Postontzia: "Gazako babarrunak"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urt. 21a, 18:41

Azken hiru aste hauetan, guztiz immunea bihurtu naizela konturatu naiz. Egunero, eguerdi partean, bi gauza egiten ditut, eta batera gainera: bazkaldu eta telebista ikusi. Lan erraza dirudite biek; babarrun koilarakada bat Gazako hildakoen irudi bakoitzeko.

Lehenengo eguneko babarrunek ez zidaten onik egin, baina bigarren egunetik aurrera, erraz irensten nituen irudi guztiak. Egunak aurrera joan ahala, aldaketa gutxi izan da. Hildakoak palestinarrak dira beti, eta aldatzen den gauza bakarra nire eguneroko menua. Konturatu naiz odolaren usaina telebistatik nire etxera sartzen ez den bitartean eta zerbait ahoratzeko dudan bitartean, edozer ikusteko gai naizela.

Israeldarrek ere sentipen hori bera ote duten galdetu ohi diot neure buruari. Lasai bazkaltzeko gai ote dira? Palestinarrengan pentsatzen ote dute? Bai, lasai bazkaltzen dute, eta, ez, ez dira palestinarrekin gogoratzen, bertako komunikabideak erabat manipulatuta baitaude eta gobernuak guztiz kontrolatzen baititu.

Anaia Handiaren gisako gizartea da Israelgoa. Estatua 1948an sortu zen, milaka eta milaka palestinar hil eta beste hainbat beren lurretatik kanporatu ondoren. Orduz geroztik, gerrak besterik ez ditu sortu:1956an Egiptoren aurka, 1967an Siria, Egipto eta Jordania zituen jomuga eta 1973an lehenengo biak. Hori gutxi ez eta, 1978, 1982 eta 2006an Libanoren aurkako erasoak egin zituen. Israelgo biztanleria psikosi moduko batean bizi da, etengabeko gudan baleude bezala, eta, aldi berean, munduko gizarte militarizatuena da (derrigorrezko soldaduskak hiru urte irauten ditu). Datu horiek argi erakusten dute israeldarrak odol artean hezi direla.
Israel gorrotoan eta arrazismoan oinarritutako herrialdea da. Biztanleriaren %20ak jatorri musulmana du, hau da, palestinarrak dira, eta guztiz zapalduak daude, israeldar nazionalitatea izan arren. Judutarren artean ere ezberdintasunak egiten dira, eta jatorriaren arabera eskubide gehiago edo gutxiago dituzte (jatorri alemaniarreko judutar batek bizitzeko erraztasun gehiago ditu Etiopiako batek baino).
Beste behin ere, erasora jo du Israelek, eta azken aste hauetan Gazan egiten ari dena genozidio hutsa da, ez besterik. Ironikoki, Raphael Lemkin izeneko judutar batek asmatu zuen hitz hori. Jakina da judutarrek asko sufritu izan dutela historian zehar, baina Palestinan gertatzen ari dena historiaren errepikapena besterik ez da. Judutarrek jasandakoa palestinarrak pairatzen ari dira orain, eta lehen erail eta erasotzen zituztenak hiltzaile eta erasotzaile bihurtu dira. Orain gutxi arte Gazak Varsoviako ghetto bat zirudien, baina azken erasoekin, lur eremu hori Auschwitz handi batean bilakatu da.  Israelgo estatuaren politika, berriz, Hitlerren Alemania naziarekin parekatu daiteke. Eta hori guztia nahikoa ez balitz, palestinarrak blokeo kriminal baten menpe daude aspaldidanik, eta ez dute oinarrizko lehengaiak izateko eskubiderik ere: ura, argindarra, sendagaiak, janaria… Ondorioz, mundutik isolatuta bizi dira palestinarrak.

Nork du horren guztiaren erantzukizuna? Estatu sionistak soilik? Estatu Batuek eta Europako Batasunak? Herrialde arabiarrek? Guztiek dute erruaren zati bat, interes propioen arabera jokatzen baitute. Historiak argi erakutsi digu ezer gutxi espero dezakegula horiengandik. Nire ustez, herritarrok izan behar dugu konponbidearen giltza. Horregatik, une honetan, oso garrantzitsua da Israelen aurkako boikot kanpainara atxikitzea (israeliboikot.org); Hego Afrikako ereduak argi utzi zuen modu aski eraginkorra izan daitekeela.

Guztion esku dago. Biharko bazkarian, zopa eta haragi egosiaz gain, hildako palestinarrik izan ez dezagun postre moduan.

Aitor Alustiza Nazabal
irakaslea, ANDOAIN

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!