Urteberriari ongietorri jendetsua Adarran

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urt. 7a, 18:26

2000 lagunetik gora bildu zen Adarra mendiko zelaietan urtarrilaren 1ean, inoizko marka guztiak hautsiz.

Euskalduna mendigoizale taldeari egotzi behar zaio, zati handi batean, arrakasta hori. Urte berria nonahi hasi liteke kirola eta naturarekin bat eginez, baina soilik Adarran salda beroa hartuz. Eta detaile hori biziki estimatzen du jendeak.
 Alejandro Gonzalez da salda beroaren ekimenaren arima. “Orain 36 bat urte hasi ginen Euskaldunakoak saldarena egiten. Azpiegitura (sukaldea, butanoa…) hilaren 26an hasita igotzen dut nik, egunero zerbait. 31n, berriz, sei bat lagunen artean geratzen dena -ura eta salda- bidoietan igotzen da”.
845 metroraino oinez igotzen den guztia zehazteko eskatu zaionean, kilotan erantzuten du: “400 kilo izango dira guztira. 215 litro dira ura eta saldetan, eta materialak osatzen du gainerakoa”.
Urtarrilaren 1eko goizaldean ia jende guztia  Urteberria ospatzen ari den bitartean, Alejandro eta beste sei-zortzi bat lagun lanean aritzen dira: “Goizeko 03:00etan hasten gara: kanpina zutitu, sukaldeak martxan jarri… 05:30etarako dena prest utzi eta gero, etxafuegoa bota eta argazkia ateratzen dugu. Aurten, dena utzi eta korrika lantegira joan behar izan dut, goizeko erreleboarekin kunplitzera”.
Ahalegin horrek guztiak benetan merezi duela aipatzen du Gonzalezek: “Ikusteak merezi du. Jende adinduak-eta zein gustura hartzen duen salda, maldan gora leher eginda gero”. Maria Luisa Etxeberriak saldaren banaketan jardun zuen, Euskaldunaren kanpin denda mitikoan. 1200 bat edalontzi kontsumitu zirela adierazi du. “Baina ezin gara baliatu zenbaki horrekin, jende kopurua zehazteko. Askok ez baitu saldarik hartzen”.
Adarra igotzen diren lagunei begira jarrita, Maria Luisari errealitate pozgarri batek eman dio arreta azken urteetan: “Gazte jendea ugari batu da Adarrako ohiturara. Baina ez garai batean bezala, gau pasa eginda eta kaleko oinetakoak jantzita, mendizalez jantzita baizik”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!