Negu gorri, elur zuri

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urt. 21a, 16:44

2019ko irudia

Urtarrilaren 8 eta 9an, zalantzarik gabe, elurra izan zen protagonista nagusia. Beterri-Aiztondo bailaran ere gogotik zuritu zuen, paisaia zoragarriak utziz. Erreportaje honek elurteekin lotutako pasarte ezberdinak biltzen ditu; batetik, elurra egiten duen kasuetarako hainbat gomendio emanaz eta bestetik, aurreko elurteetan bizitutako hainbat gertaera eta pasadizo azalduz. Azken boladan, ingurua pixka bat zuritzearekin batera egonezina sortzen den arren, elurte handiagoak ezagutu zituzten orain ez hainbeste denbora, Beterri-Aiztondo eskualdean bertan…

Iñaki Martixa,
Villabonako udaltzainburua

Inguru hauetan elurra oso noizean behin egiten duenez, egun horietarako protokolo berezirik ez dutela adierazi du Iñaki Martixa, Villabonako udaltzainburuak.

“Badaezpada Udalak gatza izaten du gordeta Amasan eta 4X4 ibilgailuari bideak garbitzeko pala eransten zaio kasu horietan”. Elurra egiten duenean, goizeko 06:00etan, gatza botatzen hasten dira Udal langileak. “Lehentasuna jende gehien ibiltzen den lekuei ematen zaie: zubiak, zebra-bideak, aldapak, ikastetxe nahiz anbulatorio atariak, espaloiak…”. Elurra kentzeko pala Amasarako eta Legarreta nahiz Agaraitz auzo-inguruetaran erabiltzen dute gehienbat. “Udalak palak ditu bai makinarekin eta baita eskuz bideak garbitzeko. Gatzak botatzeko bi tramankulu ere baditu”.
Goialdean gehiago zuritzen duenez,  beti ere, baserri inguruetan elurrak eragin handiagoak sortzen ditu. “Udalak Amasako errepidea garbitzen du eta baserri ataria, bakoitzak berea egin behar du. Berez, Udalari bide publikoak garbitzea egokitzen zaio. Hori bai, eskatzen duen baserritarrari gatza ematen zaio”. Elurra egiten duenean, baserrietatik deitzen du jende gehienak; turismo arruntarekin gaizki ibiltzen baitira etxetik atertzeko. “Herri barruan garajeko aldapengatik kezkatuta deitzen dute gehien”.
Martixaren ustez, ez gaude elurrarekin bizitzera ohituta eta elur pixka bat egiten duenean zeharo aztoratu egiten gara. “Ez dakigu elurretan ez oinez ez autoarekin ibiltzen. Elurra egonagatik, edozein lekutara joaten ahalegintzen gara eta hori saihestu egin daiteke, eroriko txarrik ez izateko, besteak beste”. Elurra egiten duenean bere prozedura eta denbora behar da kaleak ahalbidetzeko. “Egoera horietan pazientzia beste erremediorik ez dago; bero asko egiten duenean izerditu egiten garen bezala, elurra egiten duenean kalera atereaz gero, kontuz ibili behar da, adineko pertsonen kasuan batez ere. Egun batean ogirik gabe geratzen bagara, ez da ezer gertatzen”.

Izotza okerragoa
Udaltzainburuaren esanetan, txarrena ez da elurra egitea; gerora izoztea baizik. “1985ean elurra egin eta hogei egunetik gorako hotzaldia etorri zen, izoztu egin zen dena eta esaterako, Tolosako Euskalerri plazan eski probak egin zirela gogoan dut. 1995ean ere nahiko beheran egin zuen elurra baina izoztu ez zuenez, ez zen horrenbeste egunetan luzatu”. Elurrarekin ez da irristatzeko arriskurik izaten, bai ordea izotzarekin. “Hozberoa ez bada gradu batetik behera jaisten, elurra ez da izozten. Herri barruan nahiz bideetan izotza da arriskutsua, bai oinezkoentzat eta baita autoz ibiltzeko ere. Arrisku horri aurre egiteko, gatza bota beharra dago”.
Elurra egiten duen egunetan trafikoa nabarmen jaisten da, “ez dakit egun horietan jendeak ez ote duen autorik behar izaten edo gehiegi erabiltzen ez ote dugun benetako beharrik gabe”. Elurretan autoa erabili behar bada, lehen eta bigarren martxan ibili beharrean, hirugarrenean ibiltzea aholkatu du, “frenoa ahalik eta gutxien erabiliz. Gainera, kontu handiarekin ibili behar da beti eta, elurra egiten duenean, handiagoarekin”.


Juan Joxe Aburuza
Adunako Aburuza sagardotegia

Elurte eta izozte handiak ditu gogoan Juan Joxek. Besteak beste, 1966 urtean egin zuen izoztea izugarria izan zela adierazi du.

“Ezagutu dudan negurik gogorrena izan zen hura. Kandelario eguna zela gogoan dut, hamar urteko mutil kozkorra nintzen eta amarekin kandelak bedeinkatzera joan nintzen elizara. Aitak, bueltan etortzerako elurra egingo zuela esan zigun, eta bai, elurra egin zuen. Hilabete osoa iraun zuen, otsaila oso-oso-osoa, azken egunera arte. Eguzkia atera arren, lainotu eta izotza edo elurra egin zuen egunero”. Lehen teilatuetatik behera izugarrizko burruntziak sortzen zirela ere azaldu du eta, orain, telebistan bakarrik ikusten direla horrelakoak. “Gure baserrian, 1966ko elurte hartan, izugarrizko burruntziak sortu ziren. Burruntziak goitik etorri, behea jo eta denak bat eginda blokea osatu zuten, lodi-lodi. Ikustekoa zen hura”. Lehen, urtero eta luzeago egiten zuen elurra Aburuzaren hitzetan, “hiru-lau bat egunean 30 zm-ko elurra urtero egiten zuen, oraingo aldean elurte handiagoak izaten ziren eta hotzak ere handiagoak”. Inauterietan ere elur handia behin baino gehiagotan gogoratzen du, ez oraingo elurra. “Gu mutil kozkorrak ginela, 6-8 urte izango nituen, izugarrizko elurtea bota zuen; ez zegoen Tolosara joaterik. Elur harroa, bigun-biguna egin zuen eta oroitzen naiz nola osaba elurretan etzan eta gizonaren forma berdin-berdina hartzen zuen elurrak, begi-zuloak nahiz sudurra, dena markatzen zela”.

1985eko elurte gogorra
1985 urteko elurtea ere luzea izan zen, “15 egun iraun zuen eta izugarrizko jelatea egin zen. Zortzi bat egunez jela egin eta gero, Errege bigarrenean, goizean hasi zuen elurra. Ikaragarria izan zen hura ere. Garai batean txanpain botiletan botilatzen genuen sagardoa eta bainera urez beteta edukitzen genuen, jendeak ekartzen zituen txanpain botilei etiketak erraz kendu ahal izateko. Bada, kantoi-kantoian geneukan bainera hari ezin izan nion sortu zitzaion izotza hautsi. Aita zenak eta biok irauli genuen bainera eta haren moldera eginiko izugarrizko jela puska atera zen garbi-garbi. Pentsa ze hotza izango zen, egunetan egon zen jelatuta. Nik sagardotegia urtarrilaren 18 inguruan ireki nuen. Orduan asfaltorik ez zegoen eta gogoan dut palarekin bidea irekitzen nola aritu ginen”. 1985eko urtarrilaren 7an, txerria hiltzekoa zutela eta espezieak kaletik ekarri behar zirela ere gogoratu du. “Zakua bizkarrean, guardasola eta bastoia hartuta Villabonara joan nintzen oinez, danba-danba. Villabonan elur handia zen eta han ez zen inor. Harategian hartu beharrekoak hartu eta etxera itzuli nintzen eguerdian”. Negua baino lehen ere, San Martin egunez behin baino gehiagotan ezagutu zuen elurra. “Esaterako, 1984ko San Martin egunean, goizean jaiki eta elurra egin zuen. Aurreneko euri tantoa baino lehenago egin zuen elurra”. Lehen, ohituta zeudenez, naturaltasunez hartzen zituzten elurteak. “Orain halako elurterik etorriko balitz, eta Gipuzkoa guztian horrenbesteko elurra batera egingo balu, izugarrizko arazoak sortuko lirateke. Ez gaude orduan bezala ohituta”.


Benjamin Soto eta Puri Cazón
Borda txiki baserria. Andoain

Andoaingo Leizaur auzoko Borda txiki baserrian bizi dira Benjamin eta Puri senar-emaztea. Elurraren aurrean jendea azkar urduritzen dela uste dute.

Benjaminek 1956 urtean ezagutu zuen elurterik handiena, “elurra 1956ko otsailaren 1ean hasi zuela gogoan dut eta hilabete osoan egin zuela. Gauez izotza egiten zuen eta goizean elurra. Pinu sailak eta guzti erre ziren urte hartan, denak ihartuta. Izugarrizko hotza egin zuen, zero azpitik 16 gradura iritsi zen eta ezin zen apenas etxetik kalera atera ere egin”. Leizotz auzotik papertegira kamiorik ez zegoen garaian, menditik behera ura etortzen zela adierazi du, “mendiaren goitik hasi eta beherainoko burruntziak sortu ziren, izugarriak. Martxoaren aurrenean, eguraldi polita hasi zuenean joan zen elurra”. Handik hamar urtera, 1966 urtean ere elurte handia egin zuela aipatu du Benjaminek baina gertuago, 1985 urteko elurtea du gogoan, “duela 24 urte ere izugarrizko elurtea egin zuen baina, geroztik, ez da elurte handirik izan. Elurra egin du, noski, baina gutxiago. Orain gutxi ederra egin du”. Eta elurra egitea ona dela gaineratu du, “jendea azkar urduritzen da elurraren aurrean baina, ez dauka zertan urduritu beharrik; elurra egitea beharrezkoa baita. Egin dezala!, eta ez eskiatzaileentzat bakarrik. Besteak beste, zomorroak hiltzeko primerakoa da eta zuhaitzei ere ez dio gaitzik egiten. Ingurua garbitzeko ondo etortzen da”.

Elurra neguan
Elurra orain egin behar duela aipatu du etxeko gizonak, “ez gero, apirilean, lorea hasten denean. Orain, neguan egin behar ditu elurra eta izotza. Lorea etortzen denean eguraldi ederra egin beharko luke”. Eguraldi ona bere garaian etorriko dela uste du, txarrak egiten ari dela eta egingo dituela oraindik gehiago ere. “Ilbentzean gaude eta, izena bezala, beltza izango da oraindik hilabetea”. Izotza elurra baino txarragoa dela uste du senar-emazteak, “elurra ez da txarra, segituan joaten da: eguzkia atera orduko desagertu egiten da. Ernion oraindik ere badago eta kendu aurretik berriz egingo duela iruditzen zait. Ernioko elurra bestearen zain egongo da”. Nondik atera duen ondorioa Benjaminek? Bada urrian, inguruko mendiak goiz zuritu zituenez, aurten elur urtea izango dela iruditzen zaio, “nire ustez, hilabete honetan oraindik egingo du elurra eta hurrengoan ere bai”.
Dudarik gabe, lehen baino elur gutxiago egiten duela uste dute, “lehengo urtean ez zuen elurrik bota. Klima aldatu egin dela esaten dute eta egia izango da, inondik ere. Lehen elurte handiak egiten zituenean ezin izaten zen etxetik atera. Orduan ez zen arkoirik izaten, baina egun, etxe gehienetan janariz beteta egoten dira. Orain, ordea, ez dago ezertarako pazientziarik, ezta elurra urtu zain egoteko ere”.
Benjamin eta Puri ez dira etxetik atera azken elurtea desagertu arte, “oraingo elurtearekin bi egun egon gara etxean, atera gabe. Badaezpada, errepidean aldapan behera abiatzerik ez zegoen. Bidean baino elur gehiago zegoen, hala ere, etxe atarian”.

Joxe Beobide, Eusebio Otegi eta Biktoriano Zubiondo
Asteasu

Asteasun ere ondo gogoan dituzte garai bateko elurte eta izozteak.

Joxe Beobidek 60 urtetik gora atzera egin du: “1946an, hamabi urteko mutil kozkorra nintzenean elurte latza bota zuen, uda aurretik gainera. Maiatza zen eta hilabete osoa pasa zuen elurretan estalita. Hemengo baserri gehienetan garia ereiten zen orduan, eta elurrak txikituta utzi zuen, guztiz zapalduta. Elurrak zapaldutako gari hura ebaki eta ganaduari bota zioten. Elur asko bota zuen, baina izotza eta hotza izan ziren larrienak”. 
Mugikortasun arazo berezirik ez zuen sortzen elurrak garai batean: “Orduan ez zegoen ia kotxerik eta oinez edo abereekin moldatzen ginen batera eta bestera ibiltzeko. Baserri gehienetan hiltzen ziren txerriak eta ardiren bat edo beste ere bai, horrekin pasatzen zen negua eta udan ere ez ziren gaizki etortzen. Hozkailurik ez zegoen eta gazituta mantentzen ziren txerriki eta ardiak”, diote Eusebiok eta Biktorianok. Txerria hiltzearen ohiturak, ordea, bolada latzak ere izan zituen: “Francoren garaian, etxe bakoitzean txerri bakarra hiltzeko agindua iritsi zen. Jendea, goseak bultzata, ezkutuka ibiltzen zen etxerako txerria hiltzen. Mailuarekin jota hilez gero ez zuela garrasirik egiten esaten zuten, eta horrela hiltzen ziren baserri askotan, ezkutuan. Ni mutikoa nintzela, etxeko ume guztiak balde bati kolpeak jotzen aritu ginen, ahalik eta soinurik gehien atereaz, txerria hiltzen zuten bitartean inor kontura ez zedin”, gogoratu du umoretsu Eusebiok. “1946rako, gerran sortutako gosete handiena pasea zegoen. Baserrietan garia, patata eta bestelakoak ereiten ziren eta pixkanaka, geroz eta jaki gehiago zegoen. Elurtea etorri zenean ere jendea nahiko ondo moldatu zela esango nuke”, esan du Joxek.

Ura kristal bihurtuta
1956ko elurtea ere gogoan dute asteasuarrek: “1955 urte amaieran hasitako negu hura latza izan zen. 1956ko udaberri bitartean elur eta izotz galantak egin zituen. Gauean izotza egiten zuen eta egunez elurra. Gauez, askotan haizea harrotzen zen eta elurra mugitu egiten zuen elurtokiak sortuz. Lursailak berdinduta geratu ziren, ez zen antzematen sailak banatzen zituzten muntoak non zeuden ere. Elurrez estalita geratu ziren zulo guztiak. Gure baserriko astoa makina bat bider geratu zen zenbait tokitatik pasa nahi ezik, zuloak non zeuden ez zelako antzematen. Arbola ugari ilartu zituen hotzak”, azaldu du Biktorianok. Izozte galantak egin zituen 1956ko negu bizian: “Ibarrazpiko Joxe etortzen zen gure etxera esne bila. Kotxearen motorrari ur beroa bota beharra izaten zion ondo ibil zedin. Sobratutako ura gure etxe atarian bota eta kotxea berriro arrankatu eta abitzerako, kristalaren modura egoten zen lurrera botatako ur hura”, azaldu du Joxek. “Etxe askotan egindako sagardoa ere izoztu omen zen 1956ko negu hartan”, gehitu du Biktorianok.

Adela eta Iñaki Mendiola
Larraul

Larraulgo Gurutzia baserrian bizi dira Adela Mendiola eta bere familia.

“Gu donostiarrak gara eta 1977an erosi zuten gurasoek Gurutzia baserria. Hasieran asteburuetan bakarrik etortzen ginen, baina urte batzuk igaro ondoren, hona etorri ginen bizitzera. 1985ean bizitu genuen hemen lehen elurte handia. Hamabost bat egun egon ginen etxetik mugitu gabe. Egia esan, oroitzapen ona daukat egun haietaz. Gu ez ginen baserriko gaietatik bizi, beraz, ez zigun traba handirik sortu eta oroitzapen politak dauzkat egun haietaz. Etxe barruan lasai egon, sua piztu eta kartetan aritzen ginen denbora pasatzeko”.
Egunerokotasuna pixka bat aldatu zuen elurte handi hark: “Nire ahizpa ere bertan bizi zen bere familarekin eta umeek ez zuten eskolara joaterik izan egun askotan. Elur pixka bat botatzen duenean zalantza egiten duzu, etxetik atera edo ez, baina 1985eko elurte hartan ez zegoen ateratzerik. Nire koinata gurekin bizi zen garai hartan eta behor bat zuen. Harekin jaisten ginen baserritik behera, nire anaiak Donostiatik ekartzen zituen janariak eta beharrezko beste gauzak, behorraren gainean jarri, eta baserrira itzultzen ginen”, azaldu du Adelak. Bi kilometroko tartea dago Larraulgo plazatik Gurutzia baserrira: “Elurte garaian behorraren laguntza ezinbestekoa izan zen gure etxean. Ordurako errepidea egina zegoen, baina aurrez, pistaz joaten ginen herritik etxera. 1980an hasi ziren errepidea egiten”, dio Adelaren aita Iñakik.

Izotza arazo
Geroztik, urtean behin edo bi aldiz egin izan du elurra Gurutzia baserriaren inguruan: “Aurtengo elurtea ostegun goizarekin hasi zen, bederatziak aldera, eta eguerdira arte errepidea itxita egon zen. Arratsaldean errepidea garbitzeko makina bat pasa zen, gatza bota zuten eta ez zen arazo berezirik egon autoarekin Larraulgo plazara iristeko. Elurrak baino arazo handiagoak ematen ditu izotzak errepidean eta aurten, hemen ez da arazorik izan izotzari dagokionez. Toki eguteran dago baserria eta gauean izotza eginda ere, goizean lehen orduan eguzkiak jotzen duenez, berehala urtzen da. Gainerakoan, etxeko berogailuak kale egin zigun elurte egunean bertan eta nola edo hala moldatu behar izan genuen”. “Oso ikuspegi ederra utzi du aurtengo elurrak. Lasaitasun eta isiltasun berezia sortzen da elurra ari duenean. Gainera, ilargi betearekin egokitu da elurtea eta gaueko ikuspegia izugarria izan zen ilargi betearen argipean”,  Adelaren iritziz.

Iñaki Zaldua
Zizurkil

Duela berrogeita hamar urte inguru zabaldu zuten Zizurkilgo Elbarrena auzoan Zaldua janari denda.

Iñaki Zalduaren gurasoek, Luisak eta Joxe Marik ireki zuten denda eta Iñakik berak, hogeita hamabi urte inguru daramatza bertan. Elurte bat baino gehiago ezagutu du Iñakik geroztik: “Orain baino maizago botatzen zuen elurra garai batean. Duela hogeita lau urte egin zuen azken elurte handia. Pasus-enean, trenbideko zubian goitik beheraino izotz burruntzi galantak egon ziren zintzilik eta oinez bakarrik ibili ahal izaten zen inguru honetan. Gauez izotz galanta egiten zuen eta egunez elurra, horregatik mantendu zen elurra horrenbeste denboran. Hogei bat zentimetroko elurra egongo zen gure etxe aurrean eta zero azpitik 6 edo 8 gradu izatera iritsi zela esango nuke. Haurrak ere eskolara joan ezinik egon ziren hamabostaldi batean gutxienez”.
Zalduanean ez zuten genero faltarekin arazo berezirik izaten elurte handienetan ere: “Garai batean orain baino genero gehiago izaten zen dendako biltegian gordeta. Kanpaina bidez egiten zen dendarako genero erosketa, urtean bi edo hiru aldiz. Gainera ez zegoen epeen muga zehatzik. Gaur egun, produktua epez kanpo geratzen bazaizu diru asko gal dezakezu, horregatik ekartzen dugu gutxiago eta maizago. Garai batean ez zuten arazo hori eta kantitate handiagoak ekartzen zituzten. Ogia ekartzeko arazo handirik ere ez genuen izatean. Asteasuko okindegitik ekartzen ziguten,  traktorez”, azaldu du.

Traktorez eta oinez
Herritarrek, nola edo hala saihesten zituzten dendaraino iristeko elurrak sortzen zituen arazoak: “Baserritarrak traktorean edo abereekin etortzen ziren eta oinez ere jende asko etortzen zen, ibiltzeko ohitura handiagoa zegoen garai hartan. Hemen oso zirkulazio gutxi zegoen urte haietan eta autobusak ere oso gutxi ibiltzen ziren. Jendeak trena hartzeko ohitura handiagoa zuen hemen eta gogoan dut nola ibiltzen ziren, gaur egun errepideak gabitzeko erabiltzen diren elurra kentzeko makinak bezala, aurrealdean txapa handi batzuk jarrita”.
Aurtengo elurtea aspaldiko handiena izan da: “Eskerrak motza izan den. Izotza bota zuen elurraren gainean eta espaloiak oso arriskutsu jarri ziren. Kale honetan, bakoitzak bere dendaren aurrean garbitu zuen baina gainerakoan, oso irristakorra zegoen. Elurra oso polita da eta beharrezkoa ere ba omen da, baina ateak ixten ditu eta komeria handiak sortzen dira eguneroko bizimodua egin ahal izateko”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!