Giza dramak, zenbakien atzean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urt. 21a, 16:30

Juanjo Alustiza Inquitexeko langilea da. Kale gorrian geratzeko zorian diren 42 langileetako bat da bera. 

Izen abizeneko pertsonak daude krisiaren ondorioz plazaratzen ari diren zenbakien atzean. 170 langile kaleratzen dira EAEn egunero, 6.200 langile Lan Erregulazio Espedientearen menpe daude... Azken talde horretan kokatzen da Alustiza.
Urtarrila daukate negoziatzeko Inquitexeko jerentziak, administratzaile konkurtsalek eta sindikatuek. Mahai gainean, zuzendaritzak lantegia ez ixteko aurkeztu duen plangintza: hots, 42 langile kalera zuzenean eta 49 kalera aldi baterako.
Juanjok ez du itxaropen handirik ERE-ak eman dezakeenaz: “faltsukeria ikusten dut lege konkurtsalarekin, langileoi aukera gutxi geratzen zaigu-eta erabakietan indar egiteko”.  
“Nork bere pelikula edukiko du (seme-alabak, hipotekak...), baina nire kasuan, pentsa: 28 urtez enpresan lan eginda eta 56 urte edukita, etorkizun ezin beltzagoa ageri zait jende adindurik nahi ez duen lan merkatuan”.
Diru mordoa behar da gizarte honetan bizi ahal izateko, “eta gainera, gutako bakoitzak bizimodua antolatzen du irabazten duenaren arabera. Egin kontu goizetik gauera diru iturria pikutara joaten baizazu...”.
Egoera latz horretara iristeko, nork edo zerk duen errua galdetuz gero, Juanjok ez du zalantza izpirik agertzen: “Gestio txarra egin du zuzendaritzak; ezjakintasuna eta despotismoa erakutsi du. Langileok gure aldetik, pertsona batek egin zezakeena eta gehiago egin dugu; eskatu zaigunean,  lanera etorri gara oporretan, lanordua baino ordu laurden lehenago sartu gara...”.
Manifestazioak, kontzentrazioak..., denetik ari dira egiten egunotan 172 langileak. “Ezer askorik balio ez duten sentsazio pertsonala daukat. Baina behintzat, ari gara adierazten bizi garela eta pertsonak garela, ez zenbaki arruntak”.   
Buruhausteak bizi aldarteari zenbat eragiten dion harrituta dauka Juanjo: “Lo ederki egitekoa izan naiz beti, baina orain, kostatzen ari zait bost ordu segidan lo egitea... Izan ere, egunez burua ondo hartzen duzu menpean; arrazionaltasunez jokatzen saiatzen zara eta gauzak dauden bezala daudela onartzen duzu. Gauez, ordea, barrua ari da lanean, eta hori ezin da gerarazi” .
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!