Miguel Otegui, Formula 1 helburu

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urt. 21a, 16:36

Txiki-txikitatik murgildu zen Miguel Otegui asteasuarra kotxeen munduan. Aitak erositako kart-arekin eman zituen lehen pausoak zazpi urte zituela. Hamasei urte ditu gaur egun eta nazioarte mailan lehiatzen da.

Oso gaztea den arren, urte mordoa darama Miguelek gidatzen: “Zazpi urterekin ekarri zidaten lehendabiziko kart-a. Oso jale txarra nintzen eta gehixeago jaten banuen kart bat erosiko zidala esan zidan aitak. Hobeto jango nuela esan nion aitari eta ekarri egin zidan. Asteasuko pabiloietan eman nituen lehendabiziko itzuliak. Aurreraxeago Olaberriara joaten hasi ginen. Entrenamenduak egiten nituen han, eta lasterketatan ere parte hartzen nuen. Horrela hasi nintzen mundu honetan murgiltzen”, azaldu du gidari gazteak. Miguel umea zela, Tolosara joan ziren bizitzera eta han bizi dira gaur egun ere.

Kart-etatik Formuletara
Oso gaztetan hasi zen Miguel nazioarteko mailan lehiatzen: “Kart-ekin aritu nintzen lehen hiru urtetan Euskal Herri mailan lehiatu nintzen, beste urtebete igaro nuen Katalunyan zein estatu mailan eta kart-etako azken urtea nazioarteko lehian aritu nintzen. Berez egokitzen zitzaidana baino maila altuagoan aritu nintzen eta seigarren amaitu nuen. Txapelketa amaitzeko bi lasterketa falta zirenean bigarren postuan nintzen, baina matxurak izan nituen kart-ean eta seigarren amaitu nuen”, azaldu du Miguelek.
Formuletara saltoa emateko aukera izan zuen iaz: “Epsilon Euskadi taldearekin egin nuen aurredenboraldia eta Valentziako iQuick taldearekin sinatu nuen denboraldirako”. “Gustura ibili nintzen, baina emaitza hobeak lortu nahi nituen. Autoarekin gauzak ez ziren nahi bezain ondo atera eta pena izan zen. Hala ere, oso harreman ona izan dut taldekideekin eta gustura ibili naiz. Aurtengo denboraldirako, Epsilon Euskadi taldearekin sinatu dut. Oso kotxe ona dauka eta pozik nago”, gaineratu du.

Nazioarteko mailan
Hamasei urte bete aurretik lortu zuen Miguelek Formula 2000-n aritzeko txartela: “Aurrez lortutako emaitzak hartzen dituzte kontuan lizentzia emateko, baina berez hamasei urte beteta izan behar dira, eta nik hamabost nituen. Aurreko denboraldian nazioartean ibilia nintzelako eman zidaten lizentzia, baina ez zen erraza izan”.
Egun asko pasatzen ditu Miguelek etxetik kanpora: “Lasterketa gehienak atzerrian dira eta hamabost bat egun pasatzen ditut kanpoan. Itzulitakoan, eskolako lanak egiten hasi beharra izaten dut buru-belarri, galdutako eskolak berreskuratzeko. Lagunen enbidia izaten dut askotan. Ni munduaren punta batean nagoen bitartean, haiek hemen izaten dira, eskolan, lagunartean eta parrandan. Hala ere, ikasi ere asko egiten da. Hamabi urte nituenean hasi nintzen bidaiak bakarrik egiten eta hegazkinen bat edo beste galtzen duzunean, asko ikasten da. Entrenamendu aldetik ere, arlo fisikoa landu beharra dago. Gerritik gora egiten dira ariketa gehienak, baina iraupena ere behar da lasterketei ondo aurre egiteko”, dio Miguelek.
Lasterketa egunetan gurasoen eta lagunen animoak entzuteko aukera izaten du Miguelek: “Estatuko zirkuituren batean lehiatzen garenean lagunak eta lehengusuak joaten dira ikustera. Gainerakoan, gurasoak etortzen dira lasterketa egunetan eta gustura daude”.

Diruaren menpe
Datorren denboraldian kirol berean jarraitzeko aukera izango ote duen ez daki Miguelek: “Kirol garestia da eta esponsorren zain gaude. Hilabete amaieran jakingo dut jarraitzeko akera izango dudan edo ez”. Formula 1era iristea da Miguelen helburua: “Formula 2000ren ondoren, beste maila bat geratzen da; Word Series edo GP2, ondoren, Formula 1-a dago. Trabarik handiena ekonomikoa da. Oso garestia da. Mekaniko eta ingeniari talde oso handia mugitzen da auto bakoitzaren inguruan eta horrek dirutza handia suposatzen du, horregatik esponsorren eskuetan geratzen da. Autoa piloto bakoitzari egokitu beharra dago eta hori lan handia da. Dena oso ondo kalkulatuta eta lotuta egoten da, horregatik da hain garestia”.
Oso momentu politak eman dizkio autoen munduak Migueli: “Formula 2000-n egindako lehendabiziko lasterketa Nogaron egin nuen eta oso polita izan zen. Dena oso ondo atera zen eta egun hura ez dut inoiz ahaztuko”. Oroitzapen txarrik ere badu ordea: “Belgikan, Spa-ko zirkuituan istripua izan nuen. Niri ez zitzaidan ezer gertatu, baina kotxea bitan zatitu nuen. Susto handia izan zen. Horrelakoetan, minik hartzen ez baduzu taldeko mekanikoak  etortzen zaizkizu burura, badakizulako gau osoa pasa beharko dutela kotxea ondo jartzen. Pena eta amorru handia ematen du horrek”.
Etorkizunari begira, gogotsu ageri da Miguel. Formula 1era iristea da bere helburu nagusia. Hilabete amaieran jakingo du bide horretan pauso berri bat emateko moduan izango den edo ez.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!