Berdintasuna, gizonen ardura

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urt. 7a, 18:28

Gizonen tailerrak gidatzen ditu Ibon Arrizabalagak, orain gutxi arte Sorabillan bizitu den gazteak. Berdintasunaren alde, gizonekin dihardu herriz herri.

Nahiko berritzaileak dira gizontasunari buruzko mintegiak...
Euskal Herrian 20 urte darama gizon taldeen mugimenduak. Nik orain 10 urte ezagutu nuen; “hau egin behar dugu” pentsatu nuen hasieratik eta orduz geroztik, tailerrak-eta hedatzen saiatu naiz. Oraintxe, Hernanin, Zarautzen, Ermuan eta Getxon taldeak gidatzen ditut. Ikastetxeetan, berriz, bortizkeriaren prebentzioa, sexualitatea, tratu onen sustapena…, eta antzeko gaiak jorratzen ditut.

Zertan saiatzen zara gizonen tailerretan?
Gizartean ez daukagun giroa sortzen. Izan ere, gizonak beti erakutsi behar du ziur dabilenaren itxura eta dena dakienarena. Ahul agertuz gero, “jipoitua” izateko arriskua dauka. Inork inori hitza kendu gabe, hausnarketa saioetan murgiltzen gara saio horietan. Kontua ez da garaile irtetea, jendea askatzea eta guztion arteko elkarrizketari bide ematea baizik.

Kontzientziatua izango da aldez aurretik, tailer horietara doana…
Denetik etortzen da. Bada feminismoaren kontra dagoena, aurrerapen guztiak Francoren heriotzak edo demokraziak ekarri dituztela uste duena.
Etortzen da, halaber, helduarora sexismoan sinetsi gabe iritsi den arren, oraindik lan asko egiteko daukala pentsatzen duena; izan ere, den-denok daukagu betiko roletatik askatzeko beharra. Emakumeen aliatuak izan behar gara. Haiek aspaldi hasi ziren bidea egiten. Guk gurea ez badugu egiten, jai dugu.

Gizonak maiz egiten dio muzin rol aldaketari, gizarteko “pribilegiatua” den heinean...
Noski, denoi kostatzen zaigu nagiak astintzea. Hala ere, diskurtsoz aldatu beharko genuke, eta pribilegioak ez baizik eta berdintasunak ekar ditzazkeen abantailak azpimarratu beharko genituzke. Ni neu izan banaiteke, eta ez gizon bat, bada horrek animatu egin behar ninduke. Konparazio erraz bat jartzeagatik: denoi kostatzen zaigu sofatik altxatzea; dena den, ze gaizki sentitzen garen eserita gaudela, beste zerbait egiten egon behar genukeela pentsatzen dugunean! Halakoetan, jaiki eta buruan dabilkizun hori egiten baduzu, bai ederki sentitzen zaren zeure buruarekin!

Emakumeen hilketek maizegi eskuratu dituzte prentsa titularrak…
Sexu indarkeriaren muturra dira. Emakumeak bortizkeri egoerari aurre egiten dionean gertatzen dira; menpekotasuna onartzen duen bitartean, egunero jasoko du bortizkeri dosia, baina ez da heriotzarik gertatuko; hots, ez da titularretan agertuko.
Bortizkeri kasuak igotzen ari dira komunikabideetan, eta horrek esan nahi du gero eta emakume gehiagok esaten dutela kito, eta aldi berean, gizarte honek ez duela asmatu emakume horiei nola babestu. Hala ere, ez dut uste erailketak direnik bortizkeria guztiaren neurgailu.

Zein izan liteke, bada, bortizkeriaren neurgailu?
Jaisten ari den ala ez, ez dakit zer esan… Dakidana da, belaunalditik belaunaldira jaso duguna baino gutxiago ari garela igortzen. Gure gurasoek kolpeka ikasi zuten eta gure belaunaldiak ez, adibidez.
Nolanahi ere, bortizkeria oso modu estrukturalean ematen ari da gaur egun; gero eta gehiago dira bidegabekeriak. Ongizateko gizartea deitzen diogun honetan, nork bereagatik borrokatzen du; horrela, bortizkeria harreman pertsonaletan ere igartzen da. Mundu mailan ere zer gertatzen da? Gu ondo bizitzeak jendea gosez hiltzea duela oinarri, non eta denentzako janari faltarik ez daukan munduan.

Nola ikusten duzu Gizonduz ekimena, berdintasunaren aldeko euskal gizonen karta, Andoainen ere egin dena?

Interesgarria da, erakundeetatik datorren ia guztiaren aje eta ponpoxokeria eduki arren. Azken batean, komunikabideetan agertzen ez den beste errealitatea bistaratu nahi du: bortizkeriaren kontra egonik, egoera aldatu nahi duten eta horretarako konpromisoak publikoki hartzen dituzten gizon gehienen eredua.

Zer da Gizon Sarea?
Berdintasunaren aldeko gizonen topagune irekia da (gizonsare.wordpress.com). Gizonek esateko daukatena kalean agertaraztea nahi genuke. Poliki-poliki, bi urte daramagu herriz herri gure mezua zabaltzen, dekalogoa zabaltzen…
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!