Joseba Otaegi, lehen mailako aizkolari

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urt. 20a, 18:23

Abenduaren 28an, Arbizun lortu zuen Joseba Otaegi aizkolari zizurkildarrak aizkolarien lehen mailan lehiatzeko txartela

Hogei urte zituenean hasi zen aizkoran eta hogeita bost urterekin, lehen mailako aizkolaririk gazteena izango da.
Oso pozik dago Joseba Arbizun lortutakoarekin. “Egun borobila atera zitzaidan. Finalaurrekoetan seigarren postuan geratu nintzen, lehendabiziko seirak sartzen ziren finalean, beraz, justu-justuan lortu nuen finalerako txartela. Presiorik gabe joan nintzen Arbizura, nire lana lasai egitera. Hori abantaila handia izan zen. Urduri eta presiopean joaten bazara, lanean hasi aurretik ere nekea izaten duzu eta Arbizun, lasaitasunez aritzeak izugarri lagundu zidan. Gertatu izan zait, iazko Gipuzkoako txapelketan, esaterako, faborito gisa joan eta emaitza kaskarra lortzea. Horrek egur handi eman zidan”, azaldu du.
Hogei urterekin hasi zen Josefa aizkorarekin lehen saioak egiten: “Nire kasara hasi nintzen. Ahal nuen moduan ematen nion kolpea egurrari, indarrean. Lan motzetan aritzen nintzen garai hartan, urrezko aizkoran eta horrelakoetan. Duela bi urte Jesus Agite-rekin entrenatzen hasi nintzen eta ofizio handia hartu dut berarekin. Emaitza izugarriak lortu ditut berarekin hasi nintzenetik, lehendabiziko urtean hirugarren mailako txapeldun izan nintzen eta aurten bigarren mailako txapelketa irabaztea lortu dut”.

Kirol garestia
Batis Kortajarena zizurkildarrak laguntzen dio prestaketa fisikoan: “Gorputza indartzeko ariketak ondo etortzen dira, baina garrantzitsuena aizkoran aritzea da. Astean hiru entrenamendu saio egiten ditut. Normalean bi saio luze egiten ditut eta astean behin serie laburragoak egiten aritzen naiz. Egurra ekarri eta etxean bertan egiten ditut entrenamenduak. Horixe du txarra kirol honek, egurra garestia da eta diru asko gastatu beharra dago entrenamendu egokiak egiteko. Urteko 6000 euro inguru gastatzen dut egurretan”.
Apustuetan ibilitakoa da Otaegi gaztea. “2007ko abenduan jokatu nuen eta irabaztea lortu nuen. Momentuz ez dut buruan beste desafiorik, baina ez dut beste norbaitena hartzeko aukera alde batera uzten. Akordio batera iritsiz gero, apusturen bat egiteko aukera ez dut baztertu nahi. Datorren iraila arte ez da lehen mailako aizkolarien txapelketa izango eta gorputzaldi ona mantendu nahi izanez gero, entrenamenduak egin behar dira urte guztian zehar. Noski, tartean apusturen bat baduzu, errazago egiten dituzu”, azaldu du Josebak. “Jendeak ere gustura hartzen ditu apustuak. Txapelketako saioetara jende asko hurbiltzen da, baina apustuetan sortzen den giroa oso berezia da”, gaineratu du.

Aizkolari gazteak
Aizkoraren egoera osasuntsu ikusten du Josebak: “Gazte jendea indartsu datorrela ematen du. Hemezortzi urte inguruko bi edo hiru gazte badira oso maila ona ematen ari direnak. Gazte-gaztetatik hasi dira aizkoran eta oso ondo egiten dute. Hemendik hamar urtera txapelketa berrituak ikusiko ditugu, jende berria sartzen joango baita”, dio.
Ilusio handiarekin hartu du Josebak maila berrirako jauzia: “Ahalik eta prestakuntza hoberena egiten saiatuko naiz. Nazabal bezalako aizkolariak beste maila batean daude, baina maila ona emateko modua izatea ere, ez dut horren urruti ikusten eta horretan ahaleginduko naiz. Datorren urterako mailari eutsi nahiko nioke, nahiz eta badakidan zaila izango dela. Denboraldi bakoitzean bi igo eta bi jaisten dira, eta edonori egoki dakioke”. Ingurukoek ere ilusioz hartu dute Josebak lortutakoa: “Etxekoak gustura daude eta Jesus Agite ere pozik dago. Berarekin nabilen denboran oso emaitza onak lortu ditut eta horrek poza ematen dio berari ere. Erakutsitako guztia eskertu behar diot Agiteri”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!