugunean. Kontra erasoak eta defentsak punturik gogorrenak dira.

Bizitako esperientziaren aurretik egindako aurreikuspena bete zaizu? Espero bezalakoa izan da?
J.G.M.: Espero nuena zen; hotela, partidak… Baina zelai batzuk ez ziren jokatzeko modukoak. Oso hotzak ziren eta ia baloia ere ezin zen hartu.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!