Maribel Vaquero, zinegotzi, batzarkide eta legebiltzarkide

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urt. 21a, 18:36

1970ko maiatzaren 26an jaio zen Urnietan. Zuzenbidean lizentziatua, eta Herri Erakundeen Kudeaketari buruzko gradu-ondokoa egindakoa. Urnietako zinegotzia 1995. urtetik, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Batzarkidea 2007ko maiatzetik, eta Gasteizko parlamentuko Legebiltzarkidea 2007ko uztailetik. Martxoko hauteskundeetan zazpigarren lekua izango du EAJren Gipuzkoako zerrendan.

Nola moldatzen zara familia eta lana uztartzeko?
M. V.: Gurasoak eta familia osoa atzean dauzkat, eta beraiei esker.

Gurasoak etorkinak izanik, euskal munduan hezi zaituzte.
M.V.:  Extremaduratik etorriak dira, baina argi izan zuten seme alabek non egin behar zituzten ikasketak. Egape ikastolan hasi nintzenean, oraindik ez zegoen legalizatuta. Askotan pentsatu izan dut, nolatan gure gurasoek, Cacerestik etorri eta hiru urtetara, beren alaba egoera hartan zen ikastola batean sartu zuten. Euskal kulturari oso irekiak dira. Nik ere  jasota daukat beraien kultura, Extremadurako gauza asko dakizkit, beraiek erakutsita.  

EAJ 28 urtez agintean izan ondoren, hirugarren indarra izatera pasa da.
M. V.: Ez genuen pentsatzen horrela galduko genuenik, eta galdu esaten dut, guk galdu baikenuen, besteek irabazi baino. Guk hanka sartzeak egin ditugu, baina beste aldetik, herriari ez genion ondo komunikatu gu egiten ari ginena. Orain ikusten dugu gure helburuak baliagarriak zirela, baina beste batzuek gaizki kudeatzen dituztela. Oso momentu zailak bizi izan dira herrian, eta gu ez ginen behar bezala kokatu. Mezu kontrajarri asko egon ziren. Gerora ikusi da zarata handia bai, baina mezu garbirik ez zegoela.

Beti errausketaren alde agertu zarete. Zer iruditzen zaizu Usurbilen martxan jarriko den atez-ateko zabor bilketa?
M. V.: Etxez-etxeko bilketa ez dut kontrajarria jartzen errausketarekin. Guk onartutako PIGRUPen besteak beste, konpostaketa, birziklapena eta berrerabilpenen aldeko apustua egiten da. Esaten duguna da bukaeran bi aukera besterik ez daudela, zabortegia edo errausketa. Eta gure aukera errausketa da. Urnietan izandako aurkako mugimendua erraustegien aurkakoa zen, ala nire etxe ondoan ez? Gipuzkoa osoan kontsulta bat egingo balitz, ziur nago errausketaren alde izango litzatekeela gehiengoa.

2009ko aurrekontuak eta Plan Orokorrak argi berdea ikusiko al dute?
M.V.: Iaz, aurrekontuak ez ziren onartu oso berandu aurkeztu zirelako. Alkateari eskatu  genion behar ziren egokitzapenak egin, eta 2009rako aurkeztea. Gure nahia da onartzea baina oraindik ez daukagu zirriborrorik eskuartean. Eta Plan Orokorrari dagokionez, 2007ko maiatzean  eman genion Hasierako Dokumentuari onarpena. UDAkoek inpugnatu egingo zutela esaten zuten baina errekonozitu dute dokumentua ez zela hain txarra, eta berarekin aurrera jarraitu dute.  Planteamendu aldaketa hori esplikatu beharko litzaioke herriari.  Herritarrei hiru alditan eman zaio aukera alegazioak aurkezteko, eta 37 aurkeztu dituzte. Guk aztertu ditugu.  Talde erredaktoreak ere egun hauetan aurkeztuko du bere informea, eta gero ikusiko da zein alegazio onartzen diren eta zein ez.  Ondoren, osoko bilera batean onartuko da behin behieneko dokumentua, hau da, Hasierako Dokumentua, onartutako alegazioak gehituta osatzen dutena.  Eta gero Jaurlaritzara eta Foru Aldundira joan behar du, hauen onarpena jasotzeko. Berehala behar dugu eta espero dut  onartzeko arazo handirik ez izatea.

Zergatik bota behar da Mikaela enea?
M.V.: Hasiera batean zegoenean mantentzeko asmoa genuen. Teknikariek ikerketa bat egin ondoren eraikinaren egoera txarraren berri eman eta gomendatu ziguten bota eta berria egitea zela onena. Herriari irekia izango den kultur gune bat egin behar dugu, Koldo Mitxelenaren filosofi horrekin, eta uste dut horretarako bota  eta eraikin berria egitea dela onena.

Hain ezezagunak diren Batzar Nagusietako batzarkide zara.                                        
M.V.  Herritarrek jakin behar dute han erabakitzen direla politika fiskal guztiak, gipuzkoarren poltsikorako erabakirik garrantzitsuenak han hartzen direla.
Bazirudien Batzar Nagusietako lehendakari izango zinela.
M.V.: EArekin itun bat,  genuen. Guk hitza bete genuen. Baina talde guztiek (PP eta EB) Batzar Nagusietako Mahaian egon nahi zuten, eta horretarako PSErekin egin zuten akordioa.

Legebiltzarkide ere izan zara azken urte eta erdian.
M.V.: Bai, eta asko ikasteko aukera izan dut bidelagun izan ditudanekin. Lau batzordetan egin dut lan: Lurralde Antolamendu, Garraio eta Ingurumen Batzordean; EITBren Legebiltzar Kontrolerako Batzordean; Kanpo Harremanetarako Batzordean eta Emakume eta Gazteria Batzordean.

Zertan geratu da Ibarretxeren bide orria?
M.V.: Guk gure lana egin genuen. Lehendakariak bere hitza bete zuen. Ez dezagun ahaztu nortzuk inpugnatu zuten (PSOEk eta PPk). Hasieran frustrazioa sentitzen duzu. Baina, garbi daukatena da honek zerbait markatu duela. Eta gaur egiten ez baldin bada, bihar egingo dela kontsulta. Hori barneratzen ari garen mezu bat da. Ziur naiz etorkizunean kontsulta egingo dugula.

Nola aurreikusten dituzu martxoaren bateko hauteskundeak?                                          
M.V.:  Aurrekoan koalizioan aurkeztu ginen eta oraingoan EAkoek hala erabakita, bakarrik. Estatuko alderdiak agintean ez diren lurralde bakarra gara, eta horrenbeste molestatzen dien mantxa berde hau kendu nahian dabiltza. Garbi dago, lehia gogorra izango dugula.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!