Euskaltegitik kanpo euskaraz hitz egiteko mintzalagunen bila

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urt. 21a, 18:36

Andoaingo AEK euskaltegia mintzalagunen bila dabil, adin desberdinetako ikasleentzat euskara trebatzeko garrantzia handikoak baitira.

Andoaingo udalaren laguntzarekin batera Andoaingo AEK euskaltegiko arduradunek Mintzalaguna egitasmo arrakastatsua martxan jarri dute. Euskaltegitik kanpo euskaraz aritzeko aukera gutxi duten ikasleentzat ezinbesteko tresna da mintzapraktika. Bestela esanda, Mintzalaguna egitasmoari esker ikasleek gelatik kanpo ere euskaraz trebatzeko aukera daukate.

AEK euskaltegiak euskaldunei, eta zehazki Aiurriko irakurleei, egitasmoaren garrantziaz ohartarazteko idatzia helarazi die. Horrela diote, “Egitasmoa aurrera ateratzeko laguntzaileak behar ditugu, eta horregatik, zurekin gogoratu gara Aiurriko irakurle hori”.
Zer da ordea laguntzaile izatea? “Euskara ikasten ari denari kaleko hizkeran erraztasuna lortzen laguntzea, lagunarteko berriketa lasaian arituz”.

AEK-k sistema honen bidez sustatu nahi du Mintzalaguna egitasmoa; hiru laguneko taldeak sortuko dira –bi euskara ikasle eta laguntzaile euskaldun bat– eta talde hauetako kideek konpromisoa hartuko dute, astean behin, gutxienez ordubetez euskara aritzeko elkarrekin, kafe bat hartuz, kirola eginez, itzulingurua eginez edota nahi duten jarduna eginez. Orain hasi eta ekainera bitarte luzatuko litzateke mintzalagunaren konpromisoa.

Egitasmoa gustuko duenak eta astean ordubete euskarari eskaini nahi dionak, AEK euskaltegikoekin harremanetan jartzea besterik ez du.
• AEK euskaltegia,
• Extremadura 5 behea.
• 943 591 704.
• andoain@aek.org.

SMS ikastaro atsegina ikasleei
Andoaingo Udaleko Euskara lansaila egitasmo berritzaile ugari burutzen ari da urteotan. Horien artean nabarmendu beharrekoa, DBHko ikasleei datorren astetik aurrera SMSei buruz eskaini zaien hitzaldia. Zazpiak Batman kolektiboko kide batek eskuko telefonoen inguruko sms mezuen inguruko ikastaro atsegina eskainiko du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!