Garikoitz Plazaola, merkatarien negu gorriaren harira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urt. 21a, 18:37

Azken hilabeteetan Aiurri astekariak harategietan, arraindegietan, merkatalguneetan, jatetxeetan eta enpresetan krisi ekonomikoak kontsumoan duen eraginaz galdera egin du.
Oraingoan Ernaitzako Garikoitz Plazaolak merkatuaz eta salerosketaz hausnartzeko hitza hartu du. Merkatarientzat negu gorria iritsi den honetan, denda ireki  du garai berrietara egokituz.

Merkatarien urrezko garaia igaro da (Eguberriak, merkealdia)… Zu ere etorkizun hurbilarekin kezkatuta dagoen horietakoa al zara?
Garikoitz Plazaola. Kezkatuta gaude, ezinbestean. Informazio orokorra irakurrita edota irratia piztuta, argi dago egoera ez dela samurra. Ekonomian dagoen atzerapenak merkatariengan ondorio zuzena dauka, erosteko ahalmena murriztu egiten delako.
Oro har, egungo joera hau 2008 urtean zehar sumatu genuen. Jendeak kontu gehiago dauka erosteko garaian.

Andoaingo merkatarien aurpegi ezaguna zara. Krisi garai hauetan gerturatzen zaizkizun merkatariek zer adierazten dizute?
G.P. Adierazi dudan kezka hori agertzen dute. Merkatuak berak ematen du irtenbidea. Kalitatea eskaini behar da baina agian eskaintza berritu behar da. Adibide bat jartzearren, arraina garesti eta geroz eta gutxiago baldin badago une egokia da arrain espezie berriak eskaintzeko.
Merkatalgune handietara joaten den kopuru osoaren proportzio handiagoa erakartzen saiatu behar dugu. Indarguneak baditugu: Krisi garaian konfidantzazkoak gara bertakoak garelako. Etxe ondokoak. Eta alde horretatik merkatariak zuzen jokatu behar du. Konfidantza eskaini eta jendeak onartzen badu, gero behar bezala erantzun behar dugu. Hortik jo beharko dugu hilabeteotan.
Justu antzera dabilen merkatarien kopurua zein izan daiteke?
G.P. Bai, egon badago. Lehendik ere negozioarekin jarraitu edo ez pentsatzen ari zenarentzat garai hau errematea izan daiteke.
Kopururik ematea ez naiz ausartzen. Oso berekoiak gara, gainera, horrelako datuak gutxi zabaltzen ditugu.

Kale Nagusitik igarotzea eta hainbat saltoki itxita ikustea oso tristea da...
G.P. Dudarik gabe, herriarekin eta Udalarekin zerikusia duen gaia da. Hainbat aldiz plazaratu da. Merkataritza plana hor dago, 2008ko ekainerako amaituta egon behar zuena... neurri zehatz batzuk proposatu zaizkio Udalari. Lorontzi batzuk jarri zituzten zubitik gertu. Kalea biziagotzea ere eskatu zen, besteak beste.
Kale Nagusiko sarbideak eta pasabideak berritu gabe daude oraindik, eta hori merkataritza planetik kanpo ere egin daitekeen gauza bat da.
Gaia, hala ere, potolo samarra da. Beste faktore bat aipatzearren, Kale Nagusiko hainbat merkatariri jubilaziorako garaia iritsi zaie eta jarraipenik ez dute izan.
Bukatzeko, oinezkoa den aldetik, Kale Nagusiari eman behar zaion tratamendu ezberdina galdu egin da.

Saltzaile-erosle harreman horretan trebatuta zaude. Nola ikusten duzu, oro har, eroslea?
G.P. Geroz eta exigenteagoa bihurtu da. Orokortu ere ezin da egin. Bada oso exigentea dena eta oso merke erosi nahi duena, eta hori ez da posible.
Badago beste erosle moeta bat, geroz eta gehiago, gauza zehatzen bila datorkiguna. Informazioa edo erreferentzia Internet sarean edo beste medio batetik lortu duena da.
Nagusitzen ari dena zeren bila datorren badakien eroslea da. Horrek, noski, profesionaltasunaren hitzaren baitan dauden  beste zenbait kontzeptu garatzea dakar. Produktu horren ezaugarriak ezagutu eta saltzen jakin behar da. Eta, gutxi balitz, bermea eman behar zaio erosleari. Arazoak sortuko balira neurriko erantzuna ematen jakiteko.
Eroslearen aldetik ere badago paradoxa bat. Errespetu guztiarekin diot, baina bada txino batean erosketa egin duena eta erositakoa berehala hondatu bazaio txinoan erosi duelako justifikatzen du. Egoera berean, aldiz, bertako merkatalguneetara azkar asko datozkigu kontu eske.

Ondotxo ezagutzen duzu herri honen errealitatea. Garai zail hauetan ausart jokatu ala kontserbadore jokatu beharko balitz,  Zenen alde egingo zenuke? Lehenengoaren alde?
G.P. Orokorrean kontserbadore jokatzen dugu, sektore osoa kontutan hartuta. Arazoak daudenean, atea itxi eta ate barrutik begira jartzen gara. Eta alderantziz egin behar dugu. Atea ireki, atera, ondoko merkatalguneko kidearekin hitz egin eta gero zerbait egiten saiatu. Horregatik elkartzean, eta kasu honetan Salkinen ere bai, sinesten dut. Elkartzea eta ekarpenak egitea beharrezkoa da. Normalean oso indibidualki jokatzen baitugu. Zentzu horretan ausart jokatu behar dugu, eta apustua egin.

Zuek, gainera, negozio bera baina gune berria zabaldu duzue. Egoera ikusita baten batek esan dezake kontrara zoaztela…
G.P. Ez dut nere burua ausartzat hartzen. Ernaitzaren irekiera aspalditik datorren prozesu baten amaiera da. Bigarren belaunaldiko negozio baten ardura daukat. Pausoak ematen joan gara piskanaka, eta irekierak egoera ekonomiko zail batekin kointziditu du.
Inbertsio handia egin dugu, bai, baina epe luzerako ikuspegiarekin gabiltzalako. Gogoa eta ilusioa funtsezkoak dira aurrera egiteko. Inguruari eta bezeroari ere erakutsi nahi diogu haiek aurrera doazen bezala gu ere aurrera goazela.

Merkatariak, gremio oso ezberdinetakoak, Salkinen sartuta zaudete. Pintxo lehiaketa arrakastatsua da, ordea, lehiakideen kopurua oso txikia da. Nola interpretatzen duzu hori?
G.P. Lehen esan dudanaren haritik, askoren joera da deus ez dela egiten kritikatzea. Eta horiek berak dira maiz antolatzen diren ekimenen aurrean parte harzeko joera ez dutenak. Lehiaketak hasieratik harrera ona izan zuen baina agian  ez gara partaide berriak erakartzeko gai izan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!