Postontzia: "Eskerrik asko"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urt. 21a, 18:38

Asko izan dira, azken aste hauetan Marizulori buruzko iritzia plazaratu dutenak. Asko izan dira, modu batera edo bestera egindako lana goraipatu dutenak. Eta orain, aurreikusitako emanaldiak eta gehiago burutu direnean, nik ere hitza hartu nahi nuke, eskerrak emateko unea iritsia dela iritzi baitiot.


Eskerrak, antolatzaileei eta arduradunei, bereziki Jaioneri, nire mugak ezaguturik ere, ni Leokadi izatearen aldeko apustua egin zuelako.
Eskerrak, baita ere, ikuskizuneko antzerki atalean lankide izandako guztiei, emandako animo eta maitasun guztiagatik. Zenbat une berezi, zenbat detaile txiki, zenbat... Guzti-guztiak, nire oroitzapen goxoenen artean gorderik dauzkat betirako. Jo, ze ondo pasa dugun, eta zenbat gozatu dugun guztiok elkarrekin!
Eskerrak, nola ez, ikusleei, emandako erantzun paregabeagatik, eta batez ere, hainbat unetan hunkitu zaretelako, eta hunkitu arazi nauzuelako.
Eskerrak, guztien gainetik, Mikeli, bera izan baitzen parte hartzera bultzatu ninduena. Ikasi dudan guztiaz gain, azken hilabete hauetan  bizitutako sentsazio eta emozio guztiak ezin dira hemen idatziz adierazi.
Marizulo, bai eszenatokian, bai eszenatokitik kanpo, ikuskizun arrunt bat baino askoz gehiago izan da. Barrutik, izugarria izan delako bertan parte hartu dugun guztiontzako; eta kanpotik, aspaldian Urnietan izan den kultur ekintzarik garrantzitsuena izan delako.
Bizipen honi esker, lehenengo aldiz urnietarra sentitu naiz, eta hori berez ederra bada, askoz ederragoa izan da, lehen ezagutzen ez nituen hainbat eta hainbat herritar ezagutu izana. Lehendik lagunak nituen hainbatekin, harremanak sendotzeaz gain, lagun berriak ere egin baititut. Inongo zalantzarik gabe, hori izan da, esperientzia honetatik atera dudan gauzarik onena.  
Ez dakit aurrerantzean zer gertatuko den, ez dakit etorkizunak zer ekarriko digun, hori, zoritxarrez ez baitago nire esku, baina esan nahi dizuet prest nagoela egin behar denerako, eta erruz gustatuko litzaidakeela horrelako momentu magikoak bizitu eta gozatuz jarraitzeko aukera izatea.
Bihotz bihotzetik, eskerrik asko.

Arantza. Urnieta
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!