Euskadi Gaztea Maketa Lehiaketan Lain taldea garaile

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urt. 7a, 18:11

Abenduaren amaieran jakinarazi zenez, Lain musika taldea izan da 2008 urteko Euskadi Gaztea Maketa Lehiaketako irabazlea.

Imanol Urkola, Kristina Aranzabe eta Jabi Ribero villabonatarrek, Leire Berasaluze adunarrak eta Ibarrako Jon Altunak osatutako Lain musika taldeak irabazi du Euskadi Gazteako XVIII. Maketa Lehiaketa. 5000 euroko saria, bideo-kliparen grabazioa eta Bilbao BBK Live jaialdian jotzeko aukera eskuratu dute musikari gazteek. Kristinak adierazi duenez, saria jasotzea sorpresa izugarri handia izan da taldekide guztientzat, “Leirek aurkeztu zuen maketa lehiaketara eta gainerako taldekideok ez genekien ezer. Izugarrizko sorpresa izan da eta oso pozik gaude”. Oraingoz, bi kontzertu eskainiko dituzte urtarrilean zehar eta otsailean etena egingo dute, “aurrera begira ere kontzertu gehiagoren eskaera izango dugunez, ondo entseiatu nahi dugu orain”. Euren kantu guztiekin maketa osatzen ari dira taldekideak. Zorionak!
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!