Larreako egoitza berria martxan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urt. 20a, 19:08

Joan zen abenduaz geroztik, Larrea auzoko egoitza berrian biltzen da Aizkardi mendi elkartea. 

2008ko udaren aurretik, Udalak utzita, Larrea auzoko egoitza eskuratu zuen mendi elkarteak. Ordudanik, ahal zuten larunbatetan bilduta, elkarlanean aritu dira taldekideak egoitza egokitzen eta oraindik lanak amaitu ez badituzte ere, oso bide onean doazela agerikoa da. Urte luzean bildu diren Zatorrako gela txiki geratu zitzaien aspaldian eta orain, funtzio ezberdinetarako lekua izango dute egoitza berrian: bulegoa, biltegia, ikus-entzunezkoetarako nahiz kontsultarako gunea…
Joan zen abenduaz geroztik Larreako egoitzan elkartzen dira ostegunetan, bertan ari baitira federatu txartelak bideratzen. Aizkardiko kideek azaldu dutenez, “lehen baino jende gehiago biltzen da orain; aurreko egoitzan lekurik ez zegoenez, jendea sartu aterean ibiltzen zen”. 350 bazkide ditu elkarteak eta horietatik 250 inguru daude federatuta.

Federatu txartelak
Urtarrileko nahiz otsaileko ostegunetan federatuen txartelak egiten jarraituko dute, 20:00etatik 22:00etara. “Jende gehiena abendutik otsailera bitarte etortzen da baina, urte osoan zehar eskura daiteke txartela”. Federatzerakoan, aukera ezberdinak eskaintzen dira eta bakoitzari komeni zaionaren arabera, inguruko, kanpoko nahiz goi mendiei begira federatzeko aukera izaten da. Era berean, eskiatzeko, snow-a egiteko edo bizikletaz ibiltzeko gehigarriak ere badaude, besteak beste. Txartelak seguru funtzioa betetzen du. “Mendiarekin lotutako ekintzatan ezbeharren bat gertatuz gero, erantzuna azkarra izaten da eta seguru hori edukita, ziurrago sentitzen zara joaten zaren lekura joaten zarela ere”, azaldu dute Aizkardiko kideek.

Goizeko mendi irteerak
Egoitza berria ez da Aizkardiren aurtengo berrikuntza bakarra izango, urteko mendi irteeren egutegia ere egitasmo berriz jantzi baitute. “Egoitza berriari bizia eman behar zaio, ez da astean behin betetzeko bakarrik”. Modu horretan, hilabetero antolatzen dituzten egun guztiko mendi ibilaldiei, goizeko irteerak nahiz asteburu osokoak gehitu dizkiote.
Iaz hasi ziren goizeko mendi irteerak antolatzeko asmoarekin eta datorren urtarrilaren 25ean izango da lehena. “Villabonatik Zubietara joango gara oinez, Lasarteko lasterketaren egunean. Aspaldidanikoa da ohitura hori Villabonan, Loatzo mendi elkartearen garaian ere egiten zen. Inauterietan Tolosara mendiz joatea bezalaxe, berreskuratu egin nahi izan dugu lehen irteera hori ere”. Lau ordu inguruko irteerak izango dira eta helburua lehengo jendea berriz ere animatzea da. “Jende askok Kanaletakoa edo beste bueltaren bat egiten du eta beti inguru berean ibili beharrean, gertu ditugun bide berriak ezagutzeko aukera eskaini nahi dugu”. Antolatzaileek korrika ibiltzeko irteerak izango ez direla aurreratu dute, “lasai ibiltzeko asmoa dugu, atsedenaldiak egin eta ogitartekoa jan nahiz zatotik tragoxka egiteko denbora hartuz. Bazkaltzeko garairako itzuliko gara etxera”. Hauxe aurtengo egutegia:
  • Urtarrilak 25: Villabona-Zubieta (Lasarteko lasterketa).
  • Otsailak 22: Villabona-Uzturre-Tolosa (Inauteriak).
  • Maiatzak 3: Villabona-Zarate-Andezarrate-Asteasu.
  • Ekainak 21: Villabona-Besabi-Urnieta.
  • Urriak 11, igandea: Aralarrera irteera.
*Irteera: 08:30etan Olaederra kiroldegiaren aurretik. Ez da inon izenik eman behar.

Asteburuko irteera gehiago
Lehen, urtean behin egiten ziren asteburuko irteerak, Aizkardiko kide gazteenek, aldiz, irteera gehiago antolatu dituzte aurtengorako, “mendia gehiago jorratu nahi duenarentzat”. Egun osoko irteeretarako bezala, ez da autobus zerbitzurik jarriko. “Seguruenik jende gutxiago bilduko garenez, taldean antolatuko gara bidaiarako. Maiatzeko irteera goiz egokitzen denez, aterpean egingo dugu lo baina bestela, zakua hartuta, mendian lo egiteko asmoa dugu; izar gehien dituen hotelaren azpian”. Nahi duen guztiarentzat zabalik dago eskaintza, hori bai; mendian esperientzia pixka bat duten pertsonei egiten diete deia. “Aurtengo irteerak ez dira zailak baina, mendian ibilita egotea ezinbestekoa da. Nahiko irteera intentsiboak izango dira, seitik hamar ordura bitarte ibiliko gara bi edo hiru egunez”.
Maiatzak 1, 2 eta 3: *Gabardito- Peña Agerri (2449m)-Estanes-Candanchu *Candanchu-Llana del Boso (2566m)-Bernera (2381m)-Lizara *Lizara-Bisaurin (2670m)-Gabardito.
Ekainak 6 eta 7: *Panticosa-Pondiellos-Infiernos (3082m)-Respumoso *Respumoso-Gran Facha (3005m)-Ibones del Pecico-Panticosa.
Uztailak11 eta 12: *Canfranc-Lecherines (2567m)-Borau (2561m)-Rioseta- *La Moleta (2572m)-Pala de Ip (2779m)-Canfranc.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!