Atxulondoko azken olagizona

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urt. 20a, 18:26

Leire Zubeldia kazetari zizurkildarrak Atxulondoko azken olagizona ipuina argitaratu berri du, Zizurkilgo historiaren oihartzunak modu atseginean ezagutzeko aukera eskainiz.

Nondik nora sortu zitzaizun Atxulondoko azken olagizona ipuina idazteko ideia?
Ainhoa Larrea kultur teknikariak, Zizurkilen legendarik ez zegoela esan zidan; ez zegoela pertsonaia ezagunik eta ea sortuko ote nukeen herriarekin lotutako ipuinik. Ideiari hainbat buelta eman nion eta Zizurkil Goiak ipuina sortzeko aukera gehiago ematen zidala jabetu nintzen. Atxulondoko burdinolari buruzko ipuina idaztea bururatu zitzaidan, Zizurkilgo beheko zatian Atxulondoko historia apenas ezagutzen zela iruditzen baitzitzaidan. Gainera atzera egiteko aukera eskaintzen zidan gai horrek, legenda kutsu handiagoa ematekoa.

Fikzioa eta errealitatearekin jolastu duzu ipuinean zehar…
Atxulondori buruzko datu gutxi dago gordeta, Aranzadi zientzia elkarteak Zizurkilgo historiari buruz kaleratu zituen hiru liburuetan biltzen da dagoena. Horietan hainbat data eta izen aipatzen dira eta kontuan hartu ditut ipuina osatzeko. Atxulondoko burdinola Gipuzkoako handiena izan zen eta hogei langiletik gora aritu zen lanean. Kontseju-etxearena zen burdinola eta liburuan agertzen den bezala, alokatu egiten zuten, urteko alokairua ordainduz. Anastasiori nik jarri diot izena baina, Joanes de Avendaño pertsonaia benetakoa da. Ipuinean sar nitzakeen datu errealak sartu egin ditut eta gainerakoak asmatu. Burdinolaren historia kontatzeko aprobetxatu dut ipuina. XV. mendetik XVI. mendera arte Europako burdin esportaziorik handienak Euskal Herritik egiten ziren. XVI. mendean behera etorri ziren, Europa mailan burdinola modernoagoak sortu zirelako.

Andrezketa, Areta, Nekola, Pagamendi… Zizurkil Goiko baserri-izen mordoa ekarri duzu…
Bertako jendea identifikatzeko, batez ere. Guraso eta aiton-amonek baserri-izenengatik identifikatzen dute jendea eta ohitura hori galtzen ari delako idatzi ditut izenak. Zizurkilgo baserririk zaharrenak aipatu ditut, burdinolaren garaian dagoeneko zutik zeudenak. Bestalde, baserrietako lan-tresnak ere aipatu ditut. Zizurkil Goian ezagunak badira ere, behean gehienek ez baitakite zer den gurdi-ardatza. Goiko mundu hori gerturatu nahi izan dut.

Aitona eta bilobaren arteko txangoaren bidez kontatu duzu istorioa…
Bat-batean burdinolaren istorioa azaltzen has banintekeen ere, aitzakia bilatu nahi izan nuen: aitonak bilobari kontatzen dion istorioaren bidez, ibilbidea egiten dute Atxulondora eta, modu horretara, gonbite bera luzatu nahi dut. Bidea oso gainetik azaldu dudan arren, ipuinak jendea Atxulondora joan eta hura ikusteko gonbitea egiten du. Leku polita da eta jende askok ez du ezagutzen.

Kontaketarekin batera, marrazkiek ere berebiziko indarra dute…
Lezoko Juan Luis Landak egin ditu marrazkiak. Ipuina edo istoriagatik baino gehiago, jendeak liburua marrazkiengandik eskuratu duela uste dut. Oso politak dira eta erakargarria da norberaren herria marrazkietan ikustea. Jendeari egungo herriari lotutako lehen bi irudiak gustatu zaizkio gehien.

Zer erakutsi dizu ipuina idazteak?
Atxulondoko historia ezagutzeko aukera eman dit. Nire kasa, ez nintzatekeen burdinola noiz sortu zen, nolakoa zen edo bere funtzionamendua aztertzen hasiko. Ipuinagatik ikasi dut antzina burdina nola egiten zuten. Bestalde, ipuinak Atxulondora itzultzeko aukera ere eman dit; idatzi aurretik behin bakarrik izan bainintzen bertan.

Nori zuzenduko zenioke liburua?
Idazten hasi nintzenean 9-12 urte bitarteko gazteei zuzentzea pentsatu nuen, gazteagoentzat agian astuna izan daiteke. Herriko erreferentzia ugari agertzen denez, helduentzat ere egokia da.

Beste ipuinik idazteko gogorik piztu al dizu azken olagizonak?
Gustura hartzen ditut proposamenak. Beste ipuin bat egiteko eskatuko balidate eta aukera izango banu, gustura emango nuke baiezkoa. Gogoko dut idaztea eta ipuinak sortzeko beti izaten dut burua martxan. Gustura egiten ditut horrelako lanak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!