Gureako erakusgela, Oinkariko dantzarien bilgune

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urt. 20a, 18:37

Oinkari dantza taldeak Gurea antzokiko erakusgelan entseatuko du aurrerantzean, Jesusen Bihotza ikastolako Txermingo ganbarako obrak amaitu artean.

Udaletik jasotako deiaren ondorioz jakin zuten Oinkari dantza taldeko kideek ikastolako ganbarako obrekin hasi zirela. “Abenduaren 28an, oraindik oporretan ginela, lanak bidean zirela esan ziguten eta, hurrengo egunean, ganbaratik material guztia atera beste aukerarik ez genuen izan. Guk ezer jakin gabe ekin zioten lanei eta sorpresaz harrapatu gintuen”. Lekurik ezean, Gabonen ondorengo lehen entseguak bertan behera utzi zituzten eta berriki, Gureako erakusgelan ekin diote dantzariek entseatzeari. “Hainbat lokal ikusi eta gero, Gureakoa egokiena zela iruditu zitzaigun. Hala ere, erakusgela ez da entseguetarako lekurik aproposena. Luzea izanagatik, lau metro zabal besterik ez ditu eta ez gara koreografiak entseatzeko guztiak sartzen”. Arteagak martxoan dantza emanaldi bat eskaintzeko deiari ezezkoa eman behar izan diotela adierazi du, “emanaldia prestatzeko unerik egokiena ez denez, atzeratzea erabaki dugu”. Hiru hilabete barru, betiko entsegu lekura itzultzeko gogoa azaldu du, “apirila aldera, lanak bukatzean, ikastolako ganbarara itzultzeko asmoa dugu”. Egun gogorrak izan direla adierazi du Oinkariko arduradunak eta dantzari nahiz haien gurasoei gaiaren inguruko euren ezjakintasuna adierazi nahi izan die, sortutako eragozpenak barkatzeko eskatzearekin batera. Une honetan 3 urtetik 32 urtera bitarteko 241 dantzarik osatzen du taldea.

Jumillako folklore jaialdira

Datorren udan Murtziako Jumilla herriko folklore jaialdian parte hartzeko deia jaso dute egunotan Oinkariko kideek. “Jaialdia abuztuaren 15etik 18ra izango da eta Oinkariko helduen taldeak hartuko du parte”. Aipatu folklore jaialdia 1982 urteaz geroztik urtero antolatzen dute Jumilla herrian. Dagoeneko 150 taldek baino gehiagok hartu du parte eta aurtengo edizioan, Amasa-Villabonako dantzariak arituko dira beste hamar talderekin batera. Jaialdiak 2000 ikusle baino gehiago biltzen du gauero eta egun horietan folklore erakustaldi ugari izaten da kaleetan: tradizioa, kolorea eta ikuskizuna nagusituz. Festa giro horretan, gainera, ez omen da ardo koparik falta izaten bisitarientzat. Aukera polita, beraz.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!