Alpeetako argiekin jolasean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko urt. 7a, 18:00

Urtarrilaren 22tik otsailaren 1a arte, “Alpeetako argiekin jolastuz” argazki erakusketa ikusgai izango da Amasako Kultur Etxean. 

Erakusketak, Egoitz Bengoetxea amasarrak eta Gorka Lopez zizurkildarrak joan zen udan Alpeetara egindako irteeran ateratako argazkiak biltzen ditu. 2006 urtean Egoitz beste lagun batekin batera joan zen Alpeetara. 2008 urteko udan, berriz, Egoitz, Gorka eta beste bi lagun. “Bi urte horietan ateratako argazkietatik hobentxoenak edo ikusgarrienak aukeratu ditugu erakusketan jartzeko. Berrogei bat argazki, paisaiak guztiak”. Erakusketa inauguratzen den egunerako, aurkezpen gisa, emanaldi laburra prestatu dute eta erakusketako argazkiak ez ezik, gehiago ikusteko aukera ere izango da.

Mont Blanc-era
Joan zen abuztuan Alpeetara joandako laukoteak, beste hainbat mendirekin batera, Mont Blanc igotzea zuen helburu. “Gehienontzat lehenengo aldia zen, baina ez genuen mendi baxuena aukeratu. Aurrez beste mendi batzuetan pixka bat egokitu eta gero, Mont Blanc egitea zen gure asmoa”. Eguraldiak atzera egitera behartu zituen, ordea. “Izugarrizko haize zakarra atera zuen egun hartan eta gailurrera iristeko oso gutxi geratzen zitzaigunean, arriskua ikusita, buelta ematea erabaki genuen badaezpada”. Alpeetakoa oso esperientzia ona izan zen mendizale gazteentzat eta aurrera begira, buruan badituzte asmo gehiago ere. “Besteak beste, Peruko Mendilerro Zuria egitea gustatuko litzaiguke. Baita Cervino igotzea ere”. Egoitz nahiz Gorka urte guztian zehar ibiltzen dira mendian eta neguan, mendiko eskia ere lantzen dute.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!