Emakumeen eskubideen alde lanean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urt. 7a, 18:14

Joan zen abenduaren 20an, Irrintzi Saria eskaini zion Irrintzi elkarteak Urteko Villabonatarrari. Hutsunea Betez emakume taldea izan zen lehen edizioko saritua.

Duela hilabete pasatxo Irrintzi elkarteko hainbat kideren arteko elkarrizketa batean sortu zen saria emateko ideia, “konturatu ginen gure herriaren alde lana egiten dutenak saritzeko ez zegoela inolako espaziorik. Horregatik, askotan isila eta denboran errotuta dagoen lan hori nolabait saritzea erabaki genuen; nolabait, errekonozimendu xume bat eskaintzea”.
Irrintzi elkarteko kideen asmoa sariaren edukia urtetik urtera zabaltzea da, erreferentzia bihurtzea herrian. Saritua, pertsona bat edo taldea izan daitekeela adierazi zuten, urte horretan zehar egindako lanagatik nabarmendutako norbait edo bere bizitzan zehar herriaren aldeko lan eskerga egindako norbait. “Irrintzi Sariaren bidez lan hori aitortu nahi dugu eta lan horren anplifikadore izan. Orain arte aitorpen espazio hori bete gabe zegoen. Hutsunea zegoen eta bete nahi izan dugu”.

Kontzientziak piztuz
Hutsunea Betez emakume taldeak herrian zegoen hutsunea bete duela azaldu zuen Imanol Rodriguez elkarteko kide eta sariaren antolatzaileetako batek. “Kontzientziak piztea ez da batere lan erraza gaur egungo gure gizarte indibidualista honetan. Gure ustez, Hutsunea Betez taldeak helburu hori bete du. Emakumearen diskriminazioa arlo askotan ikus dezakegu: soldatetan dagoen ezberdintasunean, publizitatean emakumearen erabileran objektu sexual bezala, etxeko lanak ez elkarbanatzean, emakumearen aurkako indarkerian eta beste hainbat arlotan. Egoera horren salaketa publikoa egiten duen eta egoera horietan bizi diren emakumeei laguntza ematen dien talde bat egotea erabat funtsezkoa iruditzen zaigu”. 2008 urtean,  Hutsunea Betez taldeak berdintasun bilaketa horretan oso lan polita, interesagarria eta emankorra egin duela iritzi diote Irrintziko kideek, haziak erein dituztela eta fruituak ikusten hasi direla. “Lan hori aitortu egin nahi dugu eta ahal badugu, bultzada txiki eta apala eman. Hutsuneak betetzeagatik, 2008 urteko Irrintzi Saria merezimendu osoz zuentzat da”. Peti Alvarez-ek jaso zuen egun horretarako elkartekideek prestatutako oroigarria Imanol Rodriguezen eskutik, gerturatutakoen txalo artean.

Esker oneko eta pozik
Hutsunea Betez emakume taldea oso pozik agertu zen saria jaso ostean. Peti Alvarez-ek berak hartu zuen hitza gainerako taldekideen izenean, “poz handia eman digu saria jasotzeak eta lehenengo ediziorako aukeratuak izan garela jakiteak. Sariak lanean aurrera jarraitzeko indarra ematen digu. Gure beharrak lantzeko espazioa behar dugu eta emakume nahiz gizon, guztiei egiten diegu gurekin parte hartzeko deia”.
Irrintzi elkarteari eskerrak eman zizkioten herrian horrenbeste ekintza antolatzeagatik, “Villabonako labela izateagatik”. Bihotzez eskerrak emanda amaitu zuen Petik. Ekitaldiaren ondoren, Irrintziko kideek prestatutako bazkaria izan zen elkartean.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!