Herria euskalduntzea helburu

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urt. 20a, 18:10
Euskara sustatzeko asmoz, Adunako Udala 1997ko azaroaren amaieran sartu zen Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean (UEMA).
UEMAren jardunbidea arautzen duten estatutuek diotenez, besteak beste, Udal partaideen administrazioetako barne jardueran nahiz udalerrietako arlo guztietan euskararen erabilera ahalbideratu eta bermatzea da helburu nagusia. 1997 urteaz geroztik, Adunari dagokion euskararen erabilera normalizatzeko plana landu da, Udalean euskararen erabilera indartu eta areagotzeko asmoz bai zerbitzu hizkuntza modura, bai lan hizkuntza modura, euskararen erabilera bermatu eta herritarren hizkuntz eskubideei erantzun ahal izateko.

Erabilera plana aurrera
2008ko abenduaren 23ko batzarrean Adunako Udalaren IV. plangintzarako Udal barruko euskararen erabilera plana onartu zen; egun lanpostu eta langileei lotuta dagoen egoera eta Adunako Udalak euskararen normalizazioan erabiliko dituen irizpideak zehazteko, hain zuzen ere. Adunako UEMAko ordezkari eta Udaleko zinegotzi Miren Aburuzak adierazi duenez, erabilera planaren bidez herria euskalduntzea lortu nahi dute, “Udalaren funtzionamendua nahiz herritarren erabilera % 100-a euskaraz izatea nahi dugu”. Zerbitzu hizkuntza euskara izatea dute helburu, bai ahozko nola idatzizko harremanetan. “Administrazioak herritarrekin dituen harreman mota guztietan ziurtatu beharko da lehentasunez eta nagusiki euskararen erabilera eta, Adunako Udalak, bere kabuz edota UEMAko beste Udalekin elkartuta, dagozkion neurriak hartuko ditu bere udalerri mugen baitan herritarrek gainerako administrazio publiko zein erakunde ofizialengandik jasotzen dituzten zerbitzuak –osasungintzakoak, hezkuntzakoak eta epaitegikoak, bereziki- euskaraz ere eman daitezela bermatzeko”.

Euskara, lan hizkuntzan
Lan hizkuntzan ere euskara nagusitzeko hainbat irizpide finkatu dute Adunako udaletxean eta, ahozko harremanetan esaterako, “telefonozko lehenengo hitza eta lan bileretako hizkuntza euskara izatea” lehenetsi dute. Idatzizko harremanetan, berriz, “Udaleko administrazio atal eta lanpostuetako dokumentazioa euskaraz sortuko da”. Udal langileei dagokienez, legeek arautzen dutenari jarraituz, aginduak, baimenak eta laguntzak emango dira langileek hizkuntz prestakuntza egokia lor dezaten. Aldi baterako langilerik kontratatu behar izanez gero, Udalak euskara gaitasuna eskatuko die. Gizarte zerbitzuetakoak ez diren beste diru-laguntzak esleitzerakoan, -kultura, kirola edo aisialdiari lotutakoak bereziki-, eskatzaileak eskaera egiterakoan bezala, zerbitzua eskaintzerakoan egiten duen euskararen erabilera kontuan hartuko dira.

Euskararen presentzia ziurtatu nahian
Administrazioaren irudia eta argitalpenak direla eta, Udalaren eta menpeko erakundeen idatzi guztiak euskaraz argitaratuko direla jasotzen du erabilera planak. Baita udalerrian zabaldu beharreko agiriak nahiz iragarpen ofizialekoak euskaraz argitaratzearekin batera, sortze hizkuntza euskara izango dela.  Era berean, arreta berezia jarriko zaio Udal agirietan hizkuntz kalitatea zaintzeari eta herritar guztien hizkuntz eskubideak errespetatzeari. Eta Udalaren izenean hitzaldi edota bestelako ekintzaren bat antolatzen denean, hizlaria euskalduna ez den kasuetan, laguntzailea behintzat euskalduna izatea eskatuko da, euskaldunen hizkuntz eskubideak ere errespeta daitezen. Bestalde, Udaleko kargu eta enplegatuek euskara erabili beharko dute udalerrian antola litezkeen ekitaldi publikoetan. Udal baimenak emateko garaian, hirigintza, azpiegitura, nahiz jaietako postuen kasuan, euskararen presentzia ziurtatzea eskatuko du Udalak.

Herri mailako ekintzak
Aurrerantzean herri mailan ekintzak antolatzeko asmoa erakutsi du Miren Aburuzak, “erabilera planarekin lotura izan dezaketen ekintzak antolatu nahi ditugu eta, besteak beste, euskara batzordea martxan jartzea gustatuko litzaiguke. Udaletxeko ordezkariak eta UEMAko teknikariaz gain, batzordean herritarrek parte hartzea ere gustatuko litzaiguke”. Euskararen alde lan egin nahi duen ororentzat ateak zabalik egongo direla gaineratu du Mirenek.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!