XX. mendeko emakumeak ikerlan berri baten jomuga

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urt. 21a, 18:38

Mertxe Trantxe eta Iñigo Imaz pasa den mendeko emakumeak ardatz hartzen dituen ikerlana osatzen dabiltza. Urnietar emakumeak elkarrizketatu nahi dituzte, haien ahotsarekin aipatu kolektiboaren aurreko hamarkadetako erretratua egiteko.

Nondik abiatzen da ikerlana?
Iñigo Imaz: Ikerlan hau Mertxe Trantxe irundarra eta ni neu egiten ari gara Eusko Ikaskuntzaren bidez, hitzarmena dagoelako Udalarekin. Aurkeztu genuen proiektuak bi fase ditu; lehenbizi dokumentazio lana. Horrek uste baino denbora gehiago eman digu, artxiboan uste baino gauza dezente gehiago aurkitu ditugu eta. Bigarren fasean, elkarrizketen gaia dago. Helburua bereziki emakume urnietarrak elkarrizketatzea da. Fase horretan gaude.

Interesdunek elkarrizketa horietan zer egin beharko lukete?
I.I.: Artxibo lanak errazten diguna historia ofiziala ezagutzea da. Dokumentazio ofizialean emakumeek duten papera oso mugatua da. Jendearen ohiturak eta bere ikuspuntuak jaso nahi ditugu, agirietan batez ere gizonezkoen pentsaera islatzen baita.

Bitxikeria asko aurkituko zenituzten?
I.I.: Frankismo osoan Urnietan bandoak euskaraz eta gazteleraz egiten ziren. Garai berean, “Sección Femenina” izeneko taldea zegoen. Pobreei lagundu edota bide “okerra” hartzen zuten emakumeei bidea zuzentzen zietena. Beren proiektuetan parte hartzen ez zutenak susmagarri gisa salatzen zituzten. Bestalde, Urnietan hiru zati bereizi zitezkeen; Lasarte-Oriako gune industrial erdaldun eta ezkertiarra batetik, nekazari giroko Urnieta bestetik, eta Urnietako kudeatzaileak bizi ziren herri gunea azkenik. Desberdintasunak ba ote zeuden ikusi nahi dugu.
Emakumeek gerora izan diren aldaketa guztietan parte hartu dute. Lehen hauteskunde demokratikoetan zinegotzi emakumeak ere atera ziren.

Zenbateraino datoz bat 60ko hamarkadatik aurrera Urnietan izandako aldaketa sakonak, emakumeen paperak izandakoekin?
I.I.: 60. hamarkadan jada hasten dira portugaldarrak etortzen, Urnieta gunea hazten, industria ia udaletxe atarian kokatzen da... Emakumeak lan merkatura ateratzen hasten dira. Aurreko ereduarekin hausten da, lehen, Lasarte-Orian alargun edo ezkondu gabea izatea pobreziaren sinonimo baitzen. 60. hamarkada arte, emakumezkoak Donostiara doazen esne banatzaileak dira edo bestela, irakasleak, telefonistak, neskameak, dendariak. 60. hamarkadan euskara munduan murgiltzen edota ikastolak bultzatzen ere hasten dira. Paper aktiboago bat hartzen. Baina horrek ez du esan nahi pentsaera kontserbatzailea galtzen denik.

Elkarrizketen fasean zaudete. Ikerlana noizko amaitzea espero duzue?
I.I.: Ekaina aldera liburu bat kaleratzea da gure asmoa; “Urnietako emakumeak XX. Mendean” liburua. Hortik aurrera, bideoan grabatzen ari gara. Dokumental bat egiteko asmoa dugu. Elkarrizketak anonimoak izango dira. Mentalitateak aztertzean liburuan elkarrizketatuen izenik ez dira aipatuko, zinegotzi eta halakoenak salbu. Gure asmoa ahal den neurrian jendeak egia esatea da. Dokumentalerako gaur egungo emakumeei elkarrizketak egin eta bakoitzak bere istorioa kontatzea lortu nahi da. Jendea honetan parte hartzera animatzen dugu. Ez dute halako beste aukerarik izango urteetan. Gainera garrantzitsua da, laster aldaketa horien testigantzarik ez baita izango.

ELKARRIZKETETAN PARTE HARTZEKO
Egileek herriko emakumeak ikerlanean parte hartzera animatzen dituzte. Interesdunek modu honetan harremanetan jar daitezke ikerlariekin: 678 595 972 telefono zenbakian  edota auskalo2@arrakis.es / lokitz@hotmail.com e-postatan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!