Zubillaga 14 urterekin Laborden hasi bazen ere, Orbelan lantegian egin zituen bere bizitzako urterik gehienak.
Langileen lan baldintzak eta askatasuna, bi aldarrikapenak uztartzen zituen herri mugimenduko kide ezagunetako bat izan zen 60-70eko hamarkadatan. CCOO sindikatuko eta MCE-EMK alderdi politikoko kide izan zen orduan. Garai istilutsu horri buruz Zubillagak eta beste zenbait garaikideek emandako testigantzak Leyçaur 5 aldizkarian geratu dira jasota (Otaegi, Karmele: La transición desde la perspectiva de la izquierda).
Franco hil osteko lehen urtetan, estatu aparatoetatik gertu zebiltzan inkontrolatuek gogor kolpatu zuten Andoaindik Astigarraga bitarteko eskualdea. Hilketak, tiroketak, erreketak... gertakizun ilun ugari gertatu zen oso denbora laburrean, eta Heriotzaren Hirukia deitu izan zitzaion orduan inguru horri. Zubilllaga biktimetako bat izan zen, hain zuzen. Heriotz mehatxuak jasan zituen, eta bai berari eta baita bere anaiari ere auto bana erre zieten, 1979ko martxoan.
ZINEGOTZI ANDOAINGO UDALEAN
Franco hil eta gero eratu zen lehen udal demokratikoan (1979-1983) parte hartu zuen zinegotzi gisa, esan bezala, EMK alderdia ordezkatuz. Bere botoak, gehi PSOEren hiru botoek eta EEren bost botoek azken alderdi honetako hautagai zen Jose Antonio Perez Gabarain jarri zuten alkatetzan orduan. Ramon Ansa Zinkunegi EAJkoa zen beste hautagaia (zortzi boto).