Teknikaria, Iruñerriko euskal irratian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urt. 21a, 16:35

20 urte bete berri ditu Iruñerriko Euskalerria Irratiak. Horietatik 17 bertan egin ditu Amaia Lasa Bergara andoaindarrak.

Nolatan hasi zinen Nafarroako irratian?
Ikasketak Andoaingo zine eta bideo eskolan bukatu eta berehala, Euskalerria Irratian teknikaria behar zutela entzun, eta hantxe aurkeztu nuen nire burua. Gaztetxoa nintzen, nora etorri nintzen ere gehiegi jakin gabea; hala ere, geroz eta gusturago ikusi nuen nire burua.
Talde ttikia zen garai hartan, lau pertsonakoa, irratigintza maite eta euskaraz aritzeko gogo handiak zituen lantaldea osatuz.

Nolako errealitatearekin egin zenuen topo?
Nafarroari buruzko nahiko ideia “erromantikoa” nuen orduan. Hona ailegatu bezain laster ohartu nintzen, ordea, bestelako ikuspuntuak ere bazirela, eta batez ere, kontrako sekulako jarrera zuela euskarak; alegia, konplikatua zela euskaldunentzat eta honelako medio batentzat lanean aritzea. Harrigarria izan zen hori niretzat, eta ederki espabilatu nintzen!

Zenbat hazi da orduz geroztik irratia?
Hamaika laguneko lantalde koxkorra gara gaur egun, komertzialak, kazetariek eta teknikariek osatua. Irrati sendo eta erreferentzial izatera iritsi gara Iruñerrian; hortxe dugu 900 bazkidek osatzen duten sostengua, edo gure uhinak Iruñerrira ez ezik Leitza, Tafalla eta Lizarraraino ere iristea.
Teknologiak aurrera egin duen moduan ere guk pausoak eman eta berritu ahal izan ditugu gure lan-tresnak. Publizitatearen arloan, gurean izan duen gorakada ere aipatu beharra da, geroz eta irrati profesionalagoa eginaz.

Teknologia aipatu duzunez, nola garatu da hauxe irratigintzan 17 urtetan?
Ez da huskeria berrikuntzek ekarri dutena gurea bezalako irrati ttiki batentzat. 1992an hasi nintzenetik, izugarri aldatu dira kontuak: bobina ireki, magnetofoi zinta eta binilo haietatik hona oso azkarra izan da teknologiaren eboluzioa. Ordenagailuek eta internetek ematen dizkiguten ahalbideek asko erraztu dute lana; asteburuetako emisioa, adibidez, ordenagailuen esku uzten dugu.

Esatari gisa ere ari zara azken aldian…
Badut, bai, nire txokoa programazioan, teknikari lanaz aparte. Astearte gauetan, gogoko dudan musika, “bossa” eta jazz-a jartzen dut “Coraçao do tambor” izeneko saioan. Parentesi txikia da nire betiko lanean, eta asko gozatzen dut ordubete horretan. Nahiz eta euskal musikak izan tarterik garrantzitsuena Euskalerria Irratian, gauetan bestelako doinuak dira nagusi. Polita baita aniztasuna!

“Euskalerria Irratia, beste urtebete diru-laguntza eta lizentzia gabe”. Ohitu egin gara prentsa titular horretara…
1984an irratiaren aldeko elkartea sortu zenetik, lizentzia banaketa edo konkurtso guztietara aurkeztu eta guztiak ukatu dizkigute. Azkeneko konkurtsoaren emaitza errekurritu egin genuen eta epaitegietan dago une honetan. Estatu mailan laster beste bi lizentzien banaketa eginen da, eta hortxe izanen gara berriz ere. Orain artean baimenik jaso ez badugu garena garelako da, noski! Lehen aipatutako 900 bazkideren sostengua eta publizitate sarrerei esker bete ditugu 20 urteak.

Setatsu jarraitzen duzue, beraz…
Urte mordoa pasa da eta berdin jarraitzen du legalizatu gabeko egoera honek. Baina guk, noski, gurean jarraitzen dugu egunez egun: indar eta gogo gehiagoz lanean, proiektu honetan sinesten dugulako eta Iruñerriko jendeak irrati zerbitzu hau eskatzen duelako. Ikusi besterik ez dago gure entzule kopurua geroz eta handiagoa dela, euskaldun kopurua igotzen ari den moduan. Traba guztien gainetik horrela ari gara irratigintza eginaz eta zerbitzu ona eskainiaz. Dialean Euskalerria Irratia da euskara hutsean ari den emisora bakarra eta tokiko informazioa eskainiz. Ez da, ez, erraza horrelako irratirik topatzea gaur egun.

Zergatik, baina, bazterketa ofizial hori?
Nafarroan gertatzen dena beste inon ez da ikusi, alegia bere kultura propioaren kontra lan egiten duen administrazioa… Nafarroa anitza da eta hori da gure aberastasuna. Bada, ondare hori zaindu beharrean trabak jarri eta gu ito nahian ibiltzen da edozein aitzakia erabiliz. Gure kasuan astakeri galantak ere entzun behar izan ditugu: 1994an, adibidez, guk jarritako errekurtso bati erantzunez epaileak Euskalerria Irratia diskriminatzailea dela adierazi zuen, diskriminatzailea euskaldunak ez diren nafarrekin…
Argi dago Nafarroan agintean dagoen taldeak arazo edo “aberiya” handia duela. Gobernua aldatzen ez den bitartean bere horretan iraungo du egoera honek, tamalez.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!