Lur-azpiko depositu misteriotsua

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urt. 7a, 18:36

Garai bateko Villabonako Subijana lantokiaren lurretan, Oria ibaiaren ertzean, arkuz osatutako ur depositua eraiki zen 1960ko hamarkadan, lur-azpian.

100 m2 inguru pasatxo neurtzen du luze-zabalean eta argamasarekin lotutako adreiluz egindako lau arku ilara ditu. Ilara bakoitzean, launa arku, ezker-eskuin. Barrura sartutakoan urteak atzera egitearen irudipena pizten da, freskura eta hezetasuna sumatzearekin batera. Iluntasunean oso-osorik eta txukun mantendu den txoko misteriotsua da.
Badirudi joan zen mendearen erdialdera, inguru honetan ere arazo handiak izaten zirela ur faltaren ondorioz eta, Subijana lantegiko arduradunek, ur depositua egitea erabaki zuten XX. mendearen erdian. Duela denbora gutxi etxebizitza berriak eraikitzen hasi direnean, askok ahaztuta eta gehienek inoiz ezagutu ez zuten ur-depositu zaharra agertu da bere txokoan, geldi. Antzina eraikitzen ziren aljibeen itxura aurkitu zaio arku egituragatik. Haatik, biztanleak ur edangarriz hornitzea baino, lanerako ura gordetzeko funtzioa betetzen zuen Subijanako ur-depositu edo aljibeak.

Aljibeak: ur edangarria ziurtatzeko
Antzina, erdi-arotik hasita, oso ohikoa zen ur edangarria izateko aljibeak edo arkuz osatutako ur-deposituak egitea. Kasurik gehienetan, euria erabiltzen zen aipatu deposituak urez betetzeko eta kanalizazioen bidez zabaltzen zen jasotako ur hori. Al-Andalusen garaian, esaterako, aljibe asko eraiki zuten: gaztelu eta gotorlekuen azpialdeetan bereziki, gerraren bat sortzen zenean, ura ziurtatuta izateko. Euskal Herrian eta Gipuzkoan ez dira gehiegi ezagutzen. Agian gertuen dagoena, Ulia mendiaren magalean, Donostiako biztanleak urez hornitzeko 1840 eta 1883 urteetan eraikitako Soroborda eta Buskando deposituak dira. Adituen hitzetan “altxor arkitektonikoak dira eta eraiki zituztenean bezalaxe mantentzen dira, egun eraikitako hainbat depositu baino egoera hobean”.

Mantendu eta eraberritzeko asmoa
Villabonako Udalak sorpresaz hartu du Subijana lantegiak aurrena eta Salvadorak gerora ura gordetzeko erabili zuten ur-deposituaren aurkikuntza. “Etxebizitza berriak egiten hasi direnean jakin dugu ur-deposituaren berri. Lur azpian dago, arkuz inguratuta. Orain hutsik badago ere, ura gordetzen zuten bertan. Leku polita da, kuriosoa. Herrikoa denez, mantendu egin nahi dugu”. Dirulaguntza txiki bat jaso du Udalak horretarako. “Mantentze edo eraberritze lanak egindakoan, erabileraren bat ematea gustatuko litzaiguke”, azaldu dute Maixabel Arrieta alkateak eta Julito Iturbe zinegotziak.

HERRITARREKIN SOLASEAN
Inaxio Zelarain eta Migel Torregarai Subijana lantegiko langileak izan ziren urte luzetan. Deposituaren nahiz lantegiaren inguruan hitz egin dute, gertutik gertura.

Inaxio Zelarain
31 urtez aritu zen Subijanan lanean


“Errekako urarekin, oihala leunago”

31 urte egin zituen Inaxiok Subijanan lanean. Tailerrean hasi zen aurrena, mekaniko bezala eta telareetara pasatu zen gero. Azken urtetan enkargatu izan zen. Aurretik, Andoaingo Sapan egin zuen lan.

Zalantzarik egin gabe, ur-depositua duela 45 bat urte egin zutela azaldu du Inaziok, herrian ur falta handia zegoelako, “urarekin arazo handia izaten zen orduan. Subijanan bertan ur asko behar izaten zen, oihal asko garbitzen baitzen eta orduan eta ur gehiagorekin garbitu orduan eta hobeto izaten zen. Errekako urarekin garbituta, oihala hobeto eta leunago geratzen zela esaten zuten arduradunek”. Deposituaren aurretik, bere gazte garaian egindako iturburua zegoela jakinarazi du. “Ez genekien nondik etortzen zen ura, baina Oria ibaira bi hodi handitan joaten zen ura erabat. Bilatzen hasi eta zulo handi bat egin zen bertako terrenoetan, atzealdean, oraingo kiroldegiaren inguruan. Uraren bonba jarri zen eta koloratzailea bota genuen ura nondik zetorren jakiteko. Modu horretan, Etxauntxiki baserriaren ondotik etortzen zela jakin genuen”. Edateko ur ona zela gogoratzen du Inaxiok, “udan freskoa etortzen zen gainera. Makina bat aldiz kankarroa bete eta handik edaten genuen”. Gerora, 1963 urtean ur-depositu berria egitea erabaki zuten lantegiko arduradunek, Oria ibaiaren alboan; “Villabonak eta Anoetak muga egiten duten Akulegi errekatik, hodi handi batean, hartu zen depositua betetzeko ura. Erreka horretatik ekartzen zen ur guztia. Ur hori aprobetxatzeko, bonba handi bat jarri zen; depositua hain behean zegoenez, bestela ez baitzen inora ailegatzen. Subijanan sekaderoa esaten genion gain hartan zegoen depositua eta bonbarekin haraino igo ondoren, tuboen bidez lantegi osoan nahi zen tokira zabaltzen zuten ura”.
Subijana lantegiko ardura kataluniarrek hartu zuten garaian egin zen ur-depositu berria. “Zeukaten urarekin ailegatzen ez zela ikusi zutenean, Mutra izeneko batek bideratu zuen lana. Pixkanaka hasi ziren eta halako batean depositua egitea lortu zuten. Ez zuten berehalakoan lortu, ez pentsa, baserritarrek beren lurretatik pasatzeko konformidadea eman behar zuten eta nahikoa oztopo izan zen”.

Depositua garbitzean, karramarro ugari
Inazio tailerrean nahiz telareetan lanean arituagatik, behin baino gehiagotan sartu zen algibera. “Gutxi edo gehiago, ur kolpea zenean, lokatza etorri egiten zen eta urtean behin, oporretan-edo garbitu egin behar izaten zen. Deskarga egiten zen tokia ireki eta garbitu egiten genuen. Karramarroak azaltzen ziren horrelakoetan, nonbait urarekin arketan sartzen ziren eta deposituan azaltzen ziren gero. Garbiketarako ez bazen, ez zen jenderik sartzen depositura; urez beteta egoten baitzen. Oporretan edo garbitzen zen garaian, hiru-lau mutil sartzen ginen. Garbiketa udan egiten zen beti, giro ona egiten zuenean”.
Kataluniarrak duela 50 urte inguru etorri ziren Subijanarenera. Bost urtera egin zuten ur-depositua, adreilu mazizoa erabiliz. “Lanen buru egiten zuena Murtziakoa zen baina Extremadurako talde batek egin zuen lana. Haiek ekarri zuten material berezia ere. Lan hori egiteko kontratatu zituzten Subijanan. Gauza handiak zirenean eta bertakoek egin ezin zituztenean, kanpotik ekartzen zituzten langileak”. Ur-depositua egun guztian zehar betetzen zela adierazi du eta ur gehiegi zetorrelako, gehiegi betetzen zenean, beste hodi bat zegoela deskarga egiteko, “urak alde egiteko”. Depositutik berehalaxe Oria ibaia zegoen, “alboan bi zuhaitz handi zituen, bi ezkai handi”. Subijana itxi eta gero, hodiak luzatu eta Salvadorak hartu zuen ur hori, “papertegiak ere ur asko behar zuelako eta gero eta ur gutxiago zegoelako”.
Inaziok etxebizitza berrien eraikuntzarekin, depositua botata egongo zela uste zuen, “poza ematen dit mantenduko dela jakiteak”.

Migel Torregarai,
estanpatzaile lanetan


"Harri-piloa eta adreilu mazizoa ekarri zutela gogoan dut”

Salvadoran bost urte egin eta gero hasi zen Legarreta auzoko Migel Torregarai Subijanan lanean. 25 urtez aritu zen; oihalak egiten aurrena, estanpatzen gero.

Oihalak estanpatzeko ur asko behar izaten zen, “batik bat, pieza asko garbitu behar izaten zelako. Oihal asko garbituta etortzen zen, baina beste asko hemen garbitzen genuen; hango ura baino hemengoa hobea zela uste baitzuten nagusiek”. Estanpazio lana eskuz egiten zuten hasieran, “34-35 metroko mahaietan aritzen ginen lanean, moldeen bidez lerroetan ibilbidea eginez. Kataluniarrak sartu zirenean ekarri zituzten makina berriak. Haiek etorri zirenean egin zen ur depositua ere, duela 45 bat urte. Ez nintzen sekula deposituan sartu baina zimenduak ikusi nituen eta handia zela gogoratzen dut. Guk bertan bildutako ura erabiltzen genuen. Gu gure postuan aritzen ginen lanean eta deposituaren gaiak ez zigun horrenbesteko interesik pizten. Baina harri-piloa eta adreilu mazizoa ekarri zutela gogoan dut”. Ura Anoeta eta Villabonarekin muga egiten duen Akulegi errekatik hartu zela esatearekin batera, nondik pasatzen zen ere aipatu du. “Garai hartan maizterrak ginen baina, gure etxekoandrearen terrenoetatik pasatzen zen ura. Orain alferrik galtzen da ur hori, seguru. Han ez dator urik. Arketa han dago baina gainetik lurra ere bai. Oraindik ere Sacemgo zubiaren azpian, goiari lotuta, itsatsita dago depositura ura ekartzeko jarri zen hodia. Bidez bide, herri-bidean, han pasa zuten tuberia”.
Poza hartu du Migelek depositua bota ez dutela jakitean. Ubare auzoko labaderoarekin gauza bera gertatu ez izanak pena eman dio, “lehengo Ubare baserriaren atarian, egungo Ubare auzoan, labaderoa zegoen erreka jotzen zuela. Lehengo batean ere begira pasatu nintzen eta ez nuen ikusi. Oraingo obra honen ondorioz bota egin dutela uste dut eta hori ez dago ondo egina”.

Oihal estanpatua modan
Subijana zabaldu zutenean, estanpatzen hasi aurretik, oihala egiten zuten bertan. “Ni Subijanan hasi nintzenean oihala egiten zen; maona, oso oihal ona”. Gerora, egindako oihala jaso eta estanpatzeari lotu zitzaizkion. “Orduko moda estanpatua zen eta arropak egiteko erabiltzen zen. Oihalak pikoak edo mantxa txikiak zituenean, garbitzera bidaltzen genituen. Emakumeak errepasatzen aritzen ziren. Ni Tolosako erakusleiho batean begira egon izan nintzen eta Subijanarenean egindako oihal txarrena baino zikinagoa erakusgai jarrita ikusi izan nuen. Seguru hura ez zela hemendik eramandako oihala. Enkargatuari esan nion halako lekutara joan eta halako erakusleihotan begiratzeko, zein oihal eta zein estanpazio zegoen ikusteko. Joan eta begira egon zen. Hemen garbitu egiten zen oihala baina, beste leku batzuetatik batere garbitu gabe ekartzen zuten eta dendariak ere ez zuen jakiten nola behar zuen. Saldu egiten zuten bere horretan”. Estanpazioan irudi ezberdinak egiten zituzten. “Denetik egiten genuen; loreak asko. Bostetik zortzi kolore bitartean erabiltzen genituen gehienetan. Hemezortzi kolorekoa ere bazen. Gero, Bartzelona aldera bidaltzen genuen oihalik gehiena. Handik eskatzen zutena egiten genuen”. Lan konplikatua zela azaldu du Migelek, “Oihala estanpatzeko, nibel-nibeleko mahaia behar zen. Mahaiaren gainean manta jarri eta haren gainean oihal finagoa jartzen zen. Azken oihal horren gainean estanpatu behar izaten zen oihala, gainaldetik”. Estanpatu beharreko oihala zuri-zuria izaten zen eta lodiera ezberdinekoak egiten zituzten. “80, 85, 90 eta 95eko piezak ekartzen ziren. Hortik aurrera konplikatuagoa zen. Moldearen bidez aritzen ginen ttaka-ttaka-ttaka. Gero makinen bidez. Eta ez pentsa errazagoa zenik makinarekin egitea: deskuido txikiarekin izugarrizko oihal piloa alferrik galtzen baitzen makinarekin. Eskuz 20 edo 30 metro galtzen baziren, makinaz erraz gal zitezkeen 100 edo 200 metro. Oso argi aritu behar zen”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!